Perigord: Dordoina ibaiaren ertzean

Erdi aroko herriak, gazteluak, paraje ederrak eta gastronomia, horiek dira Perigord lurraldeak eskaintzen dituen aukeretako batzuk. Gure ustez Frantziako zonalderik ederrenetakoa den honetara abiatu gara, Dordoina ibaiaren ertzetik, sei eguneko bidaian. Zatozte gurekin, merezi du eta!!

Perigordi buruz:

Perigord Okzitaniako lurralde historikoa da, Dordoinako departamenduan kokatua. Herrialde zabala da, eta lau eskualde edo koloretan dago banatuta, bakotza bere ezaugarri propioekin:

  • Perigord berdea Barntome hiritik iparraldera kokatzen da, eta bere baso zabalengatik da ezaguna.
  • Perigord zuria, Perigeux hiriak eta L’Isle ibaiak osatzen duten aranari deitzen diote, bertan hain ugaria den kare-harriari esker.
  • Perigord gorrindola hegoaldean dago, eta Bergerac eta Dordoina ibaiaren inguruko mahastiek eta ardoak ematen diote izena.
  • Perigord beltza, gorriaren jarraipena da, Dordoina ibaiak bustitzen baititu biak. Baso itxien eta boilur edo trufaren kolorea hartzen du.

Gure ibilbidea:

Perigord osoa behar bezala ezagutzeko, hilabete beharko genuke; horregatik, Frantziako herririk ederrenetako asko biltzen dituen zonalde bat aukeratu dugu, Dordoina ibaiaren ibilbidea jarraituz, Bergerac eta Sarlat hirien artean, Perigord gorrian eta beltzean barrena.


Gastronomia:

Ahatekia da Dordoinako jakirik ezagunena.

Dordoina, ahatekien, boilurren eta ardoaren lurraldea da. Ahateak eta antzarak garrantzia handia dute bertako gastronomian, eta beste inon ez bezala prestatzen dute! Foie edo gibelaz gain, ahatearen magreta eta eta konfita oso preziatuak dira hemen.

Boilurrak (edo trufak) ere ugariak dira lurralde honetan, eta ‘diamante beltza’ deitzen diote. Txerriak erabiltzen dituzte lurpeko jaki preziatu hauek bilatzeko. Hainbat saltsa eta osagarritan erabiltzen dituzte; guk arraultze nahasiekin probatu dugu eta ederra zegoen!

Frantzia osoan bezala, gaztak ere badu bere tokia eta Cabecou izeneko ahuntz gazta egiten dute bertan. Eta nola ez, ardoa! Bergerac inguruan, 10 jatorri izendapen daude! Monbazillac, Bergerac, Saussignac, Rosette edota Montravel dira horietako batzuk.

Horiek guztiak ezagutzeko, herririk gehienetan egiten dituzten merkatu eta azoketara joatea gomendatzen dizuegu, produktua bertatik bertara ikusi, usaindu eta askotan probatzeko aukera ere ematen baitute!


Bergerac

Cyrano de Bergerac poeta eta pentsalari ezagunari izena ematen dion herrira iritsi gara. Dordoina ibaiaren ertzean kokatuta dago, eta handik abiatuko dugu Perigorden barrena egingo dugun sei eguneko bidaia. Perigord gorrindako hiri nagusia bada ere, kasik herri bat dela esan liteke; 27.000 biztanle ditu eta bere kaleetan lasaitasuna da nagusi.

Erdi aroko egitura eta hainbat etxe mantentzen ditu bere alde zaharrean; Mirpe eta Pelissiere plazak dira horren lekuko. bietan ere, Cyranoren estatua bana aurkitu dugu. Saint Jaques eliza, merkatua eta Maison des Vins dira bisitatu beharreko lekuetako batzuk.

Ibaiari estuki lotutako herria da, eta portu bat bailitzan, Dordoinan barrena ibiltzen diren bisitarientzako ontziak ditu ibarrean. Uda garaian, kontzertuak ere egiten dituzte portuan bertan.


Limeuil

Dordoina ibaiari jarraituz, Bergeracetik 45 minutuan iritsi gara Limeuilera. Vezere errekak Dordoinarekin bat egiten duen tokian dago kokatua. Frantziako herririk ederrenen zerrendan dago eta benetan merezi du goiz edo arratsalde bat eskaintzeak, zinez leku ederra eta lasaia baita.

San Martin kapera eta Santa Katalina eliza, herriaren gainkaldeko jardinak (ordaindu egin behar da sarrera) eta erreka ingurua dira bere eskaintza nagusiak, baina dudarik gabe, bere kale aldapatsuetan pasiatu eta etxeak eta kale-zirriztuak ikusten gozatu dugu gehien. Herriaren behekaldean, beirazko ontziak egiten dituen artisau bikote bat ere ikusi dugu lanean.

Lagun batek gomendatuta (eskerrik asko Iker), errekaz bestalde dagoen kanpinean pasa dugu gaua. Le port de Limeuil du izena, eta inoiz ezagutu dugun kanpinik ederrenetakoa da (32 euro ordaindu

dugu), gustu handiz jarria eta zaindua, ibaiaren ondoan, igerilekuarekin eta belardi zabalekin. Bertako jatetxean afaldu dugu.


Belves

Herririk ederrenen zerrendari tiraka, Belves dugu hurrengo geltokia. XI. mendean sortutako herria da, ‘7 dorreak’ bezala ere ezaguna. Muino baten gainean eraikita dago, eta bere herriguneak erdi aroko izaerari eusten dio.

Herriak gaztelua eta XIV. mendeko eliza ditu. Baina bere ezaugarri nagusietako bat, plazako estalpea da, hura ere, XIV. mendekoa. Egurrezko 23 zutoinen gainean eraikita dago, eta azoka bertan egiten dute larunbatero.

Lotara baserrira:

Lotarako tokia bilatzeko garaian, formula berezi bat probatu dugu, guretzako ere berria zena: France Passion txartela. Herrialde horretako baserri, ardandegi eta bestelako ekoizleen lurretan lo egiteko aukera ematen du. Denboraldiko txartelak 30 euro inguru balio du, eta egonaldiako doakoak dira; hori bai, ekoizleei beraien produkturen bat erostea gomendatzen da.


Beynac et Cazenac

Biharamunean lainotuta esnatu da zerua, eta eskertu ere egin dugu, beroak tregoa txiki bat eman digulako. Belvesetik gertu dagoen Beynac et Cazenac herrira etorri gara. Ikusgarria da, hurrundik ikusten baitira muinoaren gaineko gaztelua eta eliza. 

Erdi aroko herria da, XII. mendeko gazteluaren inguruan eraikia. Bitan zatituta dagoela esan liteke, goiko zatia, zaharrena, eta behekoa, dendak eta jatetxeak daudena. Gaztelurako aldapa igotzean, herria aldatu egiten da, eta denborak atzera egin duela dirudi. Gaztelua eta haren ingurua, ikusgarriak dira. Gazteluaren patiorako sarrera irekia da, eta merezi izan du.

Gaztelutik, Dordoina ibaiaren eta haranaren bista ikusgarriak daude. Atzera herriaren beheko partera jaitsi eta zerbait hartu dugu erreka ondoan.


Castelnaud la Chapelle

Beynac-ekin antzekotasun ugari dituen herria da Castelnaud la Chapelle. Hau ere XII. mendeko gaztelu baten inguruan eraiki zuten, muino baten gainean, eta herriak goiko zatia, zaharragoa, eta erreka ondokoa, berriagoa ditu.

Gazteluak duen sendo itxura ez da alperrikakoa. Izan ere, hainbat gerrateren lekuko izan da; 100 urteen gerra, erlijio gerrak, eta Frantziako Iraultza, besteak beste.

Herriaren behekaldean nahiz goiko aparkalekuan utzi daiteke furgoneta; goikoan, autokarabana ugari ikusi ditugu, gainera. Herria ederra da benetan, eta gaztelu barrura sartu ez bagara ere (10 euro balio du sarrerak), gozatu egin dugu bertako kaleetan. Aurreko herrietan baino turismo gehiago somatu dugu.

Herriaren behekaldera jaitsi eta bertako jatetxe batean bazkaldu dugu; nola ez, hemen ere ahatekiak dira nagusi. Aukeran jende gehiegi ibili arren, gustatu zaigu bisita.


La Roque Gageac

Perigordeko sinbolo eta irudirik ezagunenetako bat da La Roque Gageac herriarena. Agian lurralde historiko honen ezaugarri guztiak biltzen dituelako bere baitan. Dordoina ibaiaren ondoan dago, harrizko etxe ederrak eta gaztelua ditu, eta izenak dioen moduan, arroka baten babesean eraikita dago.

Etxeak aldapan eraikita daude, bata bestearen gainean baleude bezala, eta kale estu eta aldapatsuez lotuta. Gainkaldean, harkaitzean dagoenkobazulo batean eraikitako harresi trogloditak daude, 40 metroko altueran; horra igotzean duen arriskua dela eta, ezin dira bisitatu.

La Roque Gageac herri garrantzitsua izan zen Erdi Aroan, eta hainbat aberatsek harresitutako etxeak egin zituzten bertan, gerrateetatik eta erasoetatik babesteko. Eliza eta Dordoina ibaiaren gaineko begiratokia eta Malartrie gaztelua dira puntu esanguratsuenetako batzuk.

Errekak ere garrantzia handia izan du herriaren garapenean; arrantzatik bizi izan dira bertako biztanleak mendeetan zehar. Gaur egun, turistentzako ontzi edo gabarrak dira nagusi.

Herriaren bukaeran aparkaleku handi bat dago, eta bertan, furgoneta eta autokarabanentzako gordetako gune bat. Bertan egin dugu lo.


Sarlat-la-Canéda

Sarlatera iritsi aurretik, Domme herria ikusteko asmoa genuen, baina aparkalekua jendez gainezka dagoenez, eta herriak sarbide txarra zuela ikusita, aurrera jarraitzea erabaki dugu. Hala iritsi gara Sarlat-la-Canédara; Perigord Beltzeko hiriburua bada ere, 10.000 biztanleko herria da.

Ville d’Art et d’Histoire (Arte eta historiaren hiria) bezala sailkatuta dago, eta ez gaitu harritu, bere herriguneak garai bateko arkitektura mantentzen jakin baitu. Metro koadroko monumentu historiko gehien dituen hirietako bat ere bada. kaleetan, hainbat film ezagun errodatu dira; D’Artagnan, Chocolat, Jeanne d’Arc eta Les Visiteurs dira horietako batzuk.

Larunbat goiza da, merkatu eguna, eta jendez beteta dago herrigunea, baina merezi du, kolore eta usain bereziekin gozatzeko aukera ematen baitu feriak. Herrigunean, katedrala, Manoir de Gisson eta Boetié etxeak dira bisitatu beharretako batzuk. Merkatu estalia ere badu, kuriosoa, garai bateko eliza batean kokatuta baitago. Kaleko animazio ugari du eta urtean zehar, hainbat jaialdia eta festa egiten dituzte bertan.


Rocamadour

Lot bailarako herria bada ere, kasik muga egiten du Perigord beltzarekin, eta hain gertu egonda, hainbeste argazkitan ikusi dugun Rocamadour herria ikustera gerturatu gara. Leku harrigarria da, izan ere, herria harkaitzean bertan eraikita dagoela dirudi.

Peregrinazio lekua da Rocamadour. Herriaren goikaldean dagoen Notre-Damme elizan (216 eskailera igo behar dira), ‘Amabirjina Beltza’ deitzen dutenaren irudia dago, XII. mendekoa, baita herriari izena ematen dion San Amadorren hilobia ere. Saint-Sauveur basilika eta Saint-Michell kapera eta gotzaindegia dira beste eraikin interesgarri batzuk.

Herriaren behekaldean aparkaleku handi batzuk ditu. Handik herrigune historikora, oinez edo txu-txu trenean igo behar da. Goiz joatea komeni da, jende ilara handiak sortzen baitira bestela. Kontuan izan Mont Saint-Michelen ondoren, Frantziako lekurik bisitatuena dela. Eguerdi partean pilatzen da jendetzarik handiena kalean, eta kosta egin zaigu bazkaltzeko tokia bilatzea.


Ile de Ré (Re uhartea) aurrena, Loirako gazteluak ondoren, eta azkenik Perigord bisitatuta, bukatu da Frantzian barrena egin dugun 18 eguneko bidaia. Bero itogarria egin badu ere, leku ederrak ezagutu ditugu, eta aurreko bidaia batzuetan gertatu zaigun bezala, Frantzia gehiago ezagutzen jarraitzeko gogoz bueltatu gara. 

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude