Ardoaren ibilbidea: Haro eta Arabar Errioxa
Arabak eta Errioxak muga egiten duten tokian dago mahastirik onenak hazten diren eremua. Duela gutxira arte lur horiek erein eta mahatsa jasotzetik bizi ziren herri horiek ordea, ehunka bisitari hartzen dituzte orain, enoturismoak izan duen gorakadari esker. Izan ere, ezagutzea merezi duen tokia da, izan ardo zale handia edo hasiberria; halaxe gara gu. Hurrengo lerroetan, asteburu pasako plan bat proposatzen dizuegu, Arabako nahiz Errioxako hainbat herri eta upategitan barrena.
Gure bidaia Haron hasiko dugu, edo beraiek deitzen duten bezala, “Errioxa ardoaren hiriburuan”. Haroko kanpinean gelditzea erabaki dugu, baina gaua bere kasa pasa nahi duenak, badu horretarako aukera, tren geltokitik eta upategietatik gertu dagoen parkingean.
Merezi du inguru horretako upategi dotoreak ikusiz paseo bat emateak. Horietako batzuk dira Muga, CVNE, Roda, Villa Tondonia edota Ibaiondo. Guk upategi txikiago bat aukeratu genuen, Gomez Cruzado, Haroko zaharrenetako bat. Bisitaz gain, bertako lau ardo probatzeko aukera eman ziguten, kata txiki batean.
Bisitaren ondoren, herrira joan ginen. Gertu dago, eta apenas 5 minutuan iristen da oinez. Bakearen plazatik (Plaza de la Paz), La Herradura kale ezagunean sartuko gara. Taberna eta poteo gunea da, eta sarreran dagoen horma irudiak, gehiegi edatearen arriskuez ohartarazten gaitu. Edatekoaz gain, pintxo ederrak jateko aukera ere badago, eta oso giro ona egoten da, batez ere eguerdian eta iluntze partean.
Gaua kanpingean pasa ondoren, Araber Errioxara pasa gara. Konturatuko zareten moduan, bailara honetako mugak oso bihurriak dira, eta askotan ez dakizu alde batean edo bestean zauden ere. Furgonetarekin buelta bat emanez, inguruko hainbat upategi ikusi ditugu. Azken aldian, egiten duten ardoagatik ez ezik, beraien eraikinen arkitekturagatik ezagun egin dira hainbat etxe, hala nola: Santiago Calatracak diseinatutako Ysios (Guardia), Frank Gehry-k egindako Marqués de Riscal (Eltziego) edota Baigorri upategia (Samaniego), Iñaki Azpiazu artiketkoak diseinatua.
Guardia, Arabar Errioxako hiriburu izateaz gain, azkenaldian gehien harritu gaituen Euskal Herriko herria izan da. Bere izenak adierazten duen moduan, gotortutako herri bat da, Nafarroako erregeek defentsa moduan erabili izan zutena, X. mendetik. Bere harresien artean, erdi aroko estiloko kale estuak ditu, gaur egun tabernaz eta dena txikiz beteak. Horri esker, giro ederra izaten da bere kaleetan.
La Hoya muinoan, Erdi Aroko aztarnategia aurkitu zuten. Egun, museoa ere badago bertan. Bestalde, herrigunetik gertu, Sorginen Txabola neolitiko garaiko dolmena ere bisitatu daiteke.
Bastidan bazkaldu dugu. Arabar Errioxako herri honek ere, dituen upategiez gain, merezi du bisita bat. Guardia bezala, defentsarako gune eta hainbat batailaren lekuko izan zen; horien artean, Gaztelako tropen konkista bizi izan zuen, 1.200. urtean.
Bazkaltzeko toki ugari daude bertan; menu tipikoena, errioxar erako patatak eta arkume errea dira, nola ez, bertako ardoren batekin lagunduta… Eta horrelako bazkari eder baten ondoren, onena siesta eder bat botatzea. Horretarako aukera badago, ikastolaren ondoko parkingean.
Eguna bukatzeko, Eltziegora itzuli gara. Bertan, herriguneko taberna eta jatetxeetatik gertu, AC gune bat dago, gaua pasatzeko primerako tokia.
Inguruko herri, upategi eta ibilbideen inguruko informazio gehiago nahi duenak, esteka hauetara jo dezake:
Ohara: Upategien bisitetarako, tokia aurrez hartzea komeni da, garaiaren arabera, jende asko pilatzen da eta. Upategi batzuetan jatekoa ere ematen dute, baina gehienetan ez.
1 Response
[…] asteburu pasako ibilbidea. Ingurua gehiago ezagutzen jarraitu nahi baduzue, handik gertu dagoen Haro eta ardoaren ibilbidea ezagutu […]