Udazkena Arabar Errioxan

Edozein garai izan daiteke ona Arabar Errioxa bezalako toki berezi bat bisitatzeko, baina udazkenak edertasun eta kolore berezi bat ematen dio. Mahatsa biltzeko garaia iraila eta urria artean izaten da, eta mahastiak gorri eta okre kolorez janzten dira garai horretan. Guardia, Bastida edo Eltziego bezalako herriak bisitatu, mahastien artean paseatu edota ardandegi batera bisita egin eta bertako ardoa probatzea, asteburu pasarako plan bikaina izan daiteke.

Arabar Errioxa Gasteiztik kilometro gutxira dago, Arabaren hegoaldean eta Errioxarekin muga eginez.  Lurralde hori osatzen duten zazpi eskualde edo kuadrilletako bat da, eta 11.000 biztanle ditu bere 15 herrietan banatuta. Bere klimatologia dela eta, bertako ekonomia ardogintzan oinarritu da azken mendeetan; gaur egun, 11.500 hektarea mahasti dituzte.

Gure ibilbidea

Gure ibilbidea Eltziegon hasten da; Gasteiztik nahiz Logroño aldetik sartu daiteke, N-232 errepidea hartuta. Guardia herri harresitura ikusiz jarraituko dugu, eta handik, Kantauri mendilerroaren babesean, Arabar Errioxa zeharkatuko dugu, udazken kolorez jantzitako paisaiekin gozatuz. Bidean geldialdi bat egingo dugu San Vicente de la Sonsierra ezagutzeko, eta Bastidan bukatuko dugu bidaia.


Eltziego

Eltziego edo Zieko, Marques de Riscal ardandegi famatuagatik da ezaguna, baina hortik aurrera, ez genuen erreferentzia handirik. AC gunea duela probestuz, herria ezagutu dugu, eta harritu egin gaitu, pentsatzen genuena baino herri ederragoa baita.

Herri behekaldetik ikusita, San Andres elizaren dorreek ematen dute atentzioa, bere altueragatik eta duten kokapen estrategikoagatik. Bere kale estu eta aldapatsuak harrizko etxez beteta daude, eta horietako batzuetan, armarri dotoreak ikus daitezke. Herrigunean hainbat taberna eta jatetxe daude, baita janari denda bat ere.

Eltziego eta inguruko herriak uztartzen dituzten oinezko bide ugari daude, baina guk mahasti arteko ibilbidea gomendatzen dizuegu. San Vicente ermitaraino iristen bazarete, inguruko ikuspegirik ederrenetako bat ikusi ahal izango duzue.

Ardandegira bisita

Arabar Errioxako kulturaren parte garrantzitsua da ardogintza, eta berau ezagutzeko modurik onena, ardandegi batera bisita egin eta bertako ardoak probatzea da. Gaua Eltziegon pasa eta goiz osoa mahats artean ibili ondoren, Marques de Riscal ardandegia bisitatu dugu, inguruko ikusgarrienetako bat. Bere eraikina Frank Gehry arkitektoak diseinatu zuen (Bilboko Guggenheim diseinatu zuena), eta bere metalezko xaflek ardoaren koloreak irudikatzen dituzte.

Kanpotik ikusgarria izateaz gain, Marqués de Riscal inguruko ardandegirik handienetakoa da, eta beste ardandegi txikiagoen aldean, bere instalakuntzak ere oso handiak dira. Bisita gidatuan, mahatsa biltzen denetik ardoa fermentatu eta egurrezko barriketan ontzen den arteko prozesu osoa azaltzen dute. Guretzako, bisita osotik interesgarriena, barrikak eta botilak gordetzen dituzten lurpeko pasabideak dira. Bisita gidatuko sarrerak 12 euro balio du (aurrez tokia hartzea gomendatzen da) eta bisitaldiaz gain, bi ardo probatzeko aukera ematen dute.

Eltziegon non lo egin

Eltziegok AK gunea du, berria da, ondo kokatuta dago eta zerbitzu guztiak ditu. Urak husteko tokiaz gain, plaza bakoitzak argindar kaxa du; fitxak herriko tabernetan erosten dira, eta 2 euroren truke, 12 orduz kargatu daiteke. Kokapen aldetik ere oso ondo dago, herrigunetik gertu baitago.


Guardia

Arabar Errioxan egonda, ezin genuen Arabako eta Euskal Herri osoko herririk ederrenetako bat ikusteko aukera galdu. Guardiaz ari gara. Bere izenak iradokitzen duen moduan, harresitutako herria da. X. mendean sortu zen, Nafarroako Erresumaren defentsarako gune moduan. Harresiaz eta bertako ate ikusgarriez gain, herriak bi eliza ditu, San Juan Bautista eta Santa Maria de los Reyes, bakoitza herriaren alde banatan kokatua.

Merezi du bere kaleetan barrena ibiltzeak, oraindik ere erdi aroko  izaera mantentzen baitute. Behin herrigunean, Santa Maria eliza, Abade Dorrea, Kaputxinoen konbentua eta San Juan eta Portal de los Abuelos ateak ikustea gomendatzen dizuegu. Udaletxeko plazan, ordulari bizidun bat dago; ordua jotzerakoan, inguruko dantzari eta pertsonaiak ateratzen dira, eta dultzainero eta gaita jotzaileen doinuan dantza egiten dute.

Ardandegiz betetako herria

Ez da bakarrik inguruetako kontua, Guardian bertan ere ardandegi ugari daude. Izan ere, herriguneko etxe bakotzak du bere lurpdeko bodega, eta herri osoa tunelez eta pasabidez josita dago, Gruyere gazta bat bailitzan. Horietako gehienak ordea, familiarrak dira, pribatuak, baina badaude bi ardandegi oraindik ere ardoa lehengo eran egin eta saltzen dutenak. Espazioa mugatua denez, ardandegi txikiak dira. Horietako bat bisitatzeko aukera izan genuen, El Fabulista izenekoa. Felix Maria Samaniego idazleari zor dio izena, bera bizi izan zen etxearen ondoan baitago kokatuta.


Trikuharriak eta aztarna arkeologikoak

Arabar Errioxa ez da ardoa bakarrik, gure historiaren lekuko ere bada. Ingurune honetan, Neolito Aroko trikuharriak nahiz Brontze Aroko herrixka bat aurkitu ditzakegu.

Trikuharria, gela nagusi bat eta berau estaltzen duten harlauzaz osatutako hilobia da. Eskualde honetan zortzi aurkitu dituzte, baina denetan ezagunena eta ondoen mantendu dena, Sorginaren Txabola izenekoa da. Laguardiatik oso gertu dago, Bilar herrian. 1936an aurkitu zutenetik, hainbat indusketa egin dituzte bertan, eta guztira 39 lagunen aztarnak topatu dituzte bertan, beraien objektu pertsonalekin batera.

La Hoyako herrixka

Handik oso gertu, La Hoyako herrixka eta haren interpretazio zentroa ere aurkituko ditugu. K.a. 1.200 eta 250 urteen artean bizi izan zen jendea bertan. etxeak bata bestearen kontra eraiki zituzten, ilarak eta kaleak sortuz; defentsarako harresia ere bazuen. K.a. IV mendean erasotua izan zen, eta kiskalita gelditu zen. Berreraikitzen saiatu bazen ere, ez zuen atzera lehengo mailarik lortu. K.a. III. menderako hutsik gelditu zen, azken biztanleak Guardiara joan zirenean.


San Vicente de la Sonsierra

Araba eta Errioxa banatzen dituen muga ez da marra zuzen bat, eta Arabar Errioxako errepideetan barrena gabiltzala, batean edo bestean sartuko gara, ia konturatu ere egin gabe. Hori da San Vicente de la Sonsierra herriaren kasua. Guardia eta Bastida herrien artean badago ere (biak ere Araban), Errioxako lurretan dagoen herria baita. Geografiaren bitxikeria horiek alde batera utzita, esan behar da merezi duela herri honetara bisita egiteak.

Herrigunera sartzerakoan, bidea asko estutzen da, eta AK gunea markatzen duen seinaleari jarraitzea erabaki dugu. Herrigunetik aparte antzean gelditzen bada ere, kokapena ez da txarra, ibaiaren eta erdi aroko zubiaren ondoran baitago kokatuta, eta merendalekua ere badu.

Lehen esan bezala, herriguneko kaleak estuak dira, eta beraz, autokarabana baduzue kontuz ibiltzea gomendatzen da. Hobe herri sarreran utzi eta bisita oinez egitea. Herria zainduz bezala, tontorrean kokatuta daude San Vicente gaztelua eta Santa Maria la Mayor eliza.


Bastida

Guardia bezala, Bastia ere herri harresitu bezala sortu zen, Nafar Erresumaren garaietan. Bere kaskoa, herriaren gainkaldean, harrizko etxez osatua dago, eta harresiko ateak eta hainbat armarri ikus daitezke kaleetan. Jasokundearen eliza eta Salazar palazio-etxea, gaur egun kultur etxe bihurtua, ikus daitezke bertan.

Herriaren behekaldean, errepidearen ondoan, hainbat taberna eta jatetxe daude, eta baita ezagutzea merezi duen janari denda bat ere, furgonetan eramateko egokiak diren inguruko produktuen kontserbak saltzen baitituzte, prezio onean.

Bastidan non lo egin

Bastidak badu parking handi bat, furgoneta eta aukorabanentzako egokitutako gune bat duena. Herrigunetik gertu dago, eta urak husteko tokia du. Hori bai, aparkalekuak aldapa pixka bat du, beraz, gaua bertan pasa nahi baduzue, hobe kaltzak eramatea.

Hemen amaitzen da gure asteburu pasako ibilbidea. Ingurua gehiago ezagutzen jarraitu nahi baduzue, handik gertu dagoen Haro  eta ardoaren ibilbidea ezagutu dezakezue.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude