Baxe Nafarroa, erresumaren eta Santiago bidearen oinatzetatik

Nafarroa Beherea edo Baxe Nafarroa, Nafarroako Erresumari estuki lotuta egon da X. mendetik. Haren altzoan sortu ziren bertako herri nagusiak, gotorleku nahiz Santiago bideko pasabide garrantzitsuak zirelako. Baina historia aberatsaz gainera, paisaia eta arkitektura aldetik ere oso lurralde ederra da, mendi eta zelai berdeen artean, bertako arkitektura mantentzen duten etxe zuri-gorriz osatutako herriak gordetzen baitira, horietako batzuk, Euskal Herriko herririk ederrenen artean kokatzeko modukoak.

Donibane Garazi hainbatetan bisitatu dugu lehendik ere, baina lurralde honi zor genion bisita on bat, eta nola ez, baita post bat ere. Baigorri, Bastida eta Donapaleu bezalako herri ederrak ezagutu ditugu tartean, baita Agour gaztandegia eta bere lursailetan lo egiteko aukera ematen duen Auzki etxaldea ere.

Gure ibilbidea:

Lapurditik nahiz Nafarroatik etorrita, Baigorrin hasi daiteke Baxe Nafarroa ezagutzeko ibilbide hau. Handik, barrualdera sartuko gara, Heleta eta Aiherra ezagutuz, Bastida herriraino, lurraldearen iparraldean.

Handik ekialdera joko dugu, Donapaleura. Eta ibilbidea bukatzeko, Pirinioetara gerturatuko gara berriz ere, Donibane Lohitzune hiriburura, hain zuzen ere.


Baigorri

Behe Nafarroako herririk ezagunenetakoa eta ederrenetako bat da Baigorri, baina baita handiena ere, lur eremuari dagokionean behintzat. Hainbat auzotan banatuta dago, baina herrigunea Behereko Karrika edo Karrika Handia bezala ezagutzen den kalearen inguruan du antolatua.

Herrira iritsi orduko, Behe Nafarroako ohiko arkitektura mantentzen duten etxe zuri-gorriak ikusiko ditugu, bi aldeetara. Hemengo etxeen berezitasunetako bat, sarrerako atearen gaineko inskripzioa edo ataburua izan ohi da; bertan, etxea eraiki zuen bikotearen izenak eta eraiki zen urtea agertzen dira.

Berehala iritsiko gara Pilota Plazara. 1857an eraikitako frontoi edo erreboteak ematen dio izena. Haren inguruan, hainbat ostatu eta saltoki aurki daitezke, baita herriko turismo bulegoa ere. Kale nagusiari segiz, herriaren jatorria den auzune zaharrera iritsiko gara. Bertan, erromatar zubi ederrak egingo digu harrera. Erromatarra deitzen bazaio ere, XVII. mendean eraikia izan zen, eta haren harrizko egiturak zutik darrai oraindik. Arku moduko forma erromanikotik datorkio izena.

Erreka ondoko pasealekutik nahiz errepidean aurrera jarraituta, bigarren zubi batera iritsiko gara, berriagoa hau. Haren ondoan dago Doneztebe eliza. XIII. mendeko testuetan aipatzen denez, Orreagako monastegiak eta Nafarroako Erregeak erdi bana ordaindu zituzten hura eraikitzeko lanak. XVI eta XVIII. mendeen artean, berritu eta handitu egin zuten, egun duen itsura hartu arte. Urte haietan herriko biztanleria asko hazi zen, eta hiru solairuko egurrezko galeriak egin zituzten. Urte askoan, emakumezkoek beheko aulkietan entzuten zuten meza, eta gizonezkoek galeria horietan, elkarrekin ez nahasteko.

Gastronomia, errekari lotuta

Urepeleko Errobi (edo Aldude) ibaiak zeharkatzen du Baigorri, eta errekaren izen bereko herritik hasi eta bailara osoan, ohitura handia dago bertako amuarrain eta angilak jateko; errepide bazterrean, hainbat haztegi ere ikus daitezke.

Horiek probatzeko, betiko jatetxe batera joan nahi izan dugu, eta ETBko saio batean ezagutu genuen Manexenea ostatura jo dugu. Jabeak euskaldunak dira, jatetxea leku eder eta lasai batean kokatua dago (herrigunetik 3 kilometrora), eta amuarrain nahiz angilak, eta bestelako platerak jateko leku ezinhobea da. Guk zortea izan genuen, libre zegoen azken mahaia eman zigutelako, baina badaezpada ere, lekua aurrez hartzea komeni da.

Irulegiko arnoa

Euskal Herriko lehen jatorri izendapedun ardoa izatearen ohorea du Irulegiko arnoak, 1970. urtean sortu baitzen. Irulegi herrian ez ezik, Baigorri-Ortzaizeko eta Garaziko bailaretan aurki daitezke mahastiak, baita dozenaka ardandegi ere. Gaur egun, 50 bat ekoizle eta 200 bat mahasti daude izendapen honi lotuta. Ardo zuria egiteko bi mahats mota erabiltzen dituzte, Xuri Zerratia eta Ixiriota Xuria. Ardo Gorria eta Beltza egiteko, berriz, Axeria eta Bordelesa erabiltzen dituzte.

Ardo horiek probatzeko, ardandegi horietakoren batera edo Irulegiko Kaba kooperatibara joan daiteke, beti ere, bisita aurrez hartzea gomendatzen da. Bisita gidatuez gain, ardoa erosteko aukera ere badago bertan. Ardo beltz, gorri nahiz zuriak egiten dituzte izendapen horren pean.

Baserrian lo egin

Lehendik ere izanak ginen Baigorrin, eta buruan bagenituen pare bat aparkaleku, gaua pasatzeko “fitxatuta”. Baina bertara joan ginenean ezusteko handia hartu genuen, autokarabanentzat debeku seinaleak baitzeuden jarrita. Hori ikusita, duela gutxi ezagutu dugun Lurgida sakeleko telefonorako aplikazioa erabili genuen, handik gertu lolekuren bat bilatzeko.

Lurgidak, baserritarren etxaldeetan lo egiteko aukera ematen du, trukean beraiek ekoizten duten produkturen bat erostearen truke. Baigorritik gertu, Aldude herrian dagoen Auzki baserrira jo dugu. Bertan, Neliak eta Peiok behiak ekoizten dituzte, eta besteak beste, haragia, txahal axoa, saltxitxoia, gazta, euskal pastela eta bestelako gozoak egiten dituzte. Leku lasai batean eta bertako ekoizleei lagunduz gaua pasatzeko aukera bikaina da.


Irisarri

Baigorri utzi eta Baxe Nafarroaren ipar alderantz abiatu gara, baina aurretik, hainbat geldialdi egin ditugu bidean. Horietako lehena, Irisarri herrian izan da. Geroago ere ikusiko dugun moduan, Baxe Nafarroak lotura estua izan du aspalditik Santiago bidearekin, eta herri hau horren da adibideetako bat. Izan ere, erromesentzako ospitalea eraikitzeko agindu zuten bertan, XII. mendean, eta haren inguruan sortu zen herria.

Herriko eraikinik handi eta ikusgarriena da Ospitalea. Mendeetan zehar hainbat berrikuntza izan ditu; 1607an, Martin Larrea Irisarriko jaunak zaharberritu egin zuen, egun duen itxura emanez. Gaur egun, herriko eskola kokatzen da bertan. Donibane eliza ere, dorre itxurakoa, aipatzeko modukoa da. XV eta XVI. mendeen artean eraiki zuten, eta barrutik harribistaz egina baitago, egurrezko pasarela batekin; organo eta beirategi dotoreak ere baditu.


Heleta

Baxe Nafarroako herri txiki eta eder bat da Heleta. Iritsi orduko, herriguna plaza zabal baten inguruan antolatuta dagoela ikus daiteke. Bertan frontoi irekia eta estalia, eta herriko etxea daude, eta baita hainbat ostatu ere. Hainbat etxe eder ere ikus daitezke bertan.

Herrigunetik berrehun bat metro aldenduta, Andra Mari eliza aurkituko dugu, hilerri eder batekin inguratuta. Ipar Euskal Herri osoan bezala, hilerria elizaren inguruan kokatzeko ohitura dago Baxe Nafarroan. Bertan, hainbat hilarri diskoidal aurki daitezke, zaharrena 1.600. urtekoa.

Azoka leku ere bada Heleta, eta martxoan zein azaroan, abere feria ezagunak ospatzen dituzte bertan.

Agour gaztandegira bisita

Gure bidaietan bertako produktuak ezagutu eta erostea gustatzen zaigu, eta aurten, aspalditik ezagutzen genuen gazta bat, Agour izenekoa, non eta nola egiten den ezagutu nahi izan dugu. Iratiko jatorri izendapeneko gazta da, nahiz eta beste mota batzuetako gaztak ere egiten dituzten.

Jean Etxelekuk mendiko borda batean hasitako proiektua hazten joan da urteekin; aurrena gaztandegi bat egin zuen Mendiben, eta egun, lantegi handiago bat ere badute Heletan, eta bertan hartzen dituzte bisitak.

Bi ikus-en tzunezkoren bidez, Euskal Herriari eta euskal kulturari buruzko azalpenak lehenik, eta Agour gaztari eta berau egiteko prozesuari buruzkoak ematen dituzte ondoren. Etxelekuren bordaren erreplika bat ere ikus daiteke museoan. Bertan, ardiak jaitzi eta gazta egiteko garai bateko prozesua eta erremintak ikus daitezke, baita artzainen bordako bizimodua nolakoa zen ere. Ondoan dagoen lantegian, prozesu bera jarraituz baina tresneria modernoagoarekin ekoizten dute gazta. Bisita, gazta dastaketa batekin bukatzen da.

Mundu mailan ezaguna egin da Agour gazta, batez ere World Cheese Awards lehiaketa irabazi eta gero. Egun, Iratiko gaztaz gain, behi eta ahuntz gaztak, Baionako urdaiazpikoa eta beste hainbat produktu ekoizten dituzte.


Bastida

Aspalditik genuen Baxe Nafarroako Bastida herria (ez nahastu Arabakoarekin) ezagutzeko gogoa. Zalantza handirik gabe esan daiteke Euskal Herriko herririk ederrenetako bat dela, nahiz eta horrek, nola ez, turismo andana ere erakartzen duen. Eta egia esan harritu egin gaitu Hegoaldeko euskaldunon artean hain ezaguna ez den herri honek horrenbeste turismo mugitzen duela ikusteak. Frantziako herririk ederrenen zerrendan egoteak, ordea, badu horretan zerikusia.

Jatorriz herri gaskoina da, eta urte askoan, gaskoinera nahiz euskara biak hitz egiten zirela aipatzen dute dokumentu historikoek. XIII. mendean sortu bazen ere, Luis I.a Nafarroako Erregeak 1.312an eman zion karta edo herri titulua. Izenak dioen moduan, defentsarako helburuarekin sortutako herria da, Nafarroako mugan eta Atturri ibaitik gertu kokatua baitago, muino baten gainean.

Aldapan egindako kale nagusi baten inguruan, erdi aroko arkitektura mantentzen duten etxeak daude, harrizko ate eta egurrezko apaingarriekin, gehienak zuriz eta gorriz margotuta. Kalearen goikaldean, XIV. mendeko eliza dago; erdialdean, berriz, Arkuen plaza deritzona aurkitzen da; bertan daude komertzio eta taberna gehienak, baina herriko etxea ere.

Merkataritza gune garrantzitsua ere izan da historian zehar, eta bertan 12 egunez irauten zuten feriak egiten zirela jaso izan da. Espainiatik eta Portugaldik zetozen juduen bizileku ere izan zen; horren erakusgarri da, hilerri katolikoaren ondoan dagoen hilerri judua.

Gaur egun, artisau eta sortzaileen herria ere bada da Bastida. Herriko etxearen ekimenez, hamalau sortzaile gaztek beraien tailerrak jarri dituzte bertan, eta horietako asko ikus daitezke, herrian barrena paseatuz.

Bastidan non lo egin

Bastidak ez du autokarabana edo kanperrentzat prestatutako gunerik, baina herrian dauden aparkalekuak aproposak izan daitezke gaua pasatzeko. Herrira iritsi eta berehala dago bat, Arkuen Plaza baino lehen ezkerretara hartuta. Herriaren bukaeran, aparkaleku zabalago bat ere badago, igerilekuen ondoan. Merendalekua eta umeentzako jolasak daude bertan.


Donapaleu

Bastida bezala, Donapaleu ere Nafarroako Erregeak sortu zuen XIII. mendean, nahiz eta garai hartan Iriberri izena zuen. Garrantzia administratibo handiko herria izango zen Donapaleu. Izan ere, inguruko epaitegia eta kartzela kokatu zituen bertan erregeak, eta gerora, baita moneta fabrika ere; hiru mendez baino gehiagoz jardun zuen lantegiak, 1351 eta 1672 urteen artean.

Baina ez hori bakarrik, Nafarroako Gorteen egoitza ere izan baitzen Donapaleu. Hori XVI. mendean gertatu zen, Gaztelako Erresumak Nafarroa Garaia konkistatu zuenean. Henrike II.a erregeak bertan kokatu zuen Nafarroako gorteen egoitza, nahiz eta gero Luis XIII.ak Pauera eraman zuen. Gaur egun, Baxe Nafarroan biztanle gehien dituen herria da (1.850), Donibane Garazi hiriburuaren gainetik.

Herriko plazan dagoen turismo bulegotik abituta, paseo bat emanez ikus daitezke guztiak. Moneta fabrika plazan bertan zegoen, Bilduze ibaiaren ondoan. Gaur egun hura gogoratzen duen plaka bat besterik ez da gelditzen. Gartzela eta epaitegi izandako eraikina ikusi dugu. Eta haren ondoan, Arnaut Oihenart euskal poeta, historialari eta politikaria bizi izan zen etxea. Buruen Etxea bezala ere ezagutzen da; sarrerako horman, Nafarroako Erresumako azken hiru erregeen (Enrike II.a, Joana Albretekoa eta Enrike III.a) aurpegiak daude irudikatuta.

Buruen etxearen parean, San Paulo eliza dago, gorteen egoitza ere izan zena, eta egun eraberritua dagoena. Hainbat urtez Donapaleuko parrokia ere izan zen, XIX. mendean Santa Maria Magdalena eliza (goiko argazkietan) eraiki eta bertara aldatu zen arte.

Donejakue edo Santiago bidearen Behe Nafarroako lehendabiziko geralekua ere bazen Donapaleu, eta inguruko herrietan zeuden hainbat ospizio elkartuta, erromesentzako ospitalea eraiki zuten bertan.

Donapaleun non lo egin

Herrigunearen inguruan hainbat aparkaleku ditu Donapaleuk, gaua pasatzeko modukoak. Merkatu plazan, urak hustu eta betetzeko gunea dago, doakoa. Haren inguruan ere lo egin daiteke, baina hura baino aparkaleku lasaiagoak dira handik gertu dagoen herriko trinketearena, edota herriaren beste aldean dagoen pilotaleku irekiaren aparkalekua.


Donibane Garazi

Eta Baxe Nafarroari ia itzuli osoa eman eta gero, iritsi gara haren hiriburura, Donibane Garazira. Hau ere Santiago bideari eta Nafar Erresumari estuki lotutako herria izan da, sorreratik. Eta herria diogu, hiriburua izanagatik 1.500 biztanle besterik ez baititu. Pirinioen magalean eta Errobi ibaiaren ondoan kokatuta dago, eta leku estrategikoa izan da historian zehar, pasabide eta gotorleku lanak egin baititu.

Santiago bidea egiten ari ziren erromes gehienak bertatik pasatzen ziren, Ibañetako portua igo eta Orreagara iritsi aurretik, hau baitzen azken herri garrantzitsua. Gaur egun ere nabariak dira bide horren eraginak, herrigunean erromesei zuzendutako hainbat ostatu eta denda aurki baitaitezke.

Herria XII. mendean sortu bazen ere, Antso Azkarra erregeak XIII. mendean eman zion gotorleku izaera, herrigunea harresiz inguratuta. Oraindik ere harresi hori ia bere osotasunean bisitatu daiteke, eta ate edo sarrera nagusiak ere mantentzen dira. Bost portaleetan ezagunena, Saint Jean edo Donibane atea da; erreka zeharkatzen duen zubi batetik sartu eta irteten ziren bertara bidaiariak.

Kaleak Baxe Nafarroako arkitektura mantentzen duten etxez beteta daude, aldapan gora jarraitzen duen kale nagusiaren inguruan antolatuta. Hainbat denda eta komertzio ere aurki daitezke bertan. Eta herriaren goikaldean, Mendiguren Zitadela dago; garai bateko gaztelua kokatzen zen bertan. Orain, eraikin berriago bat dago, urte askoan militarren koartel izandakoa, eta 60ko hamarkadan ikastetxe bihurtu zena.

Donibane Garazin non lo egin

Donibane Garazik bi aukera eskaintzen ditu, furgoneta edo autokarabanarekin lo egiteko. Batetik, autokarabana gunea dago, herriaren behekaldean, kiroldegiaren eta errugbi zelaiaren ondoan kokatuta. Aparkaleku zabala eta urak hustu eta betetzeko gunea ditu. Eguneko 8 euro ordaindu behar da. Supermerkatu baten ondoan dago, eta herrigunetik 5 bat minutura oinez.

Beste aukera bat, Garaziko udal kanpina da, Plaza Berri deitzen dena. Herriaren beste aldean dago, leku lasaiean, eta herrigunetik oso gertu. Prezioan dagoen aldeagatik (abuztuan 15 euro inguru), merezi du bertan gelditzeak.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude