Otxagabia eta Izaba: Pirinioen atarian

Nafarroako Pirinioen magalean daude Zaraitzu eta Erronkari ibarrak; Euskal Herriko tokirik eder eta berdeenetako bat da, baso aniztasun izugarria eta menditik gertu egoteak ematen dion xarma berezi hori duena.

Iruñetik gertu dagoen Irunberri (Lumbier) herritik aurrera doan bideari segiz iritxiko gara Zaraitzu ibarrera. Bailara hartako herri nagusia Otxagabia da. Mendialdeko herrien arkitektura tipikoa mantentzen du, arbelezko teilak dituzten harrizko etxeekin.

Era berean, bidegurutze ere bada; batetik Iratiko basora doan bidea bertatik abiatzen delako; bestetik, Larraineko portua (Larrau) igoz Piriniotarako sarbide ere badelako.

Otxagabitik aurrera, Larraineko bidea ezker aldera utziz eta eskubitara doan bidea hartuz, Izabara iritsiko gara. Erronkari ibarreko herririk garaiena da Izaba, mendizale askoren jomuga. Izan ere, Larraineko bidea ez ezik, Larra-Belaguakoa ere har daiteke. Nafar Pirinioetako tontor nagusietara jotzeko puntu estrategiko bihurtzen du honek. Eta noski, herria bera ere, ezagutzeko modukoa da.


Zer ikusi

  • Herriak: Otxabagia eta Isaba herri ederrak dira, baina bailara hauetan badira bisitatzea merezi duten beste batzuk ere, hala nola: Ezkarotz, Itzaltzu, Uztarrotz, Urzainki edota Burgi. Azken honetan, almadien jaitsiera ezaguna egiten da, maiatzean.
  • Iratiko basoa: Euskal Herriko basogune zabal eta aberatsena da Irati. Oinezko hainbat ibilbide egin daitezke (ondo markatuta daude). Horrez gain, neguan eski nordikoa egiteko aukera dago. Udari begira berriz, BTT gune bat dago, eta hainbat kirol proba ere egiten dira.
  • Larraine-Orhi: Larraine eta Orhi paisaia eta ikuspegi aldetik leku magikoak dira. Nafarroatik Zuberoara daraman errepidean dago Larraineko portua (1.578 m), bien arteko muga lana eginez. Handik, ordu eta erdi inguruko (gehienez bi ordu) bidea dago Orhiko (2.017 m) gailurrera. Bi mila metrotik gorako Piriniotako lehen tontorra da, eta bidean zein gailurrean, ikuspegi zoragarriak eskaintzen ditu. Besteak beste, Pirinioen mendilerroa, Iratiko basoak eta Zuberoa aldeko lur berdeak ikusten dira.
  • Larra-Belagua: Isabatik gertu dagoen beste paraje natural eder bat Belaguakoa da. Mendizaleen topagune da, bertatik abiatzen direlako Pirinioetako hainbat gailur ezagunetara doazen ibilbideak (Hiru Erregeen Mahaia, Txamantxoia, Kartxela…). Eta hain mendizaleak ez direnentzat, Belaguako parajeetan paseo eder bat eman eta Juan Pito benta ezagunean bazkaltzea bezalako planik ez dago.

Non lo egin

  • Otxagabia: Herriaren sarreran dago Osate Kanping-a; txikia izanagatik oso ondo dago, eta zerbitzu guztiak eskaintzen ditu. Gainera, bertatik oinez joan daiteke herrigunera, apenas 5 minutuan. Herriaren bukaeran berriz, azken zubia pasata, parking handi bat dago, jatetxe baten parean. Herritik aurrera, Izabako norantzan, errekaren ondoan dagoen merendaleku bat bilatuko dugu; udan Otxagabiko ‘hondartza partikularra’ bihurtzen dena.
  • Irati: Gaua bertan pasa daiteke, baina toki babestua denez gero, nahiko kontrolatuta dago. Parkearen webgunean diotenez, Arrazolako akanpalekuan egon liteke; hori bai, 4 euroko kuota ordaindu behar dute furgoneta edo autokarabanek.
  • Isaba: Herriaren sarreran bertan dagoen parkingean pasa daiteke gaua. Furgonetazale asko ibiltzen den tokia da.

You may also like...

1 Response

  1. 2017-09-01

    […] autoa utzi eta bertatik abiatu daiteke Orhi mendira. Errepide horretan aurrera jarraituta berriz, Otsagabia eta Izaba aldera jaitsiko […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude