Galiza: Ipar kostaldea furgonetan
Kostalde basatia, bertigozko itsaslabarrak, hondartzak eta maitemindu gaituzten herriak… Galiziako iparraldeko kostaldea leku ezin hobea da furgonetaz edo autokarabanaz ibilbide on bat egiteko. Gainera, gaua igarotzeko AKgune eta leku zoragarriak aurkitu ditugu. Bidaia eder bat egiteko behar den guztia!!
Kantabria eta Asturias zeharkatuz, Ribadeoko zubitik sartuko gara Galiziara, Galiziako kostaldea ezagutzeko asmoz. Duela urte batzuk Costa da Morte eta Rias Baixas ezagutu genituen, baina aurten, guretzako orain arte nahiko ezezaguna zen inguru horretan jarri dugu arreta.
Gure ibilbidea:
Mariña Lucensetik hasiko dugu ibilbidea, benetan harritu zonalde batetik. Ribadeo, Illa Pancha, Rinlo eta bertako hondartzak, Foz, San Cibrao eta Xove kostaldea bisitatuko ditugu, Moras lurmuturrera eta Roncadoira iritsi arte. Viveirotik Itsasadar Altuetatik jarraituko dugu, Estaca de Bares, Ortegal lurmuturra eta Cariño herri polita bisitatuz, Cedeira eta handik gertu dagoen Narón herrian amaitzeko. Gainera, azken egunak Viaxandoenfurgo-ko lagunekin pasa ditugu, bidaia honetan gehien gustatu zitzaizkigun tokietako batzuk errepikatuz.
Ribadeo
Kostaldeko bidaia honetan Ribadeo izan da gure lehendabiziko jomuga. Kostako zatia hartzen badu ere, herria bera, izenak berak dioen moduan, Eo ibaiaren erriberan dago kokatuta. Portu garrantzitsua da hala ere, eta itsas komertzioari esker aberastutako herria dela esan daiteke, bere kaleetan dauden jauregi eta etxe dotoreek erakusten duten moduan.
Kanpotik herri hazia ematen badu ere, portuak eta alde zaharrak badute bere xarma. Hain zuzen ere, portutik hasi dugu ibilbidea, bertan utzi baitugu furgoneta. Handik gora, garai bateko harresien artetik igo gara herrigunea dagoen gainera. Igogailua ere badago, baina kalez kale joateak ere merezi du. Atalaia moduan kokatuta, XII. mendeko Trinitatearen ermita (Atalaiaren Kapera ere deitua) dago. Bertatik, Ribadeoko portuaren eta ibaiaren ikuspegi ederra dago.
Handik aurrera jarraituta, Espainiako Plazara iritsiko gara; bertan, udaletxeaz gain, Morenotarren dorre ikusgarria edota Santa María del Campo eliza ikus daitezke. Plazaren inguruko kaleetan, hainbat denda eta taberna aurki daitezke, baita lehen aipatutako jauregi eta etxe dotoreetako batzuk ere. San Roque auzoan berriz, indianoen etxe ugari daude, kolore biziz eta arkitektura elementu bereziz dekoratuak.
Portutik abiatuta, Begiratokien Ibilbidea ere egin daiteke. Ibilbide honek, portuaren gaineko hainbat ermita eta begiratoki uztartzen ditu. Bidean aurrera jarraituta, 20 bat minutuan, Illa Pacha izeneko itsasargira iristen da. Izenak dioen moduan, irla batean kokatua dago, eta oinezko zubi edo pasabide batek lotzen du lurrarekin. Itsasargian bertan, hotel txiki bat dago, taberna batekin. Haize lekua da, eta ikusgarria da olatuak arroken kontra nola puskatzen diren.
Ribadeon non lo egin
Ribadeok badu Akgune ‘ofizial’ bat; Eroski merkatalgunearen aparkalekuan kokatuta dago, eta urak husteko ondo badator ere, errepidearen ondoan eta herrigunetik nahiko aparte dagoenez, ez zaigu gehiegi gustatu. Horren ordez, portura joan eta lonjaren ondoan hainbat autokarabana ikusi ditugu, eta bertan gelditzea erabaki dugu. Itsasadarraren ondoan kokatuta dago eta gauean oso leku lasaia da; gainera, bertatik oso gertu daude bai portua eta baita herrigunea ere.
Rinlo
Ribadeoren aldean, herri txikia da Rinlo. Arrantzale izaera nabaritzen zaio oraindik, nahiz eta gaur egun aktibitate gutxi izan. Bertan hainbat jatetxe daude, eta horietako batean jateko gomendatu badigute ere, beteta zegoela eta, ezin izan dugu probatu. Herrigunetik gertu, kostaldean sakabanatuta, hiru zetarea daude, garai batean mariskoa arrantzatzeko erabiltzen zirenak. Horietako lehenengoan, hainbat furgoneta eta autokarabana ikusi ditugu, eta lotarako leku ona iruditu bazaigu ere, bidean aurrera egitea erabaki dugu.
Bidaia hau prestatzerako garaian, gure helburuetako bat Katedralen Hondartza ezaguna zen. Duela urte batzuk etorri ginenean behelainoa zela eta ikusi gabe gelditu ginen, eta aurten ere, ezinezkoa izan da. Bertara etortzen den jendetza dela eta, duela urte batzuk mugatu egin behar izan zuten bisitari kopurua, eta orain, aurrez erreserba egin behar da bertan sartu ahal izateko. Eta noski, abuztua izanik, hurrengo hamar egunetarako ez zegoen tokirik.
Horren ordez, handik kilometro gutxira dagoen Os Castros hondartza ikusi genuen. Labar eta harkaitz ikusgarriak ditu honek ere, eta paseo ederra eman daiteke bertan. Gainera, Katedralena bezain ezaguna ez denez, ez dago halako jende pilaketarik, eta askoz lasaiago ibili daiteke. Hondartzaren sarreran, izen bere txiringito bat dago, eta sardinak eta lakoia bazkaldu ditugu bertan.
Aipatzekoa da, bestalde, hondartzen ibilbide osoan (hainbat kilometro eta hondartza hartzen ditu), furgonetan eta autokarabanak ikusi ditugula, bai itsasertzeko aparkalekuetan, eta baita udarako aparkaleku moduan jarritako belar soroetan ere.
Foz
Kostako bidea jarraituz, Foz herrira iritsi gara. Guk espero genuena baino herri handiagoa da, eta festen atarian edo egongo ziren, ze herri sarreran (itsasadarraren ondoan) dagoen autokarabana gunean, barraka zaleak ari ziren haien kamioiak montatzen. Bestela, leku ona iruditu zaigu gaua pasatzeko. Horren ordez, Atalaia Camper Parkera joan gara; ez genuen ezagutzen, eta benetako sorpresa izan da (beherago azalpen gehiago).
Bertatik, paseo eder bat emanez joan daiteke herriguneraino, kostatik egokitu duten ibilbidean. Llas hondartza, Cala da Ronqueira, Os Castelos izeneko arrokak eta herrigunean dagoen Rapadoira hondartza uztartzen ditu. Handik gertu, portu aldera, Santiago eliza. Haren aldamenean, Rente ao Mar pulperian bazkaldu dugu, leku berezia da eta ederki jaten da!
Fozen non lo egin
Fozek bi aukera ditu furgonetan edo autokarabanan gaua pasatzeko. Aurrenekoa, portu aldean dagoen AKgunea da. Udalarena da, eta justuko zerbitzuak baditu ere (urak husteko lekua), doakoa da eta aparkaleku zabala da, eta ehundik gora ibilgailu kabitzen dira bertan. Handik bost bat minutuan iristen da herrigunera oinez.
Bigarren aukera, eta benetan ezagutzea merezi duena, lehen aipatu dugu Atalaia Camper Parkea da. Orain arte ezagutu dugun AKgunerik konpletoenetako bat da. Montxo jabea ere bidaiaria da, eta xehetasun guztiak kontuan izan ditu, furgonetan edo autokarabanan bidaiatzen dugunok bertan gustura egon gaitezen. Komunak, dutxak, ontziak garbitzeko arraskak, arropak garbitzeko eta sekatzeko makinak, wifia, edari makina… denetik dauka. Baita bizikletak ere: doakoak eta alokairukoak (elektrikoak). Udarako, chill out gune bat ere badauka, hamaka eta guzti. Gaua 15 euro kostatzen da udan, eta 13 euro urtean zehar. Montxok azaldu digunez, bera sei hilabetez egoten da han, baina domotizatutako sistema bati esker (online erreserba eta txartelen bidez), urte guztian dauka AKgunea zabalik.
Burela eta San Cibrao
Fozeko kontzeiluko herrietako bi dira Burela eta San Cibrao, biak ere, kostari eta itsasoari estuki lotuak. Aurrenekoa, bere arrantza eta itsasgintza aktibitateagatik da ezaguna. Joan garen egunean, Hegaluzearen Azoka ospatzen zuten bertan, eta herria erabat itsuraldatuta bazegoen ere, giroagatik bakarrik merezi izan du bertara gerturatzeak. Lonjan artisau eta produktu gastronomikoen azoka zegoen, eta kalean, gaitero taldeek alaitutako giroa. Portuan, hegaluzea nola erretzen eta zatitzen zuten ikusten aritu gara, eta eguerdian, ilara luze bat itxaron eta gero, probatu ahal izan dugu azkenean.
Giro polita bazegoen ere, azkenerako jendetza elkartu da, eta bazkalondoan, atzera ere bideari heldu eta San Cibraora joan gara, atseden bila. Batek baino gehiagok gomendatu digute bertako AKgunea, eta ez da gutxiagorako, itsasoaren kontra baitago, herriaren ikuspegi polit batekin. Bi hondartza eta penintsula moduan, tontor baten gainean kokatutako itsasargia ditu. Herrigune zaharrak, itsasargi aldera ematen duenak, mantentzen du garai bateko arrantzale herrien xarma. Beste alderantza, ordea, asko hazi den herria da; horrek eta herritik gertu dagoen aluminio lantegitzarrak itsusten dute inguruko paisaia.
Costa do Xove
San Cibrao eta bere portuaren erdoil kolorea atzean utzita, Xoveko kosta zatian murgildu gara; 20 bat kilometroko tartean, oso paisaia berezi eta ezberdinak uztartzen ditu, eta merezi du bertatik pasatzeak. Portiño de Moras-en egin dugu aurreneko geldialdia, bertan baitaude Cantís de Papel izeneko itsas labar ezagunak. Uraren eta haizearen erosioak eragindako forma bereziek eman diote izena, hainbat tokitan, paperezko orriak ematen baitute harkaitzek. Portuaren ondoan, beste paisaia berezi bezain arraro bat osatuz, Doloak daude; hormigoizko egitura berezi hauek, portuko barra eraikitzeko erabili ziren; eta egin ziren tokian bertan, horietako hainbat daude pilatuta, filme bateko eskenatokia dirudien tokian.
Bidean zehar, hainbat itsasargi eta begiratoki daude, baina ez gara guztietan gelditu. Roncadoiro izeneko lurmuturra eta itsasargia bai, bisitatu ditugu, eta merezi izan du, faroagatik beragatik baino gehiago, bertatik dauden ikuspegiengatik.
Eta Xoveko kostako bidearen bukaeran, Esteiroko hondartzara iritsi gara. Mapan apuntatuta genekarren aurretik, AKgune bezala markatzen zuelako, baina benetan onerako harritu gaituen tokia izan da. Hondartza ederra da, eta herrigune nagusietatik aparte dagoelako edo, jende gutxi zebilela iruditu zaigu, bai behintzat abuztua izateko. Gainera, ondoan txiringito bat dauka, jatekoa ere ematen dutena. AKgunea doakoa da, baita urak hustu eta betetzeko gunea ere.
Viveiro
Lehendik ere ezagutzen genuen Viveiro baina bidaia honetan bertatik pasatu behar genuenez, egun pasa gelditzea erabaki dugu. Azken egunetan pasa ditugun herriak baino handiagoa da, eta hori nabari da bere kaleetan, baita inguruan duen trafikoan ere. Herrigune historikoa Landro errekaren alde batera dago, eta hondartza, AKgunea eta kanpina beste aldean; zubi handi batek elkartzen ditu bi aldeak.
Bere kokapenagatik, Viveiro herri garrantzitsua izan zen Erdi Aroan. Garai hartako harresien aztarna batzuk besterik ez dira gelditzen, nahiz eta hainbat ate mantentzen diren oraindik; horietako bat, Carlos V.arena (XVI. mendean berreraikia) herriaren ikur nagusietako bat. Haren inguruko etxeek, eta baita plaza nagusikoek ere, egur zuriz apaindutako leihoak dituzte, Galiziako hainbat herritan ohikoak direnak. Santa Maria eliza erromanikoa (XII. mendekoa), merkatua, Lehoien etxea, edota San Francisco eta Konzepzionisten konbentuak dira bertako eraikin esanguratsuenetako batzuk.
Viveiron non lo egin
Viveirok bi aukera eskaintzen ditu bertan gaua furgonetarekin edo autokarabanarekin pasatzeko: AKgunea eta kanpina. Bata bestearen ondoan daude, zubia pasata eta hondartza nagusitik gertu. AKguneak ofizialki 8 plaza baditu ere, askoz ibilgailu gehiago zeuden gu egon garen egunetan. Doakoa da, baina ura edo argindarra betetzeko, 2 euro ordaindu behar da. Haren aldamenean dago Viveiroko udal kanpina ere.
Bares
Viveirorekin batera, atzean utzi dugu Mariña Lucense eskualdea ere, eta Rias Altas aldera abiatu gara. Estaca de Bares lurmutur ezagunera iristeko asmotan. Bidean, Vicedo eta O Barqueiro herriak pasa ditugu, biak ere herri txikiak, baina pasaeran ikus daitezkeenak; O Barqueirok portu polita du, baina oso txikia da eta azkar ikusten da.
Bidean aurrera jarraitu eta lurmuturrera iritsi aurretik, Porto de Bares bisitatzea pentsatu dugu, eta a ze sorpresa! Inguru paregabean kokatua dago, herrixka bera polita da, eta hondartza ederra du. Gainera, hiru jatetxe ditu, eta horietako batean, A Muller Marina izenekoan gelditu gara bazkaltzen (oso gomendagarria). Aparkalekua bera ere asko gustatu zaigu, itsasoari begira baitago, eta sarreran akanpada librea debekatuta dagoenaren seinaleak ikusi baditugu ere, hainbat furgo eta autokarabana zeudela ikusita, galdetu egin dugu bertan lo egin daitekeen. Esan digute akanpatu edo elementuren bat furgonetatik kanpora atera ezean (aparkatuta gauden bitartean alegia) ez dagoela inolako arazorik, eta bertan gelditzea erabaki dugu.
Biharamunean bisitatu dugu Bares lurmuturra. Aipatu, bai portua eta bai lurmuturra, haize lekuak direla, eta oso bolada zakarrak izan daitezkeela maiz, baina gu izan garen egunetan, eguzkitsu zegoen, eta haizeak jo arren, ez zen horrenbesterakoa. Lurmutur hau ezaguna da Iberiar Penintsulako punturik iparraldekoena delako.
Puntatik puntara
Espasante herrira joan gara handik; portua eta herriak dituen bi hondartzetako bat ikusi ditugu, eta erosketa batzuk egin, baina bidean aurrera egitea erabaki dugu. Ortigueira herri handiagoa da, eta gentozen leku lasaiekin alderatuta, trafiko eta jende gehiegi zebilera iruditu zaigu.
Beraz, bidean aurrera jarraitu eta Cariño herrira iritsi gara. Kanpotik kostaldeko beste herri bat gehiago dirudi, baina hondartzako paseotik arrantzaleen auzora gerturatu ahala, bertako etxe koloretsuak ikusten hasiko gara. Maldan eraikitako hainbat kaletan banatzen da auzoa, eta bertan, kolore guztietako etxe estuak ikus daitezke. Kale horietan gora igota, itsaslabarretara ematen duten hainbat begiratoki daude.
Cariñok ere AKgunea dauka. Nahiko txikia da, eta gu joan garenean beteta zegoen, baina urtean zeharrerako nahikoa dirudi, daukan xarmarako, ez baita horren herri turistikoa. Herriaren bestekaldean dago, hondartzaren amaieran, baina paseo polita egin dute bertatik, bidegorri eta guzti.
Cariñotik gertu dago Ortegal lurmuturra, kantauri itsasoak eta atlantikoak bat egiten duten tokia. Bertako itsasargiak ikuspegi ederra dauka, eta besteak beste, Aguillons izeneko hiru uhartetxoak ikus daitezke. Baina ez hori bakarrik, haren inguruan baitaude Europa kontinentaleko itsaslabarrik altuenak, Punta do Limo eta Vixía Herbeira (613 m). Haien gainean, errepide bihurri batetik igota, dago Garita da Herbeira; XVIII. mendean eraikitako itsas zaintzarako postua da, sekulako ikuspegia duena.
Beherako bidean, eta Cedeira aldera goazela, San Andres de Teixido herria ikustea zen, hala gomendatu digutelako, baina bertako aparkalekua gainezka zegoen, eta ezin izan dugu gelditu. Beraz, bideari ekin eta Cedeirara iritsi gara. Ez genuen espektatiba berezirik herri honekin, baina gustatu zaigu, bai herria bera eta baita bertako giroa ere.
Portua eta hondartza dituen herria bada ere, bere kale nagusiak errekaren inguruan eta barrurantza luzatzen dira. Erreka bazterrean, Galizian hain ohikoak diren egur zurizko leiho ilarak ikus daitezke. Bertan eta Kale nagusian, taberna ugari aurki daitezke. Beste blog batean irakurrita, Kilowatio tabernara joan gara; izenak bestelakorik ematen badu ere, Cedeiroko “klasikoetako” bat da. Bertako marraxoa probatu beharrekoa da!
Lotarako, portura bidean dagoen aparkalekua aukeratu dugu; parking arrunta bada ere, hainbat furgoneta eta autokarabana ikusi ditugu bertan, eta herrigunetik gertu badago ere, leku lasaia da gaua pasatzeko.
Narón
Galizia iparraldeko kostako bidea osatuta, zer egin erabaki ezinda gelditu gara: Coruña aldera jarraitu, edo bidean zehar gehien gustatu zaizkigun herrietara itzuli. Hortan geundela, Cedeiratik gertu dagoen camper park bat bilatu dugu sarean, eta bertara joatea erabaki dugu.
Campo Base 360 du izena, eta Narón herrian dago. Jatetxe baten ondoan dago kokatua eta bertatik eramaten dute gunea. Zelai batean dago, plaza handiak ditu eta akanpatu daiteke bertan. Komunak eta dutxak ere baditu, eta tabernan afaltzeko aukera ere badago. Gainera, Naronen bertan eta aldamenean duen Valdoviñon, hainbat hondartza ere badaude.
Itzulera eta topaketa berezia
Aurrez esan bezala, azkenean bueltako bidea hartu eta bidean zehar gustatu zaizkigun hainbat tokitan geldituz joatea erabaki dugu azkenean. Viaxandoenfurgo-ko lagunekin hitz egin, eta haiek ere animatu direnez, elkarrekin pasa ditugu Galiziako bidaiko azken egunak, konpainia ederrean. Atalaia Camper Park eta Foz herria, Rinlo eta Ribadeo bisitatu ditugu berriz, oporrak hasi genituen leku berean bukatuz.
Hurrena arte eta moitas grazas Galiza!!!
Azken iruzkinak: