Xareta, mugaz gaindiko eskualdea
Kobazuloak, sorginak, kontrabandistak eta mugalariak. Nafarroa eta Lapurdiren arteko mugan, mendi eta baso artean ezkutatuta, mitoz eta legendaz betetako eskualde bat dago: Xareta. Lau herrik osatzen dute, Zugarramurdik eta Urdazubik Nafarroan, eta Sarak eta Ainhoak Lapurdi aldetik. Bere orografia bereziak eta historiak, ordea, mugaz gaindiko izaera ematen diote.
Nafarroatik zein Lapurditik barrena sar daiteke Xareta eskualdean. Guk bigarrena aukeratu dugu, Urruñatik eta Azkaindik barrena doan bidetik. Autoz 10-15 minutuko tartea dago herri batetik bestera, eta bizpahiru egunetan ondo bisitatu daitezke lau herriak.
Sara
Lapurdiko barnealdean, Larrun mendiaren magalean aurkitzen den herri ederra da Sara. Muino baten gainean eraikita dago herria, San Martin elizaren bueltan. Herrigunea, eta batez ere erreboteko plaza, oso berezia da, bertako etxeek Lapurdiko arkitektura tradizionala mantentzen baitute, etxe txuri eta leiho gorri nahiz berdeekin atonduta. Herriko ostatuaz gain, hainbat hotel eta jatetxe ere badaude bertan, baita bestelako denda eta zerbitzuak ere.
San Martin elizak merezi du aparteko aipamen bat. Izan ere, eraikin ikusgarria da, bai barrutik eta bai kanpotik ere. Lapurdiko eta Ipar Euskal Herriko eliza gehienek bezala, aldamenean dauka hilerria ere. XVII. mendean eraiki zuten, eta hainbat urtez, eliza barruan hilobiratzen zuten jendea.
Elizaren kanpandorrean, honako esaldia irakur daiteke, euskaraz: “Oren guziek dute gizona kolpatzen, azkenekoak du hobirat egortzen“. Elizaren atarian, Saran jaio ez arren, herriarekin lotura estua izan zuten bi apaiz ezagun gogoratzen dituen plaka bana daude: Axular eta Barandiaran.
Sarako lezeak
Baina Sara benetan ezagun egin dutenak, bere lezeak dira. Sarrera nagusi handia du, 15 metroko altuerarekin. Barrualdean berriz, hiru galeria ditu, eta ordubete inguruko bisita eskaintzen dute. Kilometro bateko ibilbidea egin daiteke kobako pasabideen artean. Bertan, milaka urtez sortzen joan diren formazio geologiko bitxiak edota duela 10.000 urte arte bertan bizi izandako hartzaren aztarnak ikus daitezke; baita egun oraindik bertan bizi diren saguzarrak ere.
Goi Paleolito garaitik gizakiak erabili izan ditu leze horiek, babesleku gisa. Joxemiel Barandiaran etnografo ataundarrak hainbat aurkikuntza egin zituen bertan, eta haren figura ere oso presente dute, bai bisitaren hasieran eskaintzen duten ikus-en tzunezkoan eta baita kobaren sarreran haren omenez jarritako eskultura baten bidez ere.
Prezioak, erreserbak eta informazio gehiago, Sarako Lezeen webgunean.
Inguruan zer ikusi
Lezeez gain, Sarak baditu interes turistikoko beste gune batzuk. Horietako bat da Larrungo trena. Larrun mendiak 905 metroko altuera du, baina kostaldetik hain gertu egonda, ikuspegi ederrez gozatu daiteke tontorretik. Oinez ere igo daiteke bertara, baina merezi du trena ere probatzeak. Bagoiak egurrezkoak dira eta kremailera teknikaren bidez igotzen da mendian gora. Prezioak eta informazio gehiago Larrungo trenaren webgunean aurki daitezke.
Sarako herrigunetik kilometro eskasera, Euskal Biskotxaren Museoa ere bisitatu daiteke. Lapurdiko baserri tradizional bat ezagutzeko aukera ematen du, eta txikienentzat sukaldaritza tailerrak ere egiten dituzte. Eta nola ez, euskal pastela probatu eta erosi daiteke bertan.
Pottoken ibilbidea
Xaretako lau herriak oinez lotzeko aukera pottoken ibilbideak. Muga lekua izaki, herri hauen artean ‘gaueko lana’ edo kontrabandoa oso ohikoa izan da urte askoan, eta kontrabandistek eta mugalariek erabiltzen zituzten bide horiek dira egun herrien arteko lotura lana egiten dutenak. Saratik Zugarramurdira, esaterako, ordubete inguruko bidea eginda irits daiteke. Bidea ondo markatuta dago, harri nahiz seinaleetan pintatutako pottoka urdinen bidez. Bidean, baso, koba eta paraje ederrez goza daiteke, gainera.
Saran non lo egin
Sara da Xaretako lau herrien artean, autokarabana gunea duen bakarra. Herrigunearen kanpoaldean dago, ondo kokatuta. Hogeita bost bat ibilgailurentzako tokia du, eta 8 ordaindu behar dira bertan gaua pasatzeko. Urak husteko tokia ere badu.
Zugarramurdi
Sorginen eta akelarreen inguruko kondairengatik egin da ezaguna Zugarramurdi, baina bere izenaren jatorria askoz ere lurtarragoa da, bertan ugariak diren zugarra, erramua eta hurritza landareen elkartzetik datorrela uste baita.
Mendi, baso eta larre berdeen artean ezkutatuta dagoen herri honek, asmatu du, turismoa erakarri arren, bere izaerari eusten. Leze edo koba ezaguna eta haren ondoan dagoen Sorginen Museoa interesgune nagusiak. Baina herriguneak ere, merezi du bisita bat.
Andra Mariaren eliza gailentzen da herriguneko etxeen artean. Haren inguruan, Dutaria jauregia eta garai bateko egitura mantentzen duten baserri eta etxe ugari daude. Baita bertako jaki tipikoak probatzeko aukera ematen duten hainbat ostatu ere.
Sorginen Museoa
Sorginen inguruko mito eta kondairez haratago, Zugarramurdik inkisizio garaian izandako historia beltzaren lekuko ere bada Sorginen Museoa. Izan ere, 1610. urtean, herritar ugari sorginkeriagatik akusatuak, atxilotuak eta torturatuak izan ziren. 31 herritar Logroñora eraman zituzten, jendaurrean egin zen inkizio-epaiketara. Harrezkero datorkio Zugarramurdiri ‘sorginen herria’ izatearen fama.
Sorgin haiek lurrari eta inguruneari estuki lotutako herritarrak ziren, inguruko belar eta osagaien propietateak ezagutu eta erabiltzen zituztenak. Eta tarteka, akelarre bezala ezagun egin diren festak ere egiten zituzten. Herritar haien bizimodu eta sinismenen berri eta bizi izan zuten inkisizio prozesuaren inguruan gehiago jakiteko aukera ematen du museoak.
Bisiten, ordutegien eta sarreren inguruko informazio osoa, Sorginen Museoaren webgunean dago ikusgai.
Kobazuloa
Akelarre haiek ospatzera, Zugarramurdiko leze edo kobazulora joaten omen ziren. Museotik oso gertu dago, eta bisita azkar batean ikus daiteke.
Neurriz eta galeria aldetik ez da Sarakoa bezain handia, baina sekulako sarrera du, garaiera handiko sapaiarekin. Bere leze nagusiak 120 metroko luzeera du eta 12 metrorainoko altuera, punturik gorenetan.
Hainbat filmeren eskenatoki izan da; besteak beste, han grabatu zuten Alex de la Iglesiaren Las Brujas de Zugarramurdi filme ezaguna.
Kobari eta sarrerei buruzko informazioa Zugarramurdiko lezeen webgunean aurki daiteke.
Zugarramurdin non lo egin
Zugarramurdik ez du autokarabanentzako gunerik, baina herriko frontoiaren ondoan aparkaleku zabala dago. Bertan utzi dugu furgoneta, eta ondoan zeuden bidaiari batzuei galdetuta, lo egin daitekeela esan digute. Gau ederra pasa dugu, oso toki lasaia baita.
Ainhoa
‘Larre berdeak, etxe zuri, teila gorriak…’ dio Ruper Ordorikaren abesti ezagun batek. Eta halaxe sentitzen da bat Ainhoara iristean. Postal batetik ateratako herria dirudi. Alde banatan etxe ilara bana duen kale batek osatzen du herria, baina ikustekoa da.
Herria XIII. mendean sortu zen, Santiago Bidearen altzoan, eta Urdazubiko monastegiaren bikaria modura. Izan ere, bidea egiten ari ziren erromesentzat geraleku moduan sortu zuten, bide nagusiaren bi aldeetara etxeak eraikita. Egun, oraindik mantentzen du kale bakarreko egitura hori.
Herrigunean, XVII eta XVIII. mendeko etxeak mantentzen dira, pareta zuriz eta egurrezko egiturak gorriz edo berdez margotuta. Harri landua ere badute, hainbatetan, inskripzio eta tailaz egindako lauburu eta bestelako irudiekin.
Eliza eta hilerria
Ainhoak XIV. mendeko eliza du, Jasokundeko Amari eskainia. Barrualdean urre kolorez estalitako erretaula eta egurrezko galeriak ditu. Eta kanpoaldean, hilerri dotorea, disko formako hilarriekin. Duela gutxi, bertan filmatu dute Baztango trilogiako hirugarren filmeko (Ofrenda a la tormenta) eskenetako bat.
Herrigunetik pixka bat aldenduta, Arantzazuko Amaren kapera ere bisitatu daiteke. Han ere, euskal tradizioko 26 hilarri diskoidal ikus daitezke.
Ainhoaren eta Xaretaren historiari buruz gehiago jakin nahi duenak, Ondarearen Etxea ere bisiatu dezake. 120º-ko pantailan eskaintzen duten ikus-en tzunezko baten bidez, bertako historia, kultura eta tradizioen inguruko azalpenak ematen dituzte.
Ainhoan non lo egin
Autokarabana gunerik ez badu ere, herri sarreran ikusitako seinaleak jarraituz, ibilgailu hauentzat egokia den aparkaleku batera iritsi gara. Ez dugu bertan pasatu, herria goizez ikusi baitugu, baina bazeuden furgoneta eta autokarabana batzuk bertan.
Urdazubi
Xaretako lau herrietan txikiena bada ere, historia aldetik aberatsenetakoa da Urdazubi, bailara osoaren sorreran eragin handia izan baitu. Dantxarineako pasabidearen ondoan kokatua dago, Otsondo mendiaren magalean eta Ugarana hibaiaren ondoan.
Frantzia aldetik zetorren eta Baztan zeharkatzen zuen Santiago Bideko geraleku garrantzitsua izan zen. Bertan eraiki baitzuten San Salbador monastegia, IX. mendean. Herria bera ere, monastegiaren altzoan sortu zen, XV. mendean, nahiz eta hiru mende geroago, monastegitik banandu eta herri izaera hartu zuen.
Monastegiaren zati bat bisitatu daiteke egun. Beheko patioan, Euskal Herriko hainbat artistaren lanak biltzen dituen galeria dago; patioa bera ikusgarria da, eta eskultura nahiz margolanez beteta dago. Goiko solairuan berriz, komentuaren, Urdazubiren eta Xaretaren historia biltzen duen erakusketa bat ikus daiteke.
Herrigunean, XVIII. eta XIX. mendeen artean eraikitako Indiano etxe dotoreak ikus daitezke, baita XVIII. mende hasieran eraikitako errota ere, bere ubide dotorearekin. Herri sarreran, Pedro Agerre Axular fraide eta euskal idazle ezagunaren jaiotetxea dago.
Ikaburuko lezea
Sarak eta Zugarramurdik bezala, Urdazubik ere baditu bere kobazuloak. Ikaburuko lezea da bisitatu daitekeen bakarra. Haren berezitasun nagusia, koba barrutik pasatzen den Urtxuma erreka da; haren higadura izan zen, urteen poderioz, lezea sortu zuena. Sorginak, lamiak eta bestelako izaki mitologikoak nahiz kontrabandistak pasa izan dira bertatik, hainbat legendari leku eginez. Bisita gidatuen inguruko informazio gehiago, Ikaburuko lezearen webgunean aurkituko duzue.
Urdazubin non lo egin
Ainhoak bezala, Urdazubik ere ez dauka autokarabana gunerik, baina oso herri lasaia da, eta ez duzue gaua bertan pasatzeko arazorik izango. Guk frontoiko aparkalekuan egin genuen. Herrigunetik gertu badago ere, 200 bat metro aldenduta egoteak ematen dio lasaitasun hori. Monastegitik aurrera joanda dago, eta 20 bat autorentzako tokia du. Baliteke egunez joanez gero beteta aurkitzea, baina gauez erabat hutsik gelditzen da.
Inguruak gehiago ezagutzen jarraitu nahi baduzue, Baztan bailara ezagutzen jarraitu edo Lapurdiko kosta aldera jo dezakezue
Dantxarinean badago karabanentzat area bat, Axular bentaren atzean eta Paco bentaren ondoan. Txikia bada ere, ez dago gaizki!
Eskerrik asko!! Egia esan Dantxarinean jende mordoa zebilen erosketak egiten, ta ez ginen gelditu ere egin! Baino hurrengorako ondo dago jakitea!!!