Goierri: Gipuzkoaren barnealdera bidaia
Guretzako oso berezia den toki baterako bidaia proposatu nahi dizuegu oraingoan: Goierri, jaio ginen eta bizi garen tokia. Duela gutxi egindako turismo kanpaina batek “basque highlands” bezala definitzen zuen eskualdea, bere izenak hori esan nahi baitu azken batean, goi-herria. Gipuzkoaren barnealdeko bailara bat da, Aralar eta Aizkorri mendilerroen altzoan kokatua, eta Nafarroarekin eta Arabarekin muga egiten duena.
Herriak
Goierri 23 herriz osatutako eskualdea da. Beasain da biztanlerik gehien duen herria, 13.000 lagunekin. Bertan, beharrezko zerbitzu guztiak ez ezik, AC gune bat ere aurkituko duzue, Loinatz futbol zelaiaren ondoan. Handik metro gutxira, Igartzako monumentu multzoa aurkituko duzue, bere jauregi eta errotarekin. Beasainen erdigunea nahikoa animatuta egoten da, batez ere ostegunetan (pintxo potea) eta ostiral arratsaldetan.
Beasaindik kilometro gutxira dago Segura, erdi aroko egitura eta izaera mantentzen duen herri ederra. Bi urtez behin, erdi aroko festa handi bat egiten dute, eta herri osoak parte hartzen du bertan. Kaskotik oinez buelta bat eman eta gero, gehiago jakin nahi baduzue, Ardixarra etxera jo dezakezue, herriaren historian gehiago sakontzeko.
Seguratik aterata, Ormaiztegi aldera joan daiteke, baina errepide nagusitik joan ordez, Zerain eta Mutiloa herrietatik barrena joatea gomendatzen dizuegu, bista eta toki ederrak baitaude. Behin Ormaiztegin, trenaren zubi zaharra ikus dezakegu; Eiffel-en ikasle batek eraiki zuen, eta 36ko Gerran bota egin zuten, faxistak bertatik pasatu ez zitezen. Herritik atera gabe, Zumalakarregi Museoa ere bisitatu daiteke, edota garai bateko meategietatik burdina garraiatzeko erabiltzen duten Bide Berdean paseo eder bat egin.
Museoak eta interpretazio zentroak
Goierri zerbaitek ezagun egin badu, hori artzain gazta izan da. Jatorri izendapen ezagun bati izena ematen dion Idiazabal herrian, Gaztaren interpretazio zentroa aurkituko duzue. Idiazabal gazta nola egiten den edota artzainen bizimoduaz gehiago ikasteaz gain, gazta probatzeko aukera ere bada bertan.
Bisita bat merezi duen beste museoetako bat da Ezkion dagoen Igartubeiti baserri-museoa. XV. mendean eraikitako baserri bat da, tolarea bizkarrezur duena. Gaur egun ere, erabiltzen dute sagardoa egiteko, eta garaiaren arabera, erakustaldiak eta bisita antzeztuak egiten dituzte. Baserriaren ondoan, baserriak nola sortu ziren eta baserritarren garai bateko bizimodua nolakoa zen azaltzen duen interpretazio zentro bat dago.
Goierrin barrena egiten ari garen bidaia kultural honetan, ezin ditugu Mirandaola parkea eta Burdinaren Museoa bisitatu gabe utzi. Inguruan burdin asko zegoela ikusita, XVI. mendean Olak sortu ziren Legazpin eta Goierriko beste hainbat herritan, burdina urtu eta mota askotako piezak egiteko. Museoan, garai bateko ikazkinen lanbidetik hasi eta burdinolen eta burdindegi modernoagoen historia azaltzen dute, industrializazio garairaino.
Museoa ikusi eta gero, burdinolan erakustaldi bat egiten dute. Olagizonek burdin zati bat urtu eta mailu erraldoiaren kolpeekin piezak eta erremintak nola moldatzen zituzten erakusten dute. Museoaren sarreraren ondoan, ACentzako gune bat dago, urak husteko.
Beste aukera batzuk dira lehendik aipatu dugun Zumalakarregi Museoa (Ormaiztegi), Barandiaran Museoa (Ataun) edota D’Elikatuz zentroa (Ordizia); elikadurari eskainitako gunea da, baina turismo bulegoen zerbitzuak ere eskaintzen ditu.
Ibilbideak eta mendia
Goierri mendiz eta basoz inguratutako eskualde berdea da, eta nahi adina ibilbide egiteko aukera ematen du. Horietako bat da Ormaiztegitik Mutiloara doan Bide berdea, garai batean, meatzeetako gaiak garraiatzeko erabiltzen zen trenbidearen tokian eginda dagoena.
Mendia nahiago baduzue, Enirio-Aralar eta Aizkorri-Aratz natur parkeek aukera handiak eskaintzen dituzte. Lizarrustiko parketxean (Aralarrerako sarbidea), eta Anduentzakoan (Aizkorriko sarrera, Zegaman), bi parkeei buruzko eta haietan egin daitezkeen ibilbideen inguruko informazio osoa aurkituko duzue. Guk gehien gomendatzen dizueguen ibilbideetako bat (erraz egiteko modukoa), Lizarrustitik Lareo urtegira doana da.
Benetako mendizaleentzat berriz, Txindoki (edo Larrunarri) eta Aizkorri dira Goierriko gainik ezagunenak, nahiz eta beste asko egon. Hala nola, Irumugarrieta, Ganbo edota Putterri, Aralarren, eta Aketegi, AItxuri edota Andraitz, Aizkorri-Aratzen.
Gastronomia
Euskal Herri osoan bezala, Goierrin ere, garrantzia handia ematen zaio jatekoari, are gehiago nekazal jatorriko lurraldea izanda. Taberna eta jatetxerik gehienetan, bertako jakiak eta berezitasunak probatzeko aukera izango duzue. Gida honetan, inguruko jatetxe guztiak aurkituko dituzue.
Lehenago aipatu dugun Idiazabal Gaztaz gain, batez ere udazkenetik aurrera, ezagunak dira indabak eta Beasaingo odolkia. Baina benetako esperientzia gastronomiko bat bizitzeko, onena inguruko sagardotegietako batera joatea da, bertako sagardoaz gain, txuleta eder bat probatzeko aukera izango baituzue. Ataungo Urbitarte eta Zeraingo Oiharte dira guk gehien gomendatzen ditugunak.
Ah, eta ahaztu gabe, astean zehar etortzen bazarete, ez galdu Ordiziako feria. Urteko askeazken guztietan egiten da, eta inguruko zaharrena da, 500 urtetik gorako historiarekin.
Non lo egin
Goierri oso eskualde lasaia da, eta ez duzue edozein parkinetan lo egiteko arazorik izango. Kamper motako turismoa ez da oso kontuan hartua izan orain arte, baina pixkanaka hainbat udalerri ari dira apustu hori egiten. Hiru AC gune edo lotarako egokitutako parking daude Goierrin, denak ere, ur zikinak husteko lekuarekin. Beasainen, Loinatz futbol zelaiaren ondoan, Zegaman, interpretazio zentroaren ondoan, eta Legazpin, Mirandaola parkean daude.
Legazpin bertan, nekazal kanpin txiki bat ere aurkitu dezakezue, Lakiola baserriaren ondoan kokatua, oso ingurune lasaiean.
Azken iruzkinak: