Mutriku, Deba eta Itziar: euskal kostako geoparkean barrena

Gipuzkoako kostaren mendebaldean, Debabarrena eskualdean, badira ezagutzea merezi duten hiru herri. Mendien berdeak, flyschak eta itsas labarrek itsaso zabalarekin bat egiten duten gune honek, hainbat txoko eder eskaintzen baititu. Asteburu pasarako plan ederra izan daiteke!

Familia kontuengatik dezente joan izan gara inguru honetara, baina egia da furgonetarekin asteburu pasa egindako aurreneko bidaia izan dela. Kanper edo autokarabanentzat egokitutako gune handirik ez badago ere, zentzuz jokatuta aurkitu daitezke gaua pasatzeko leku politak. Eta kostako ikuspegi eder horiek merezi dute!

Zumaiarekin batera, Debak eta Mutrikuk Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen dute, flyschari esker hain ezagun egin dena. Bertako hondartza eta labarretan, nahiz itsasotik ikus daiteke gune natural honen aberastasuna.


Mutriku

Euskal kostaldeko harribitxietako bat da Mutriku. Arrantzale izaerako herri hau, malkarrean eraikita dago; horregatik, kale bihurri eta aldapatsuz beteta dago haren herrigunea. Herriaren orografia, bertako ondarea eta eraikinak, bere hondartzak eta ingurunea dira hain berezi egiten dutenak.

Gipuzkoako zaharrenetakoa da Mutrikuko portua. Badia naturala aprobetxatuz egin zuten, eta harriz egindako lehen moiletako bat dauka. Mutriku arrantzaren bueltan sortutako herria da. Horren adierazgarri da herrian aurki daitekeen muraletako bat; bertan, lehenengo Nafarroako erregeari, eta ondoren Gaztelakoari, urtero bale bat ematen ziotela jasotzen da. Egun, arrantzale portuaz gain, kirol portua ere badu herriak. Aurrerago, hondartzara bidean, baita bi igerileku natural ere.

Mutrikuren alde zaharra Monumentu Multzo bezala izendatuta dago, eta ez da gutxiagorako. Izan ere, bere kale estuek palazio, eraikin historiko eta ondare zabala ezkutatzen baitute. XIII. mendean eraiki zenetik, arrantzari eta itsas komertzioari lotutako hainbat pertsonaiaren bizileku izan da, eta horiek, haien estatusa erakusten zuten eraikinak egin zituzten.

XV. eta XVI. mendeetan izandako bi sutek herria erabat kixkali bazuten ere, garai horietan eraikitako hainbat eraikin gordetzen ditu herriguneak. Portuan bertan, herriaren sinboloetako bat den lonja zaharra aurkituko dugu, XV. mendekoa. Haren arkupetik pasa eta kalean gora egin orduko, Berriatua dorrea ikusiko dugu. Kaletik ikusita, atentzioa ematen du bere garaierak. Gipuzkoan gaur egunera arte gorde diren dorretxeetatik handiena da, eta 1.543ko suteari eutsi zion eraikin bakarretakoa.

Dorrearen ondotik eta Tranpakalen gora jarraituta, Montalivet jauregia ikusiko dugu, parez pare. Oñako baroiak eraiki zuen, XVIII. mendean, eta haren abizenetako bat hartu zuen. Monumentu historiko-artistikoa da. Baina jarrai dezagun aurrera; handik metro gutxira, Olazarra-Mizkia jauregia (XVII. mendekoa) ikusiko baitugu, eta haren ondoan, merkatu plaza.

Beheko plazatik hainbat kale ateratzen dira, baina guk Erdikokaleri jarraitu diogu. Bertan, Zabiel jauregi dotorea ikusiko dugu, eta handik Mutrikuko Kondea kalera igotzen bagara, baita Arrietakua jauregia (XVII. mendekoa) ere. Azken hau, barrutik ere jatorrian bezala kontserbatuta dago, eta bisita gidatuak egin daitezke.

Kalean gora, Txurruka plazaraino iritsiko gara, bertan daude udaletxea eta Andre Mariaren eliza. Azken hori, XIX. mende hasieran eraikitakoa bada ere, monumentu izendapena du, Gipuzkoako arkitektura neoklasikoaren eredurik onenetakoa baita. Silvestre Perez arkitektuak diseinatu zuen, eredu bezala tenplu klasikoak hartuta. Bere harrizko eskailera eta sarrerako zutabeak dira horren adierazle. Plaza berean, Galdona jauregia ere aurkitzen da, XVII. mendekoa.

Herrigunetik kanpo, Laranga, Galdonamendi, Astigarribia eta Olatz auzoak ere bisitatu daitezke. Aurreneko biek itsasoaren gaineko ikuspegi ederra eskaintzen dute, eta beste bidek, ondare historiko interesgarria.

Mutrikun non lo egin

Mutrikuko herrigunea kale estu eta aldapatsuz osatua dago, beraz, autokarabana batekin bidaiatzen baduzue, ez dizuegu herrigunera sartzerik gomendatzen. Furgoneta txiki batzuk ikusi izan ditugu portuan, eta pentsatzen dugu udako denboraldiaz kanpo ez dela arazorik izango bertan lo egiteko. Hondartzako aparkalekua da aukerarik onena, bertan autokarabanentzat gordetako bospasei plaza baitaude, baina kontuz, segituan betetzen dira eta. Beste aukera bat kanpinak dira; Mutrikun hiru daude, Aitzeta, Santa Elena eta Galdona; Saturrarango hondartzan ere badago beste bat, Ondarroarekin mugan.


Deba

Geoparkearen ingurune ederreko herrietako bat da Deba. Izen bereko ibaia itsasoratzen den lekuan sortu zen, XIII. mendean. Itziarko herritarrak kostara gerturatzen hasi ziren, eta pixkanaka herria sortu eta egonkortzen joan zen, harik eta 1.343an hiribildu karta jaso zuen arte. Arrantzaz eta nekazaritzaz gain, komertzioa eta industria izan dira bere baliabide nagusiak mendetan zehar. Itsas komertzioan garrantzia handia izan zuen Debako portuak, artilea esportatzen baitzuten nazioarteko porturik garrantzitsuenetara. XX. mendean, ordea, turismoa hasi zen indarra hartzen, hein handi batean, itsasoko bainuek zituzten propietateek erakarrita. Donostiarekin eta Miarritzekin batera, euskal kostako gune turistiko nagusietako bat bihurtu zen Deba.

Debaren historia lehenagotik dator, ordea. Udalerriaren mugetan kokatuta dauden zazpi kobak eta haietan aurkitutako aztarna arkeologikoak dira horren lekuko. Ekain, Praileaitz eta Urteaga dira garrantzitsuenetakoak. Ekainberri Ekaingo kobaren erreplika bisitatu daiteke egun, Zestoan.

Debaren herrigunea Deba ibaiaren eta Santiago hondartzaren artean kokatuta dago. Santiago da herriko hondartza nagusia, baina baditu beste txikiago batzuk, errekaz bestalde dagoen Ondarbeltz, esaterako. Itziar eta Zumaiarako bidean berriz, Itxaspe, Sakoneta eta Autxuri hondartzak aurki daitezke.

Santiago hondartzatik herrialdera barneratzen bagara, Foruen plaza da bilgune nagusia. Bertan dago kokatuta udaletxea, eta haren inguruan, Lertxundi, Ostolaza eta Iturkalen, komertziorik gehienak.

Handik gertu dago Andra Mari edo Santa Maria eliza, monumentu izendapena duen eta euskal arkitektura erlijiosoan bakarra den eraikina. Kanpotik defentsarako dorre baten itxura du, eta harri sendozko egitura dauka. XV. mendean eraiki zuten eliza zaharrago baten gainean, baina XVI eta XVII. mendeetan egindako lanekin bukatu zuten.

Eliza egiteko lanak herritarren artean finantziatu zituzten, Debako portuak nazioartean harreman komertzial oparoak zituen garaian. Elizaren altxorrik handienetako bat, bere sarrera edo portala da, XV. mendekoa. Barrualdean, hainbat kapera gotiko ditu, eta baita Gipuzkoako klaustrorik zaharrena ere. Erretaula eta sakristia berriz, XVII. eta XVIII. mendeetakoak dira, hurrenez hurren.

Itsas komertzioak herrian izan zuen eraginaren beste adibide bat, herrian dauden hainbat jauregi eta palaziotan ere ikus daiteke, garai hartan aberastutako familiek egindakoak baitira gehienak. Horietako batzuk dira
Agirre Etxea, Aldazabal Etxea, Bañez Etxea eta Maxpe auzoan dagoen Sasiola Dorrea.

Herrigunetik apur bat aldenduta, San Roke eta Santa Katalina ermitak daude, biak ere, herriaren gaineko ikuspegi ederrekin.

Deban non lo egin

Debak ere ez du propio autokarabanentzat eta furgonetentzat prestatutako gunerik, baina beti diogun moduan, zentzuz jokatuz gero, aurki daitezke lotarako lekuak. Udako kanpainan ezingo da agian, baina guk hondartzako aparkalekuan lo egin izan dugu (OTA/TAO gunea da). Mutrikurako edo Itziarko bidean ere, hainbat begiratoki daude, gaua itsasoari begira pasatzeko aukera ematen dutenak. Ondarbeltzeko aparkalekuan, berriz, debeku seinalea dago.

Herrigunetik aldendu eta toki lasaiago bat nahi baduzue, Elorriaga auzoko atsedenlekua aukera ona izan daiteke. Hainbat aparkaleku (batzuk 1,80ko langarekin) ditu, eta baita handik gertu, Baratzazarrak izeneko begiraleku ederra ere. Baina kontuz, eguraldi ona dagoen asteburuetan, jende asko joaten da egun pasa, eta iluntzera arte auto pilaketa handiak sor daitezke.


Itziar

Herri gutxi izango dira Itziarrek adinako ikuspegi ederra eskaintzen dutenak. Herrigunea itsasertzetik aldentzen bada ere, kostaldearen eta itsasoaren gaineko balkoi edo talaia bikaina da. Debako auzoa bada ere, kasik herri izaera duela esan liteke, 6 kilometroko tartea baitago bien artean. Muino batean kokatua dago eta 400 bat biztanle ditu.

Itziarko Andre Mariaren santutegia da herriko eraikin nagusia. XVI. mendean artean eraiki zuten, XIV. mendeko tenplu zaharrago baten gainean, kareharriz eta dorre sendo baten itxuran. Tenpluaren barruan, Itziarko Andre Mariaren irudi erromanikoa dago, XIII. mendekoa. Marinelen zaindaria ere bada, eta horren erakusgarri da erretaula nagusiaren parean, zerutik zintzilik dagoen itsasontzia.

Elizaren atarian, probalekua ere badago, idi nahiz giza-probetarako erabiltzen dena.

Itziartik gora, Lastur auzora edo Salsamendiko tontorrera joan daiteke, besteak beste. Itsas aldera gerturatuz gero, berriz, Itxaspe eta Sakoneta hondartzak, eta Mendatagainako begiralekua aurkituko ditugu. Debako bidean dagoen Itziarko begiratokiak ere, merezi du geldialditxo bat.


Flyscha eta begiratokiak

Mutriku, Deba eta Itziarko kostaldea, Euskal Kostaldeko Geoparkean daude kokatuta, eta ondorioz, baita flyscharen ibilbidean ere. Bertatik pasatzen da GR-121 Talaia ibilbidea ere, era berean, Santiago bideko kostako bidearen parte ere badena. Errepidez nahiz oinez, kostako zati honetan flyschaz eta ikuspegi ederrez gozatzeko hainbat begiraleku daude.

Mutrikutik hasita, Galdona auzotik herrigunera doan oinezko bideak ikuspegi ederrak eskaintzen ditu. Herritik beste aldera, Debarako bidean, Alkoleako eta Mutrikuko begiratokiak daude. Santa Katalina ermitak ere kostaldearen ikuspegi ederra eskaintzen du, tontor batetik. Haren azpian, Debatik Itziarrerako bidean, beste bizpahiru begiraleku daude.

Itziar parean berriz, Itxaspe eta Mendatagaina aipatu beharrekoak dira. Eta Elorriaga auzoko atsedenlekutik gertu dagoen Baratzazarrak begiratokia ere, ikuspegi ederrenetakoa eskaintzen duenetako bat da.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude