Baztan eta Malerreka, Nafarroaren iparraldean
Nafarroako iparraldean, Euskal Herriko lekurik berde eta ederrenetako bat ezkutatzen da: Baztan eskualdea. Bertako paisaia harrigarriez gain, historia eta kultura aberatseko hainbat herri ezagutuko ditugu, tartean Elizondo, Arizkun eta Amaiur. Eta etxerako bidean, Malerreka eskualdean murgilduko gara. Zatozte gurekin inguru harrigarri hau ezagutzera!
Baztan Nafarroako ipar-ekialdean kokatuta dagoen eskualdea da.
Malerreka eta Bortziriak ditu mendebaldan mugakide; ekialdean Baigorri eta Baxe Nafarroa, hegoaldean Belateko portua eta iparralderantz Zugarramurdi, Urdazubi eta Sara. Hamabost herri ditu guztira, lau azpieskualdetan banatuta
Gure ibilbidea:
Behobiatik barrena, N-121 Bidasoako errepidea hartuta iritsi gara Baztanera. Arraiozen bisita azkar bat egin eta gero, bailarako hiri nagusia, Elizondo bisitatu dugu. Handik ekialderantz jo dugu gero, Amaiur, Arizkun, Bozate auzoa eta Erratzu ezagutzeko. Eta bueltako bidean, Malerreka eskualdea ezagutu dugu, Donezteben, Iturenen eta Zubietan geldituta.
Arraioz
Baztan bailarako herri txiki bat da Arraioz, baina txikia izanagatik, izan du bere garrantzia bailararen historian. Izan ere, hiru dorretxe mantentzen dira bertan: Jauregizarrea, Zubiria eta Bikuña. Baina ezagunena, eta gure ustez ikusgarriena, Jauregizarrea izenekoa da. Erdi aroko euskal dorretxeen adibide bikaina da, harrizko eta egurrezko egitura mantentzen baitu. Amaiurko gazteluko atea bertan gordeta dagoela esaten dute, beroni gaztelaren kontrako gudan emandako laguntza eskertzeko eman baitzitzaion.
Errepide nagusiaren aldamenean kokatuta dago Jauregizarrea, baina ibilgailua herrigunean uzten badugu, berehala iritsiko gara bertara oinez, eta bidean, Zubiria jauregia ere ikusi ahal izango dugu. Bikuñako jauregia berriz, herrigunean dago, elizaren ondoan. Bertan, laxoan aritzeko jokalekua dago, eta joko hori mantentzen duten herri gutxietako bat da Arraioz.
Elizondo
Baztango hiriburua eta eskualdeko herririk handiena -3.000 biztanle ditu- da Elizondo. Bidasoa ibaiaren bi aldeetan eraikitako herria da, eta zerbitzu guztiak baditu ere, bere jatorrizko izaerari eta arkitekturari eusten jakin du, herrigunean behintzat.
Txokotoko zubia da Elizondoko tokirik ezagunenetako bat. Haren inguruan bertako arkitektura mantentzen duten hainbat eraikin daude, baita ostatu ugari ere. Zubi horretatik, Bidasoa ibaian eraikitako presa ere ikus daiteke.
Jaime Urrutia kaleko arkupeak jarraituz, Arizkunenea jauregia ikusiko dugu; bertan dago kokatuta Elizondoko kultur etxea, eta baita turismo bulegoa ere. Eraikin historiko eta palazio ugari ditu Elizondok; Arozarena, Paularena, Istekonea eta Puriosenea dira horietako batzuk. Arizkunenea jauregitik metro gutxira, Foruen Plaza dago, Elizondoko plaza nagusia.
Merkataritza herria da Elizondo, eta azoka ezagunak egiten dira bertan. Baztandarren Biltzarra eta udaberriko eta udazkeneko feriak dira horietako batzuk. Bidasoako trenari esker, herri aberatsa bihurtu zen, eta komertzioak asko ugaritu ziren bertan. Elizondoko txokolateak ezagunak dira oso, eta jende asko etortzen da bertako saltokietara Urrakin egina izeneko txokolatea erostera.
Dolores Redondok idatzitako Baztango Trilogiak eta ondoren egindako filmak oso ezagun egin du Elizondo, eta bisita gidatuak egiten dituzte Amaia Salazar inspektorea liburuan nahiz filmean ibilitako eskenatokiak ezagutzeko.
Amaiur
Nafarroaren historian berebiziko garrantzia izan duen tokia da Amaiur, herri txikia izan arren, sinbolismo handiko lekua baita. Izan ere, haren gaztelua izan zen nafar erresumaren defentsarako azken gotorlekua, XVI. mendean Gaztelako armadak lurralde osoa konkistatu aurretik.
Herrira iristean, errota eta eliza atzean utzita, arku formako sarrera batek egiten dio ongietorria bisitariari. Donejakue bidean dago kokatuta, eta haren inguruan eraiki zituzten oraindik zutik dirauten harrizko etxe dotoreak, kale bakarra osatuz. Bertan aurkituko dugu XVIII. mendeko Borda jauregia, besteak beste.
Kalean gora jarraituta, kilometro bateko bidean, iritsiko gara Gaztelua zegoen tokira. Egun haren aztarnak eta monolitoa ikus daitezke. 1922an jarri zuten oroitarria, laurehun urte lehenago (1522an) izandako bataila gogoratzeko. Honako esaldia irakur daiteke bertan:
“Napar askatasunaren alde Amayurko Echarrian borroka egin zuten gizonai betiko argia, 1522”
Talo afaria Amaiurko errotan
Herri sarreran dagoen errotak merezi du aparteko aipamen bat egitea. Izan ere, duela urte batzuk zaharberritu eta martxan baitago geroztik. Errotaren funtzionamendua ikusteaz gain, bertako errotarrian ehotutako arto irinarekin egindako taloak jan daitezke. Umeentzako taloak egiteko tailerrak ere eskaintzen dituzte. Hori bai, tokia hartu edo goiz joatea komeni da, leku mugatua baitu. Benetan merezi duen esperientzia da!
Amaiurren non lo egin
Lo egiteko, elizaren ondoan dagoen aparkalekua aukeratu dugu. Egunez goraino beteta zegoen, eta aldapan utzi behar izan dugu furgoneta, baina iluntzean, toki gehiago libratu direnean, leku lauago batean utzi ahal izan dugu. Lurrezko parking bat bada ere (zerbitzurik gabea), oso toki lasaia da gaua pasatzeko. Bigarren aukera bat ere bada, herritik gora Otsondoko portura bidean abiatua, Orabidea izeneko gunea baitago (goiko argazkian); merendaleku eder bat da, dozena bat auto edo furgonetarentzako aparkalekuarekin.
Arizkun
Bagenekien Baztango herri guztiak ederrak direla, baina Arizkunek harritu egin gaitu, eta onerako! Amaiur eta Erratzu bezala, Baztangoiza azpieskualdean dago kokatuta, eta garai batean, Baztan osoko herririk handiena izan omen zen. Garai haren lekuko dira gaur egun oraindik mantentzen diren Urtsuatarren gaztelua edota Andre Mariaren komentua. Horiez gain, herrigunean Baztango arkitektura tipikoa duten hainbat etxe eder aurkituko ditugu.
Arizkunen garai bateko hainbat ohitura mantentzen jakin dute. Horietako bat da kirikoketa; sagardoa egiteko modu berezia da, sagarra makilekin jotzean, erritmo eta doinu ezberdinak osatzen dituzte. Kirikoketa Eguna deituriko festa ere egiten dute, urriaren bukaeran edo azaroko lehen asteburuan.
Mantendu duten beste ohitura eder bat, gizakundea edo inauteriena da. Erratzuko herritarrekin elkarlanean antolatzen dute, otsailaren erdialdean. Hartza, joaldunak eta bestelako pertsonaiak ateratzen dira desfilean, eta dantzariek, zortzikoa eta sagar dantza egiten dituzte. Iluntze-gau partean izaten da, eta suaren bueltan dantza eginez bukatzen dute festa.
Bozate auzoa
Arizkunek, herriguneaz gain, hainbat auzo hartzen ditu bere baitan, baina aparteko aipamena merezi du Bozate auzoak, bailarako historia beltzenaren lekuko izan baitzen. Bertan bizi ziren ‘agoteak’; haien jatorria argi ez badago ere, beste arraza batekoak ziren antza. Harria eta zura lantzen zituzten artisauak ziren, eta gizarteak baztertuta eta diskriminatuta izan zituen urte luzez. Herrigunetik kanpora bizitzera behartuak zirenez, Bozate auzoan konfinatuta egon ziren; ezin zuten bertakoekin ezkondu; haientzako iturri bereziak egin zituzten, eta elizara ere beste sarrera batetik sartzen omen ziren, gainontzeko herritarrekin kontakturik izan ez zezaten. Gaur egun, auzo horretan kokatuta dagoen Santxotena Museoak jasotzen du haien historia, baita agoteen artisau lanetan oinarritutako arte sorkuntza berriak ere.
Arizkunen non lo egin
Arizkunen dago Baztan bailarako autokarabanentzako gune bakarra. Industrialde baten atzean dago, eta urak hustu eta betetzeko gunea dauka. Ondoan mahai bat eta iturria ere baditu. Haren ondotik, Arizkungo herrigunera daraman oinezko bidea abiatzen da, harrizko zubi dotore batetik. Industrialdean bi taberna ere badaude; Baztanen bertan egindako ardi gazta, patxarana eta ogia eros daitezke han, besteak beste.
Erratzu
Arizkun eta Bozate atzean utzita, Baigorrira doan bidea hartuz, iritsi gara Erratzura. Beste bidaia batzuetatik pasaeran bakarrik ezagutzen genuen herria da, baina oraingoan bertatik bertara ezagutu nahi izan dugu. Arane errekaren inguruan eraikitako herria da Erratzu. Herrigunean etxe eder ugari ikusi ditugu, tartean Iriartea, Apeztegia eta Etxebeltzea jauregi-etxeak.
Errekaz bestalde dago San Pedro eliza, XVI. mendean eraikia eta klaustro ederra duena. Kondairak dio 1913ko uholdeetan urak eliza zartatu zuela, eta bertako amabirjina erman zutela urek; Arizkunen, Arozaenea bordan aurkitu omen zuten.
Herritik bertatik abiatuta egin daitekeen ibilbide interesgarri bat da Xoxorringo urjauzira daramana. Iñarbegiko errekari jarraiki, pagadi eta gaztinadi ederretan barrena, pare bat orduan iritsiko gara urjauzi eder honetara. Mendizaleenek, Auza mendira (1.306 metro) jotzeko aukera ere badute bertatik.
Ituren
Baztango bailaratik bueltan, Malerreka eskualdea zeharkatu behar dugu etxerako bidean. Doneztebetik barrena, inauteriengatik oso ezagunak diren bi herri bisitatzeko aprobetxatu dugu: Ituren eta Zubieta.
Doneztebe eta Elgorriaga atzean utzita, Ezkurra errekari jarraituz iritsi gara Iturenera. Mendi arteko haran estu batean kokatutako herri txiki bezain ederra da. Ondo zaindutako harrizko etxe dotoreak aurkituko ditugu bertan. Plazan frontoia eta udaletxea daude, XVI. mendekoa, bere ostatuarekin. Herrigunean, Sagardi jauregia ere aurkituko dugu, eta handik pixka bat aldenduta, herriaren gainkaldean, Tourseko San Martin eliza. Inguruetan, Mendaurreko tontorra eta baseliza, eta tontorrean dagoen Trinitatearen ermita bisitatu daitezke.
Errekaren bidea jarraituz, oinezko bide eder bat ere badago, Marizeneko zubitik lehendabizi Aurtitz auzora, eta ondoren Zubietaraino daramana.
Ituren eta Zubietako inauteria
Ituren eta Zubieta Euskal Herri osoan eta nazioartean ere ezagun egin dituena, bi herriek ospatzen duten inauteria da. Urtarrileko azken asteko astelehenean, Zubietako joaldunak (edo zanpantzarrak) etortzen dira Iturenera, eta biharamunean, Iturengoek egiten dute Zubietarainoko bidea. Bi herrietako joaldunak ezberdin janzten dira; Iturengoek artilez estaltzen dute gorputz osoa, eta ttuntturroaz gain, zapi gorria janzten dute lepoan; Zubietakoek berriz, gerri bueltan bakarrik izaten dute artilea, eta ator zuriz janzten dira. Iturengo ‘ihoteak’ kutsu basati eta transgresoreagatik ere ezagunak dira.
Zubieta
Inauteriek ez ezik, Ezkurra errekak ere elkartzen ditu Ituren eta Zubieta. Bertara sartzeko, errekaren gainean eraikitako zubi handia zeharkatu behar da. Kale nahiz etxeek, garai bateko arkitektura mantendu dute, eta plazan eta haren inguruan, aipatzekoak dira Etxeberria, Tomasenea eta Irigoien etxeak. Zubiz bestalde, errekaren ondoan, eraberritutako errota ere badago, ekomuseo moduan jarrita.
Berez joareak inauterietan ateratzen badira ere, baliteke urtean zehar egiten dituzten beste festa edo ekitaldiren batean ateratzea. Gure kasuan, Euskararen Eguneko ekitaldi batean ikusi genituen, a ze sorpresa!!!
Eta horrela bukatu da Baztan eta Malerreka eskualdeetan barrena egin dugun bidaia. Euskal Herriko ingurunerik eder eta berezienetako bat da guretzat, eta benetan gomendatzen dizuegu bertara bisita bat egitea.
Ingurua gehiago ezagutzen jarraitu nahi baduzue berriz, Zugarramurdi eta Sarako kobak eta bi herriak elkartzen dituen oinezko bidea zagutu ditzakezue; edo baita Bidasoa ibaiaren ertzeko Bortziriak eskualde ederra ere.
Azken iruzkinak: