Sorian barrena furgonetan

Soriara zoaztela? Benetan? Hori izan zen askok egin ziguten galdera bidaia hau hasi aurretik. Eta zergatik ez? Esaten genien. Bagenekien Sorian ezagutzea merezi zuten herri eta inguru natural ugari zeudela, baina hala ere, bidaia honek harritu egin gaitu, eta onerako!

Bidaia prestatzen hasi ginenean, Soriako herririk eta lekurik ederrenen zerrenda bat egin genuen, horietatik 9 aukeratu genituen, eta horrela zehaztu genuen gure ibilbidea. Lurraldearen ipar-ekialdetik hasi dugu bidea, Pinares eskualdetik; bertan, Duruelo de la Sierra, Vinuesa eta Cañón de Río Lobos ezagutu ditugu. Tierras del Burgo eskualdean jarraitu dugu bidea, Burgo de Osma eta Calatañazor herriak ezagutuz. Berlanga de Duero eta Medinaceli bisitatu ditugu gero, lurraldearen hegoaldean, eta handik Iparraldera eginez bukatu dugu, Numancia eta Yanguas bisitatuz. Denera, astebetean (edo azkarrago eginda bost bat egunetan) egiteko moduko ibilbidea osatu dugu.


DURUELO DE LA SIERRA

Bi ordu eta erdiko bidearen ondoren, Duruelo de la Sierra herrira iritsi gara. Sierra de Urbión parke naturalean kokatutako herri txikia da; herrigunea bera polita da, eta merezi du bisita bat egiteak. San Miguel Arcangel eliza eta Carta Pueblas plaza dira interesgune nagusiak.

Baina herriak badu beste leku erakargarri bat, mendizerran barrena sartuta: Castroviejoko begiratokia. Harkaitzezko formazio ikusgarria da, hiri sorgindu baten antza duena; bere labar eta zuloetan ibiltzea, kobazulo batetan sartzearen modukoa da.

Gainera, bi begiraleku ditu: batetik, haran osoa ikusten da, eta bestea, harkaitzen gainkaldean kokatuta dago, eta eskailera batzuetatik igotzen da.

Begiralekuko sarreratik gertu, 600 bat metrora, dago La Serena kobazuloa, bisitatzea merezi duen beste toki bat. Kobazuloa txikia da, baina sarreran urjauzi ederra dauka, leku berezi eta ederra osatuz.

Duruelo de la Sierran non lo egin

Duruelo ezaguna da bere egur eta altzari lantegiengatik. Horietako baten ondoan dagoen aparkalekuan, AKgune bat egokitu dute, urak husteko gunearekin eta 15 bat plazarekin. Areatik gertu, parke zabal bat dago, mahaiekin eta parrillak egiteko prestatutako tokiekin.


VINUESA

Bideari jarraituz, Vinuesara iritsi gara; Sorian barrena egin dugun bidaian gehien gustatu zaigun herrietako bat. Bere herrigune historikoak Soriako herrien xarma eta garai bateko izaera mantentzen ditu. Atentzioa eman digute bere harrizko kaleek eta ondo zaindutako palazio eta etxe dotoreek. Plaza Nagusia herriaren gainkaldean dago, udaletxearekin eta Nuestra Señora del Pino elizarekin batera.

Plazatik gertu dago Luenga kalea, eta bertan, bertako arkitektura mantentzen duten hainbat etxe eta palazio dotore aurki daitezke. Ramos eta Leones etxeak, Don Pedro palazioa edota Vilueñako markesena dira horietako batzuk.

Beheraxeago dago Plazuela izeneko plazatxoa, herriko lekurik ederrenetako bat. Herriaren behekaldean, berriz, Soledad ermita eta garai bateko garbitokia ikus daitezke.

Herritik paseo bat emanez, minutu gutxian iristen da Cuerda del Pozo urtegira. Zubia gurutzatuta, San Mateo ermitara iristen da. Bestalde, Vinuesatik gertu, Laguna Negra potzua eta Picos de Urbión mendilerroa bisitatu daitezke.

Vinuesan non lo egin

Vinuesak autokarabana gune zabala du, herriaren behekaldean kokatua, errekaren eta hotel baten ondoan. 50 bat ibilgailurentzako tokia du, eta udalaren webgunearen bidez funtzionatzen du; bertan plaza erreserbatu behar da; autokarabanek eguneko 5 euro ordaindu behar dute, eta furgoneta txikiek 3 euro.


CAÑON DEL RIO LOBOS

Soriara joanez gero ia derrigor bisitatu beharreko lekuetako bat da Cañon de Rio Lobos. 10.000 hektareatik gora dituen parke naturala da, eta bertara sartzeko hainbat sarbide daude. Lekurik (edo argazkirik) ezagunena, ordea, San Bartolome ermitarena da.

Bertara Uceratik doan errepidetik iristen da, eta sarreran dauden hiru aparkalekuetako batean utzi daiteke ibilgailua. Ermitatik gertuen dagoen parkinera iristeko 6 euro ordaindu behar dira; handik, apenas 20 minutuko ibilaldian iritsiko gara ermitara. Doako beste bi parking ere badaude, langara iritsi aurretik; horietatik 20-30 minutu gehiago beharko dugu oinez ermitaraino iristeko.

San Bartolome ermita inguru paregabean kokatuta dago, haranari izena ematen dion errekaren ondoan, eta arroila forma ematen dioten harkaitz ikusgarriz inguratuta. Ez dakigu datu zehatzik dagoen edo legenda besterik ez den, baina Tenplarioei lotutako ermita dela esaten da. Rosetoiak,

No sabemos si es una teoría fundada o una leyenda, pero hay quien asocia esta ermita con la Orden del Temple. Arrosa-leihoak, alderantzizko izarrek eta ermitan dauden beste ikur batzuk teoria hori indartzen dute behintzat.

Ermita XIII. mendearen hasieran eraiki zuten, erromanikotik gotikorako trantsizioan. Oinplanoak gurutze forma du, San Bartolomeren irudia buru duen kapera nagusia, eta alde banatan Kristori eta Osasunaren Ama Birjinari eskainitako kaperak ditu. Aipatzekoak dira bi arrosa-leihoak eta sarrerako atea, estilo erromanikoa eta gotikoa uztartzen dituena.

Ermitatik gertu, arroilako arroken artean, kobazulo batzuk ere ikus daitezke. Gainera, askotariko fauna duen ingurune naturala da, baina guztietan adierazgarriena sai arrea da.

Cañon de Rio Lobosen non lo egin

Ermitarako sarbidean dauden aparkalekuetan ezin da gaua pasa, baina parke naturalaren mugetatik atera gabe, lo egiteko hainbat toki daude. Horietako bat Puente de los 7 ojos zubiaren ondoko aparkalekua da, San Leonardo de Yagüe herrian; gehienez ere 24 orduko egonaldia onartzen dute. Beste aukera bat, Hontoria del Pinar herriko autokarabana gunea da; urrutixeago dago, baina aukera ona da gau bat edo bi pasatzeko. Cañon de Rio Lobos kanpinean sartzeko aukera ere badago; ermitara daraman errepidea hasten den lekuan bertan dago.


BURGO DE OSMA

Burgo de Osma Soriako edozein ibilbidetan bisitatu beharreko beste lekuetako bat da. Herri garrantzitsua izan zen Erdi Aroan, apezpiku-hiria izan baitzen. Oraindik bere harresiak eta eraikin monumental batzuk mantentzen ditu. Horietako batzuk dira Jasokundeko Andre Maria Katedrala, Gotzain Jauregia (XVI. mendea), San Agustin Ospitale Zaharra edo Karmengo Komentua (XVII).

Baina multzo historiko-artistiko izendatutako hiria izateaz gain, giro bikaina dago bere kaleetan. Katedraleko plaza eta, batez ere, Kale Nagusia dira horren lekuko. Orain arte ez dugu ia gastronomiarik aipatu, baina Burgo de Osman gure bidaiako torreznorik onenak jan ditugu.

Bisitatu beharreko beste leku bat Osmako gaztelua da. Bertara iristeko, Osma herri txikiraino doan bidea har daiteke. Han zubi erromatarra ikusiko dugu. Eta handik metro gutxira, muino baten gainean, gazteluaren hondakinak daude. Merezi du goraino igotzea herriaren eta bailararen bistengatik.


CALATAÑAZOR

Sorian antzinako jatorrizko izaera eta arkitektura gordetzen dituen herririk badago, hori Calatañazor da. Mila urte baino gehiagoko historia duen herri txiki bat da, zine-plato bat dirudiena. Etxeek egurrezko eta harrizko egiturak mantentzen dituzte, baita tximinia konikoak ere. Gaztelu zaharraren dorreak eta galtzada-harrizko kaleek Erdi Aroko izaera hori mantentzen laguntzen dute.

Etxe gehienak Errege Kalearen eta Plaza Nagusiaren ondoan daude. Handik gertu, Gazteluko Andre Mariaren eliza dago. Erromanikoa da, baina gotiko berantiarrean zaharberritu zuten.

Gaztelua herriaren goialdean dago, bailara osoa menderatuz. Omenaldiaren dorrea zaharberritu egin dute, baina harresiaren eta gainerako dorreen arrasto gutxi batzuk baino ez dira geratzen.

Calatañazorrek ere badu bere kondaira; diotenez, kristau tropek 1.002an garaitu zuten hemen Almanzor, nahiz eta historialari batzuek kontra egin. Hala ere, balentria posible hau gogoratzen duen esaera bat iritsi da gaur egunera arte: “Calatañazorren danborra galdu zuen Almanzorrek”.

Herritik gertu, Murieleko Fuentona eta Despeñaelaguako txorrotada edo Calatañazorreko sabinarra ere bisita daitezke.

Calatañazorren non lo egin

Aipatu dugun bezala, Calatañazor oso herri txikia da, eta, beraz, ez dago oso prestatuta turismoa masan hartzeko. Herriko behealdean aparkaleku txiki bat du, eta aste santuan, jaiegunetan, berehala betetzen da. Goizean goiz joan ginen eta lekutxo bat aurkitzeko zortea izan genuen, eta bisita laburra izan zenez, bideari jarraitu genion eta ez ginen lotara gelditu. Hori bai, hainbat furgo eta autokarabana zeuden han lo egin zutenak.


BERLANGA DE DUERO

Berlanga de Duero Erdi Aroko beste hiribildu bat da, hirigune historiko interesgarri bat eta bisitatu beharreko monumentu batzuk dituena. Azokako Andre Mariaren plazan hasiko dugu bisita. Bertan daude Berlangako Markesen Jauregiaren hondakinak eta Frai Tomas Berlangaren estatua. Jauregian turismo bulegoa dago eta bertatik Berlangako gaztelura sartzen da.

Herrian zehar jarraituko dugu Plaza Nagusiraino, arkupez eta tabernaz inguratuta. Handik gertu, Merkatuko Andre Mariaren Kolegiata dago, bisita merezi duena. Elizaren ondo-ondoan okindegi bat dago, eta bertan ogi ederra eta beste gozagarri batzuk egiten dituzte.

Baina Berlangako lekurik interesgarrienetako bat, herria menderatzen duen gaztelua da. Soriako gure ibilbidean hobekien kontserbatuta aurki duguna da. Merezi du omenaldiaren dorreraino igotzea, eta baita Coborrongo muinora ematen duen begiratokia ere, hori bai, ez gerturatu gehiegi bertigoa baldin baduzue!!

Gainera, gazteluko zenbait gela apainduta daude eta pasabideak egin dituzte bisita irisgarriagoa izan dadin. Gaztelutik gertu, antzinako nekropolia eta Berlangako akueduktuaren zati bat ikus daitezke, baita garbitokia ere.

Berlanga de Dueron non lo egin

Berlangak autokarabana gune ona dauka, eraiki berria. Herritik kilometro batera dago, igerilekutik eta kiroldegitik gertu. Askaldegi polita eta urak husteko gunea ditu. Hornidura elektrikoa ere badu, eta turismo-bulegoan erosten diren fitxa batzuekin aktibatzen da.


MEDINACELI

Soriako beste herri politenetako bat, eta bisitatzea gomendatzen dizueguna, Medinaceli da. Multzo Historiko-Artistiko izendatutako herria da, eta bertatik hainbat zibilizazio igaro dira, zeltak, erromatarrak eta arabiarrak kasu, bakoitzak bere aztarna utziz.

Horren adibide da herriaren sarreran dagoen arku erromatarra. Ia bi mila urte ditu, eta, gainera, penintsula osoan arku hirukoitza duen bakarra da.

Harresien barruan, etxe eta kale harriztatuek Italiar Toskanako herriak ekarri dizkigute gogora. Horien artean, jauregiak eta jauretxeak daude; Udaletxea edo Medinaceliko Dukeen Jauregia dira horietako batzuk.

Dukeen Jauregia Plaza Nagusian dago, eta bertan arkupeak eta alondegia nabarmentzen dira, gaur egun udaletxea dagoen tokian. Handik gertu Jasokundeko Kolegiata dago. Herriaren kanpoaldean, harresi arabiarrak eta gaztelua bisita ditzakegu, gaur egun kanpotik bakarrik ikus daitekeen arren.

Herrian, inguruko produktu tipikoak eskaintzen dituzten hainbat jatetxe daude. Jakina, ez ditugu denak probatu, baina, gutxienez, esan dezakegu El Granero erretegian oso ondo jaten dela (guk esne-arkumea jan dugu, ederra!). Okindegia eta Ahizpa Klaratarren komentua bisitatzea ere gomendatzen dizuegu; oso pasta goxoak egiten dituzte!

Medinacelin non lo egin

Medinacelik aparkaleku zabala du herriko sarreran, eta bertan lo egin daiteke. Ez hori bakarrik, urak husteko gune bat ere egokitu baitute. Aparkalekua doakoa da eta zentrotik bi pausora dago.


NUMANCIA

Gure asmoa ibilbidea Soria hiriburuan bukatzea zen, baina ez dakigu zergatik, egun horretan hiriak ez gintuen sartzera gonbidatu. Aparkaleku eder bat aurkitu genuen ibaitik gertu, baina erdigunetik urrun; gertuago aparkatzen saiatu ginen, bisita azkar bat egiteko, baina ezinezkoa izan zen. Azkenean, atzera egin eta bidearekin jarraitzea erabaki genuen.

Hiritik kilometro gutxira gelditu gara, Garray izeneko herrian, Numantzia zeltiberiar hiriaren hondakinak dauden lekuan. Aztarnategi arkeologiko hau La Muela muinoaren gainean dago.

Brontze Arotik K.a. 133. urtera arte okupatua, 13 hilabeteko setioaren ondoren, erromatar inperioko tropek hiria konkistatu zutenean. Bertako biztanleek nahiago izan zuten bizitza eman amore ematea baino, eta horrek, bide eman zion “erresistentzia numantinoaren” mitoari. Konkistaren ondoren, erromatar kokaleku bihurtu zen, K.a. IV. mendera arte, hainbat hamarkadatako gainbeheraren ondoren, azkenean bertan behera utzi zutenean.

Gaur egun, hiriko harresiak eta bertako etxeen eta kaleen egitura kontserbatzen dira. Bi etxe ere berreraiki dituzte, bata zeltiberiar garaikoa eta bestea erromatarren garaikoa. Sarrerako eraikinean bideo bat eskaintzen dute, eta dendan merchandising objektu batzuk eta hiriaren historia jasotzen duten liburuak ere aurki daitezke.


YANGUAS

Soriako herririk politenetan barrena egin dugun ibilbideari amaiera emateko, probintziaren iparraldera joko dugu (dagoeneko etxera bidean), Yanguas bisitatzeko, bere arkitektura eta jatorrizko izaera mantentzen jakin duen benetako herri txiki bat.

Lurrezko aparkaleku bat dauka herriaren behealdean, eta bertan lo egin daiteke. Gainera, ibaiaren eta askaldegi polit baten ondoan dago. Bere ondoan, garbitoki zaharra eta Erdi Aroko zubia daude. Handik, herriaren erdigunera igoko gara, Erdi Aroko arkua gurutzatuz. Arku hori harresi zaharraren bi sarreretako bat da.

Kalean gora jarraitu dugu, kale harriztatuetan barrena galduz, ondo kontserbatutako etxe eta palazio artean. Herriko plazara iritsi gara, udaletxea eta San Lorentzo eliza dauden lekura. Herriaren goikaldean, XIV. mendeko Yanguas gaztelua dago, bere egituraren zati handi bat mantentzen duena.

Yanguasen bisitatu beharreko beste leku bat San Migel dorre erromanikoa da. Urteen poderioz bizirik iraun ez duen komentu zahar baten zati bat da. Handik, herriaren ikuspegi polita ere badago.


Eta horrela amaitzen da gure 9 egunetako ibilbidea Soriako herri politenetako batzuetan zehar. Zalantzarik gabe gomendatzen dizuegun ibilbidea! Gustatuko zaizuela espero dugu!!!


You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude