Euskal zinema eskenatokiak ezagutzeko 8 ibilbide

Euskal Herriak paisaia eta leku harrigarriak dituela esatea ez da berria. Zinegileek ere ondo asko dakite hori. Eta horregatik hautatu izan dute hainbestetan filme eta telesailak bertan grabatzeko. Hainbat pelikulatan agertu diren eskenatokiak ezagutzeko 8 bide edo plan proposatzen dizkizuegu oraingoan. Zatozte!!!

Game of Thrones, 8 apellidos vascos, Baztango trilogia, Handia, Akelarre… azken urteetan Euskal Herrian filmatu diren pelikuletako batzuk dira, beste dozenaka baitaude. Eta erabilitako eskenatokietako, zale nahiz turistentzako erromes leku bihurtu dira; hainbat lekutan, filmeetan oinarritutako bisita gidatuak ere egiten dituzte. Horietako batzuk bildu ditugu ondorengo lerroetan:


‘Game of Thrones’ telesaileko Rocadragón gaztelua, Gaztelugatxen.

1) BIZKAIKO KOSTALDEA

Euskal Herriko kostaldek paraje zoragarriak eskaintzen ditu, eta Bizkaikoa, hainbat filmeren eskenatoki izateko hautatu izan dute. Ezagunena, behar bada, Gaztelugatxe da, Game of Thrones telesaileko Rocadragón gaztelua izateko aukeratu baitzuten. Ermitaren tokian digitalki eraikitako gaztelua kokatu zuten, baina haren forma eta eskailerak erraz ezagutzen dira telesailean.

Duela gutxi arrakasta handiz estreinatu den Akelarre (2020) filmak ere, Bizkaiko kosta aukeratu zuen hainbat eskena grabatzeko. Irudikoak, Laga hondartzaren inguruetan errodatu zituzten.

Getxoko portu zaharra da Bizkaiko kostaren beste harribitxietako bat. Han egin kokatu zuen Aitzol Aramaio zuzendariak, Unai Elorriagaren SPrako tranbia eleberriko herrixka, Un poco de Chocolate (2008) filmean. 

Baina euskal kostaldea zinemarako eskenatoki bezala erabiltzearena, ez da oraingo kontua. 80ko hamarkadako euskal zinemak ere, hainbat keinu egin zizkion ingurune honi. La Muerte de Mikel (1984) esaterako, ia erabat Lekeition errodatu zuten. Garai beretsukoa da El Pico (1983) filma ere; Bilbon eta inguruetan errodatu zen.Eta behin Bilbo aipatuta, ezin ahaztu Bizkaiko hiriburuan errodatu diren filmeak. Horietako batzuk dira Todo por la pasta (1991), 007: El mundo nunca es suficiente (1999), Noviembre (2003), Pagafantas (2009), Fuego (2014), Handia (2017) edota La víctima número 8 (2018) telesaila.


‘Anacleto: Agente secreto’ komikiaren adaptazioa, Bardeetan filmatu zuten.

2) NAFARROAKO BARDEAK

Game of Thrones telesaila aipatu dugu lehen, eta Euskal Herrian hautatu zituzten eskenatoki berezien artean bereziena, Nafarroako Bardeak dira. Bertan irudikatu zuten Dothrakien lurraldea eta Daenerysek gidatuta egin zuten desertuko trabesia. Ehunka figurante behar izan zituzten eskena horiek errodatzeko.

Baina GOT telesailaz gain, beste hainbat filmeren eskenatoki ere izan dira Bardeak. Alfonso Ungriak eskenatoki hori aukeratu zuen Albania irudikatzeko, La conquista de Albania (1983), filmean. Alex de la Iglesiaren Acción Mutante (1993) eta Juanma Bajo Ulloaren Airbag (1997) filmeetarako erabili zuten 90eko hamarkadan.

Urte batzuk geroago, James Bond agente sekretuaren abenturetarako ere hautatu zuten, 007: El mundo nunca es suficiente (1999) filmean. Eta baita Bonden parodia moduko bat den Anacleto: Agente Secreto (2015) komediarako ere. Zinemetan arrakasta handirik izan ez bazuen ere, Ridley Scott zuzendariaren produkzio handi bat, The Counselor (2013) bertan grabatu zuten, Cameron Diaz, Penelope Cruz eta Javier Bardem bezalako aktoreekin.


Woody Allen zuzendariaren ‘Rifkin’s festival’ filma, Donostian.

3) GIPUZKOAKO KOSTA

Eta kostaldearekin jarraituz, Gipuzkoako itsasertza ere ezagun egin da azken urteetan, hainbat filme eta telesailen errodajeei esker. Horietako bat lehendik ere aipatu dugun Game of Thrones telesail ezaguna da; Zumaiako Itzurun hondartzan hainbat eskena grabatu zituztenetik, erromes leku bilakatu da ia. 

Baina ez da Zumaian errodatu den produkzio bakarra izan. 8 apellidos vascos (2014) filmean ere agertzen baita, bai Itzurungo hondartza eta baita haren gainean dagoen San Telmo ermita ere; filmeko ezkontzako eskena han grabatu baitzuten. Iturrian megafonoa hartuta abesten hasten deneko eskena ere, Zumaian grabatua da. Eta pelikula berarekin jarraituz, Getariaraino iritsiko gara, herriaren ikuspegi orokorraz gain, portuan hartutako hainbat irudi ikus baitaitezke film horretan. 

Bi horiek dira Gipuzkoako kostan azken urteetan errodatutako filmerik ezagunenak, baina badira gehiago. Hil kanpaiak (2020) filmeko hainbat sekuentzia Zumaian eta Hondarribian egin dituzte. Hain zuzen ere, Hondarribia Papillon (1969) filme ezagunaren eskenatokietako bat izan zen; Steve McQueen eta Dustin Hoffman aktoreak ere bertan izan ziren. 

Eta nola ez, Donostia, askorentzat eskenatoki perfektua dena. Hori pentsatuko zuen Woody Allen zuzendariak, Rifkin’s Festival (2020) bere azken filma bertan errodatzea erabaki zuenean. Baina haren aurretik beste askok ere hautatu izan dute Gipuzkoako hiriburua: 27 ordu (1986), Ke arteko egunak (1990), Frío sol de invierno (2004), 80 egunean (2009), Zorion perfektua (2009), La ardilla roja (2013), Lasa eta Zabala (2014), Loreak (2014), Operación Concha (2017) edota Patria (2020) telesaila dira horietako batzuk.


‘Vacas’ filmeko pertsonaiak, filmeko eszenatokietako batean.

4) BAZTAN ETA NAFAR PIRINIOAK

Nafarroara itzulita, ezin ahaztu hainbat liburuk eta filmek ezagun egin duten lurralde eder hau. Izan ere, Nafarroako iparraldea produkzio ugaritarako eskenatokia izan da. 

Dolores Redondo idazlearen Baztango Trilogia sailak eta haren atzetik etorritako filmeek, gure mugetatik kanpo ere egin dute ezagun Baztango bailara. Elizondon eta inguruko hainbat herritan kokatzen dira biak, eta liburuen nahiz filmeen arrakasta ikusita, turismorako amu ere bihurtu da. Oraindik ere, Amaia Salazarren eta beste pertsonaien eskenatokiak ezagutzeko ibilbide gidatuak egiten dituzte. 

Baserriari eta Euskal Herriko historiari buruzko lana egin zuen Julio Medemek Vacas (1991) filmean, bi familiatako belaunaldi ezberdinen istorioak uztartuz. Ia osorik Baztanen eta Bertizko Jaurerrian filmatu zuen. 

Baztanek historia beltza ere badu, ordea. Iñaki Elizaldek zuzendutako Baztan (2012) filmak, agoteek bizi izandako bazterkeria eta basakeriak jasotzen ditu; Arizkungo Bozate auzoari erdi aroan zuen itxura emateko, Lekarozen egin zituzten grabaketak. 

Eta historia ilunarekin jarraituz, Zugarramurdiko sorginen eta inkisizioaren garai beltzak ere zinemara eraman izan dituzte. Pedro Oleak Akelarre (1984) filmean kontatu zuen historia hori; gerora, beste ikuspuntu batetik landu du gaia Pablo Agüerok, izen bereko Akelarre (2020) filmean. Alex de la Iglesiak ere egin zien keinu bat, La brujas de Zugarramurdi (2013) filmean, nahiz eta kontatzen duen istorioa gaur egunekoa eta erabat fikziozkoa den. Zugarramurdiko koban, filmaketa horien inguruko informazioa jasotzen duten hainbat panel ikus daitezke.

Eta Nafarroa iparraldetik Pirineotara jarraituz, Zaraitzu eta Erronkariko bailara ederrak ere zinema plato bihurtu izan da hainbatetan. Moncho Armendariz zinegile nafarrak Otxagabia aukeratu zuen Secretos del corazón (1997) filma errodatzeko. Urte batzuk geroago, Erronkari bailaran ere izan zen Armendariz, Bernardo Atxagaren Obabakoak eleberria egokitu eta Obaba (2005) filma grabatzen; besteak beste, Uztarrotz eta Izaba herrietan. Zangotzako Zaragueta herrian ere izan zen zuzendari nafarra, El silencio roto (2000) filmatzen.


‘Handia’ filmeko eszena bat, Gasteizko alde zaharrean.

5) ERDI AROKO ARABA

Baztango trilogiarekin gertatutakoaren antzeko fenomeno bat bizi izan dute Gasteizen, Hiri Zuriaren Trilogia eta ondorengo filmea dela eta. Eva García Sáenz de Urturiren eleberriek eta Daniel Calparsororen El silencio de la ciudad blanca (2019) filmak arrakasta handia izan zuten, eta geroztik, istorioko pertsonaiek zapaltzen dituzten lekuak ezagutzeko bisita gidatuak egiten dituzte. Trilogia ezagunak, Arabako beste hainbat herri ere aipatzen ditu (denak ez dira lehen filmean agertzen); horietako batzuk dira Zalduondo, Araia, Laguardia, Villaverde, Bernedo, San Tirsoko ermita edota Otxateko herri abandonatua, Trebiñun.

‘Errementari’ filma

Baina hiriburutik kanpo, Arabako erdi aroko hainbat herri hautatu izan dituzte zinemagileek, haien filmen kokapen modura. Horren adibide da Paul Urkijoren Errementari (2017) filma; besteak beste, Amtoñana eta Korres herrietan grabatu zuten; baita Bizkaiko Enkarterrietan dagoen El Pobal burdinolan ere. 

‘La pequeña Suiza’ filma

Arabako beste herri txiki bat, Artziniega, aukeratu zuen Kepa Sojok La pequeña Suiza (2019) filmeko Telleria fikziozko herria irudikatzeko. Herri hori, Gaztelaren mende dago, nahiz eta bertako herritarrak euskaldun sentitzen diren. Euskadira ofizialki aldatu ezin direla ikusita, Suitzar estatuko kantonamendu bihurtzea erabakiko dute. Araia herrian ere hainbat eskena errodatu zituzten.

Gasteiz hiriburuan nahiz Arabako hainbat herritan filmatu dira, Alas de mariposa (1991), Asesinato en febrero (2001), Frágil (2004), El rey gitano (2015) Vitoria, 3 de marzo (2017), Ane (2020) edota Baby (2020) filmak ere.


‘Hotel des Ameiques’ filma, Biarritzen.

6) LAPURDIKO KOSTA

Lapurdikoa piraten kostaldea izan zela esan ohi da. Piraten pelikularik ez, baina beste hainbat errodatu dira bertan, haren edertasuna dela eta, eskenatoki moduan aukeratu baitute askok. 

‘Mission Pays Basque’ filma

Ezagun egin den azken produkzioetako bat Mission Pays Basque (2017) delakoa da. Lehen aipatutako 8 apellidos vascos filmaren haritik, antzeko istorio bat egin nahi izan zuten; kasu honetan, Pariseko neska bat da Ipar Euskal Herrira datorrena. Saran, Donibane Lohitzunen eta Baionan grabatu zuten, besteak beste.

‘Le Ciel, les Oiseaux et… ta mère!’ filma

Donibanen film gehiago ere errodatu dituzte; horietako bat da Le Ciel, les Oiseaux et… ta mère! (1999). Ziburun eta Bidarten ere hartu zituzten hainbat irudi.

Hendaia eta Baiona ere hainbat filmetan agertu dira; bi horietan errodatu zuten, esaterako, Lasa eta Zabala (2014), benetako eszenatokietan, hain zuzen ere. Horiez gain, René Manzor (1997), Le Cou de la girafe (2004) edota L’amour dure trois ans (2011) ere Hendaian errodatutako filmak dira.

Baina Lapurdik zinema munduko eskenatoki bat badu, hori Biarritz da. Gune turistikoa eta luxuzkoa izan da XIX. mendetik hona. Batez ere, Napoleon III.ak eta Eugeniak bertan palazioa eraiki zutenetik; gerora, Hotel du Palais ezaguna bilakatuko zena. Zinema munduko izar askok ere aukeratu dute oporretarako leku gisa, eta baita ekoiztetxe askok ere, haien filmeetarako. Han errodatuak izan dira Lolo (2015), Coco avant Chanel (2009) eta Hors de prix (2006), biak Audrey Tautou aktorearekin, edota Emmanuelle (1984) eta Hôtel des Amériques (1981) klasikoak, besteak beste.


Oliteko gaztelua, ‘Los Borgia’ filmeko irudi batean

7) NAFARROA ERDIALDEA

Nafarroako Erdialdeak dituen gaztelu eta naturguneak, ondare bezala ez ezik, filmeetako kokaleku bezala ere aberatsak dira. Artaxoako gune harresituan, esaterako, Robin y Marian (1976) filma errodatu zuten, Sean Connery eta Audrey Hepburn aktore ezagunekin. Urbasako naturgunea ere baliatu zuten, kanpoko hainbat eskena hartzeko. 

Artaxoan bezala, Olite-Erriberriko gaztelua ere behin baino gehiagotan erabili izan dute; azkenetako bat da Los Borjia (2006) filma. 

Urbasa aipatu dugu lehen, eta Robin y Marian filmaz gain, Patton (1970) pelikula ospetsua ere bertan grabatu zuten, baita Tasio (1984) ere, urte batzuk geroago. Tasio filmeko beste kokaleku batzuk, Bakedano herrian aurkitu zituen Montxo Armendarizen lantaldeak.  

Eta Nafarroa erdialdia eta ondarea aipatuta, ezin ahaztu Santiago Bidea ere. Hainbat filmek hartu izan dute gai moduan. Denetan ezagunena, Emilio Estevezen The way (2010) edo El Camino filma da; bertan, Martin Sheen protagonistak Santiago bidea egingo du, bidean hil zen semearen omenez. Filmaren zati handi bat Nafarroan errodatu zuten. Donibane Garazi, Orreaga, Iruñea edota Perdon mendilerroa agertzen dira, besteak beste.

Eta nola ez, Iruñea bera ere hainbat eta hainbat filmetan agertzen da. Lehenago aipatutako Baztango Trilogiaz eta The Way filmaz gain, Secretos del Corazón (1997), No tengas miedo (2010) edota Blue lips (2013) dira adibideetako batzuk. Bitxikeria moduan, Solo se vive una vez (2010) Bollywoodeko produkzioan ere agertzen dira Iruñea eta bertako entzierroak. 


‘Soinujolearen semea’ filmeko irudi bat

8) GIPUZKOA BARNEALDEKO ALTXORRAK

Donostiaz eta kostaldeaz haratago, Gipuzkoako barnealdeak herri eta paraje eder asko ditu, eta horietako zenbait agertu izan dira zineman. 

Aipatzeko modukoa da Ezkioko Igartubeiti baserri-museoa, erdi aroko euskal baserriaren erakusgarri onenetakoa da, eta hori aprobetxatu izan dute zinemagile askok, bertan filmatzeko. Handia (2017), Errementari (2017) edota Dantza (2018) filmeetako eskenatoki izan da, besteak beste.

Moriarti Films ekoiztetxearen Handia filma, Euskal Herriko hainbat lekutan filmatu zuten; Ezkioz gain, Altzo, Tolosa, Zestoa, Donostia edota Bilbo ikus daitezke. Altzon, Migel Joakin Elizegi Altzoko Handia neurtu zuten Santa Barbara eliza (oraindik markak gordetzen ditu) agertzen da, esaterako. 

Asier Altunaren Amama (2015) filma izan da euskal zinemaren azken urteetako beste harribitxi bat. Baserriko bizimodua eta belaunaldien arteko etena ditu hizpide, eta horretarako, Errezil, Azpeitia, Hondarribia eta Artikutzako basoa bezalako parajeak hautatu zituzten. 

Altunak Telmo Esnalekin batera filmatu zuen Aupa Etxebeste! (2005) filmak ere arrakasta handia izan zuen. Filmaketaren zatirik handiena Bergaran egin zuten. Hamabost urte geroago, lantalde osoa elkartu zen, filme haren jarraipena izango zen Agur Etxebeste! (2019) errodatzeko.

Patria (2019) telesailak ere, izen bereko Fernando Arambururen eleberrian oinarrituta, zeresan ugari eman du azken aldian. Donostiaz gain, Soraluze, Elgoibar edota Zumaia izan dira hautatutako kokalekuetako batzuk. 

Oraindik estreinatu ez bada ere, zeresan ugari emango du Sin límites (2021) telesailak; Elkano eta Magallanes itsasgizonen istorioa kontatuko du. Besteak beste, Pasaian, Lazkaon edota Azkoitian ari dira filmatzen. 

Gipuzkoako hainbat herritan filmatu dira Loreak (2014), 80 egunean (2010) edota Soinujolearen semea (2018) filmak ere.


Eta hemen bukatzen da zinema eta telebista munduko euskal eskenatokietan barrena egin dugun ibilbidea. Oraindik ere, ordea, batean eta bestean filmeak eta telesailak grabatzen ari dira. Beraz, zinema munduan esaten den bezala, jarraituko du…

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude