Goierri: Historian eta naturan barrena bidaia

Euskal Herriaren bihotzean, Aralar eta Aizkorriko mendilerroen magalean kokatutako bailara da Goierri. Gipuzkoaren barnealdean dago, Arabarekin eta Nafarroarekin muga eginez. Naturgune bikainak, gastronomia aukera zabala eta gure historiaren berri jakiteko herri eta museo ugari aurkitu daitezke bertan. Asteburu pasa bidaia ederra egiteko aukera ematen du Goierrik.

Batez ere herri txikiz osatutako eskualdea da Goierri, eta horietako gehienetan ez dago furgonetarekin edo autokarabanarekin lo egiteko arazorik, beti ere zentzuz eta lekurik egokiena aukeratuta eginez gero. Hiru autokarabana gune daude eskualdean; Beasainen, Zegaman eta Legazpin, eta urak hustu edo betetzeko, horietara jo daiteke.


Zegama

Aizkorri-Aratz parke naturaleko sarbide nagusietako bat den Zegama herrian hasiko dugu ibilbidea. AK gune dotorea dauka, eta bertatik, hainbat ibilbide egiteko aukera dago. Otzaurteko gainetik (Altsasurekin mugan) gora igota, bi aparkaleku daude, Beundekoa eta Aldaolakoa. Aurrenekoak merendalekua dauka, baina bigarrenak aparkatzeko leku gehiago ditu.

Handik abiatuta, 40 bat minutuko ibilbidea eginda iristen da Lizarrate edo San Adriango kobazulora. Harrizko horma handi batean egindako zuloa dirudi, eta Erdi Aroko Errege Bideko eta Santiago Bideko pasabide garrantzitsua izan zen. Bidaiari eta erromesak hartzeko ostatua izan zuen, eta baita gotorlekua ere, inguruan ibiltzen ziren bidelapurrei aurre egiteko. Kobazuloaren barruan, San Adriani eskainitako ermita dago. Haren ondoan, garai bateko galtzada ere ikus daiteke. Aranzadi Zientzia Elkartea hainbat indusketa lan egiten ari da bertan, lekuaren historia hobeto ezagutu eta aurkikuntza berriak egin asmoz. Tarteka, bisita gidatuak ere egiten dituzte indusketa horiek bertatik bertara ikusi ahal izateko.

Mendiaz gozatzen jarraitu nahi dutenek, Aratz edota Aizkorriko gainetara ere jarraitu dezakete, bai Lizarrate gurutaztuta, eta baita handik gertu dagoen Sancti Spiritu ermitatik gora doan bidea hartuta ere.

Zegamara bueltan, herriko tabernetan mokadu bat janez indarrak hartu eta herrigunea bisitatzeko aprobetxatu daiteke. Bertan dago San Martin eliza, XV. mendean eraiki eta XVIII. mendera arte hainbat moldaketa izan dituena. Elizaren barrualdean, hainbat erlikia aurki daitezke, hala nola Aizkorriko gurutze erromanikoa, Iruetxetako amabirjina gotikoa edota Zumalakarregiren mausoleoa.

Herriko jai nagusiak abuztuan izaten dira, San Bartolome egunaren bueltan; San Martin egunez, berriz, ganadu feria ezaguna egiten dute bertan, Aizkorri-Aratzeko Gazta Lehiaketarekin batera. Hala ere, Zegama mundu mailan ezaguna egin duena, Zegama-Aizkorri mendi maratoia izan da (aurten ez da jokatuko, pandemia dela eta).

Non lo egin Zegaman

Goierrin dauden hiru AK guneetako bat Zegaman aurkitzen da, Anduetza Parketxearen ondoan. Bertan, Aizkorri-Aratz natur parkeko informazioa emateaz gain, egurraren museoa ere bisitatu daiteke. Aparkalekua doakoa da eta 8 plaza ditu; urtean zehar arazorik izaten ez bada ere, garai jakinetan litekeena da asteburuetan beteta aurkitzea. Urak hustu eta betetzeko gunea ere badauka. Argindarra kargatzeko fitxak, parketxean edo udaletxean eskatu daitezke. Herrigunera joateko, igogailu bat dago, nahiz eta oinez ere joan daitekeen.


Segura

Errege bidea aipatu dugu lehen, eta haren pausoak jarraituz, Segura herrira joango gara hurrena. Erdi Aroan garrantzia handia izan zuen hiribildu honek. Gipuzkoa Nafarroako Erreinuaren parte izatetik Gaztelaren mende egotera pasatu zenean eraiki zuen Alfontso X.ak XIII. mendean, babesgune moduan. Herrigune harresitua eraiki zuten, eta hortik datorkio villa segura izendapena. Garai haren erakusgarri dira egun oraindik mantentzen diren jauntxoen palazioak eta eraikin erlijiosoak.

Herriguneak Erdi Aroko egitura mantentzen du oraindik, harresiarekin, sarrerako ateekin eta almendra forma ematen dioten kaleekin. 1996an, monumentu multzo izendatu zuten, duen ondare aberatsagatik. Bertan aurkitzen dira Ama jasokundekoaren eliza eta Sorkundetarren komentua, biak ere XVI. mendekoak. Baita Gebara, Lardizabal, Arrue edota Jauregi palazio-etxeak ere, XV eta XVI. mendeen artekoak. Herrigune harresituak bost ate edo portal zituen, eta egun hiru mantentzen dira; horietan ikusgarriena, Zeraingo atea da, XIV. mendekoa.

Aipamen berezia merezi du XVI. mendeko Ardixarra etxeak ere. Bertan baitaude kokatuta Segurako turismo bulegoa eta Erdi Aroko Interpretazio Zentroa. Herriaren historiari buruzko informazioa emateaz gain, hainbat bisita gidatu antolatzen dituzte bertatik. Handik gertu, Erraztiolatza museo herrikoia dago, herriko hainbat eraikinen maketak eta tresna zahar ugari ikus daitezke bertan.

Gaztandegira bisita

Idiazabal gaztaren sorlekua da Goierri, Aizkorri-Aratz eta Enirio-Aralar naturguneetako artzainen elkartzetik sortu baitzen. Goierriko bisita osatzeko plan ezinhobea da gaztandegira bisita egitea. Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroak hainbat bisita gidatu antolatzen ditu urtean zehar. Horietako bat da, Segurako Ondarre gaztandegikoa.

Ondarren hainbat belaunalditan mantendu dute artzaintzaren eta gaztagintzaren tradizioa. Eta egun, Idiazabal Gaztarik onenetako eta sarituenetako bat egiten dute. Bisitentzako prestatutako gune bat ere badute, eta bertan, artzainen ofizioaren eta gazta egiteko prozesuaren inguruko xehetasunak ematen dituzte. Eta nola ez, baita gazta probatzeko aukera ere!


Zerain

Zegama eta Segura arteko bidegurutzetik gora eginda, Zerain herrira iritsiko gara. Herri txikia bada ere, historia aberatsa gordetzen du Zerainek. Herrigunean, Zerain familiaren dorretxea izan zenaren gainean eraikitako Jauregi etxea ikus daiteke. Haren ondoan dago turismo bulegoa ere. Bertatik, Zeraingo Meatze Gunea eta Larrondoko zerrategia ezagutzeko bisitak antolatzen dituzte.

Aizpeako Meatze Gunea, Goierrik burdingintzarekin izandako lotura estuaren adibideetako bat da. Aizpeako ingurua erromatarren garaitik esplotatu izan da, baina batez ere XX. mendean garatu ziren bertako meategiak, aurrena konpainia ingelesek eta ondoren alemaniarrek gidatuta. Mea gordina ateratzen zuten bertatik, eta arrapala eta trenbide sare baten bidez, Ormaiztegiraino eramaten zuten, bertatik trenez garraiatzeko.

Interpretazio zentroan ematen dituzten azalpenez gain, aire zabaleko meategiak, lurpekoak, mea garbitzeko labeak, biltegiak eta burdina garraiatzeko sistema ezberdinak ikus daitezke, besteak beste.


Bide berdea

Zerain eta Mutiloako meategi eta tratamendu guneetatik, Ormaiztegiko tren geltokiraino garraiatzen zuten burdina. Horretarako, trenbide sare oso bat antolatu zuten. Egun, bide hura Bide Berde bilakatu da, eta Ormaiztegitik nahiz Mutiloatik abiatuta egin daiteke. Barnaola baserritik aurrera, Troi bidea bezala ezagutzen dena eginez osatu daiteke ibilbidea, Troiako meatze guneraino iritsiz.

Mutiloatik abiatuta, Lierni auzora iristen da aurrena bidea; bertan atsedentoki bat dago, baita Lierniako ermita eta Mujika jatetxea ere. Handik, Ormaiztegiraino iristen da bidea. Bertan, Zumalakarregi Museoa eta Ormaiztegiren ikurra den tren zubi dotorea ikus daitezke.

Historia bitxia du Ormaiztegiko zubiak, urte askoan, Gustave Eiffelek egindakoa zela uste izan baitzen. Haren ikasle batek, Alexander Lavalley arkitektu frantziarrak diseinatu zuen, ordea. 1863 eta 64. urteen artean eraiki zuten, Madril eta Paris lotuko zituen trenbidearen lanetan. Altzairuzko egiturak 291,5 metroko luzeera du, eta 34 metrora arteko altuera hartzen du. Hari eusteko, harrizko zutabeak eraiki zituzten.

36ko Gerran, errepublikaren aldekoek zubia hainbat tokitatik moztu eta bota egin zuten, faxistek bertatik pasatzerik izan ez zezaten, nahiz eta gero berreraiki egin zuten. Trenbide lineak modernizatu ahala, zubia zaharkituta gelditu zen, eta berri bat eraiki zuten haren ondoan. Eztabaida sortu zen, ordea, zubi zaharra mantendu ala bota egin behar ote zen. Herri galdeketa egin zuen 1991an, eta mantentzearen alde bozkatu zuten herritar gehienek.


Ezkio

Ormaiztegitik gertu, Ezkion, garai bateko bizimoduaren beste erakusgarri bat dago: Igartubeiti Baserri Museoa. Baserrietako garai bateko bizimodua eta sagardoa egiteko prozesua ezagutu daitezke bertan, XVI. mendeko baserri hau, egurrezko dolare erraldoi baten bueltan baitago eraikia.

Urtean zehar hainbat bisita eta erakustaldi egiten dituzte, eta irailean ospatzen duten Sagardo Astean, sagarra zanpatzean egiten diren kirikoketa doinuak ezagutu eta sagarraren muztioa probatzeko aukera ere izaten da, besteak beste.

Igartubeitiz gain, Ezkioko herriguneak ere merezi du bisita bat. Bertan dago San Migel eliza (XVI. mendekoa), baita herriko ostatua ere.

Ezkiotik nahiz Itsasotik, ibilbide polita eginez igo daiteke Kizkitzako ermitara. Honek ere badu bere kondaira edo istorio berezia; itsasargia du atarian, eta barrualdean, itsasontzi baten irudia ikus daiteke.


Legazpi

Burdina eta meategiak aipatu ditugu lehenago, baina Legazpi eta burdinaren harana izan ziren, langintza hori pausu bat aurrerago eraman zutenak. Izan ere, burdinolen sorreratik siderurgia enpresa handien sorrerarainoko prozesua ezagutu du herri honek.

Herrigunetik aurrera joanda, Mirandaolan daude burdinola eta burdinaren museoa. Benetan merezi duen bisita da, lanbide honen historia ezagutzeaz gain, burdinolen funtzionamendua barrutik ezagutzeko aukera ematen baitu. Izan ere, XVI. mendeko burdinola, uraren indarrarekin martxan nola jartzen den ikus daiteke. Burdina sutan goritu, eta mailu erraldoiarekin nola moldatzen zuten.

Geroagokoa da siderurgia lantegi handien iraultza. Patricio Etxeberria enpresariaren eskutik, lantegi-herri bihurtu zen Legazpi XIX. mendearen erdialdetik aurrera, eta Euskal Herritik kanpoko milaka langile etorri ziren bertara. Langile horietako baten etxea bisitatzeko aukera ere ematen du Burdinaren Museoak antolatzen dituen bisita gidatuetako batek.

Baina burdina, lanbide eta lan tresna ez ezik, arterako ere erabili izan da. Eta horren erakusle bikaina du Legazpik, bertan baitako Eduardo Chillida artista ezagunaren lantoki edo tailer izan zena ere.


Beasain

Legazpi bezala, Beasain ere industriari esker hazi zen XX. mendean zehar, eta egun, Goierriko herri nagusia da, 13.850 biztanlerekin. CAF tren enpresa ezagunak eraldatu zuen herria, eta kanpoko jende asko etorri zen bertara, lan egin eta bizitzera. Baserrietan bizi zen jendearengan ere izan zuen eragina, asko baserriko lanak utzi eta kalera etortzen hasi baitziren.

Beasainen historia, lehenagotik dator, ordea, eta horren erakusgarri da Igartzako Monumentu Multzoa. Errege bidearen eta Santiago bidearen pasaerako lekua zen, baita Tolosa, Ordizia eta Segurako Erdi Aroko hiribilduen artekoa ere. Horregatik, XIV. mendean Lazkaoko jauntxoak bertako lursailak erosi eta semea ezarriko zuen bertan, leku estrategikoa baitzen. Palazioa ez ezik, haren inguruan errota eta ermita txiki bat eraiki zituzten, baita gerora, burdinola bat ere.

Aranzadi Zientzia Elkarteak 1996. urtean ekin zion jauregia eta inguruak berreskuratzeko lanari, eta harrezkero, monumentu multzo izendatu dute. Igartzako gunea ezagutzeko bisita gidatuak eta antzeztuak ere egiten dituzte.

Igartzatik herrigune aldera eginda, tren geltokia eta Beasaingo komertzio nagusia diren Nafarroa etorbidea eta Kale Nagusia aurkituko ditugu. Bertan taberna ugari ere badaude, eta bertako pintxoak probatuz buelta bat ematea ere plan polita izan daiteke.

Beasainen non lo egin

Beasainek autokarabana gunea du, Igartza Monumentu Multzoaren atzealdean, Loinatz futbol zelaiaren ondoan kokatua. Autoentzako aparkalekua bada ere, hainbat plaza ditu AK eta kanperrentzat gordeta, eta urak hustu eta betetzeko lekua ere bai. Ura eta argindarra martxan jartzeko fitxak, parkinaren ondoan dauden tabernetan eskatu daitezke.


Ordizia

Beasainen nortasuna industriak markatu izan badu, Ordizia merkataritzagatik izan da ezaguna. Bertan ospatzen da, duela 500 urte baino gehiagotik, Ordiziako Azoka ezaguna. Asteazken goizero egin ohi dute, eta bertakoak ez ezik, inguruko herrietako nekazariak eta erosleak ere gerturatzen dira bertara. Plaza nagusian kokatzen dira bertako barazkien posturik garrantzitsuenak, eta haren bueltan eta ondoko kaleetan, bestelako jakienak. Arropen eta bestelako salgaien postuak berrik, zuhaiztian edo Arboledan jartzen dituzte.

Asteroko feriaz gain, apirilean, irailean eta eguberrietan, herri osoa hartzen duten feria bereziak ere egiten dituzte. Baita, egoera normalean, Erdi Aroko azoka ere.

Izan ere, Ordiziak Erdi Aroko herrigunea du, nahiz eta azken mendeetan izandako hazkundea dela medio, gune hau biltzen zuten harresiak galdu dituen. Hala ere, erdigunean baditu hainbat eraikin interesgarri; horietako batzuk dira Barrena jauregia, Mujika dorretxea, Sujetoenea edota Zabala jauregia, besteak beste. D’Elikatuz zentroan (turismo bulegoa ere bada), bisita gidatuak eskaintzen dituzte.


Ataun

Zegama Aizkorri-Aratz parke naturalaren sarbideetako bat bada, Ataun da Enirio-Aralar naturgunearen ate nagusietako bat. Joxemiel Barandiaranen jaioterria, Gipuzkoako herririk luzeena da, eta Agauntza errekaren ibilbidean zehar, hainbat auzo eta auzunetan banatuta dago.

San Martin auzoan daude udaletxea eta herriko saltoki eta tabernarik gehienak. Bertatik San Gregorio auzoraino, eta haruntzago baita Ergoiena auzoraino ere, oinezko bide bat dago, herri bidea edo Axio bidea bezala ezagutzen dena. Errekaren ondotik doa eta 6-7 kilometrotako bidea egiten du.

Bide horretatik, Joxemiel Barandiaranen bizileku izan zen Sara etxea ikus daiteke; Barandiaranek hainbat urte egin zituen Iparraldean bizitzen, eta hangoen moduko etxea eraiki zuen, bere jaiotetxearen ondoan. Bidean aurrera eginda, Larruntza errota eta egurrezko errotatxoa ikus daitezke, eta baita Barandiaran Museoa ere.

San Gregoriotik aurrera, Ergoiena auzoraino jarraitzen du herri bideak, eta Urbitarte sagardotegiaren ondoan bukatzen da. Goiz pasako ibilbide eder baten ondoren, bazkaltzeko leku ederra da.

Lizarrustitik Lareora

Ataun herri luzea dela aipatu dugu, eta errepidean aurrera jarraituta, Lizarrustiko gainean bukatzen da, Nafarroarekin muga eginez. Bertan dago kokatuta Aralarko Parketxea. Parke naturalari buruzko informazioa emateaz gain, hainbat ibilbide egiteko aukera dago bertatik.

Ibilbide horietako bat da Lareoko urtegira doana. Lizarrustitik bertatik abiatuta, bi ordu eta erdian egin daiteke joan etorria. Pagadi dotore batetik abiatu eta harkaitz eta labar artean jarraitzen du bideak; Akerretako tunela pasata iritsiko gara Maizierrekako arroilaraino. Handik aurrera, pista bat jarraitu behar da urtegiraino. Behin Lareora iritsita, urtegiari itzuli osoa eman dakioke, inguru paregabean kokatuta baitago. Handik gertu dago Sarastarriko koba ere.

Beste ibilbide bat probatu nahi duenak, Alleko, Marumendi edo Akaitz Txiki tontorretara, edo Oidui aldera ere jo dezake.


Lazkao

Lazkaoko jauntxoa aipatu dugu lehen, eta haren pean, Goierriko hainbat herri izan ziren erdi aro garaian. Azken urteetan asko hazi den herria da Lazkao, baina herrigunean baditu hainbat eraikin interesgarri. Beneditarren konbentua eta artxibo historikoa, mojen konbentua edota Lazkaoko kondearen palazioa dira horietako batzuk.

Herrigunetik gora, Lazkaomendin, Goierriko ikuspegirik ederrenetakoez gozatzeko aukera dago. Bertatik ikusten da ondoen, Txindokiren eta Aralarren silueta osoa, eta baita beste aldera, Aizkorrirena ere. Bertako Abalin baserrian jaiotakoa da Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolari ezaguna. Paseo bat egin eta Ixurrene edo Pipas jatetxeetan zerbait hartu edo bazkaltzea, plan polita izan daiteke.


Zaldibia

Aizkorriko magalean hasi dugun ibilbidea, Aralarren altzoan bukatuko dugu, Zaldibian. Mondeju zuriagatik da ezaguna ezaguna, batez ere, Zaldibia. Baina haren inguruan, hainbat ibilbide interesgarri egiteko aukera ere badago.

Lazkaomenditik behera jaitsiko gara Zaldibiara. Herrigunetik gora, Larraitz alderako bidea hartuta, Saturdi auzoa dago. Ermita eta baserri batzuk besterik ez ditu, baina bertatik, Txindoki (edo Larrunarri) mendiaren ikuspegi ederra dago.

Larraiztik Txindokira

Goraxeago joanda dago Larraizko aparkalekua. Handik abiatzen da gailur ezagunera daraman oinezko bidea. Bi ordu eta erdi inguruan iritsi daiteke tontorrera; hasieran bidea nahiko laua da, eta ondo seinalizatuta dago. Laster pista bukatu eta bidezidor bilakatzen da. Behin iturria pasata hasten dira aldaparik gogorrenak. Hainbat artzain txabola biltzen dituen saroia ikusiko dugu ezkerretara, eta bertatik hasten da azken igoera, harri tartetik. Gailurretik dagoen ikuspegiak, ordea, merezi du egindako ahalegina, Goierri osoa ez ezik, Gipuzkoaren zati handi bat eta Aralar bera ere ikusten baitira.


Eta hemen bukatzen da Goierrin barrena egindako ibilbidea. Beste hainbat herri eta txoko ere badaude, baina egun gutxi batzutan ezinezkoa da denak ezagutzea. Ikusten duzuen bezala, gure eskualdean aukera zabala dago! Zatozte, ez zaizue damutuko!

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude