Asturias furgonetan
Asturias paradisu naturala dela dio eslogan ezagun batek, eta ez zaio arrazoirik falta. Kilometro gutxian, hondartza eta arrantzale herrietatik mendi garaietara irits daiteke, eta horrek, furgonetan edo autokarabanan bidaiatzen dugunontzat, aukera asko eta zabalak eskaintzen ditu.
Betidanik erakarri izan gaitu Asturiasek. Lehendik ere izanak ginen, bidaia azkar batean, baina oraingoan, behar duen denbora eskaini eta sakonago ezagutu nahi izan dugu. Hamasei egunetan zehar, kostalde osoa eta barrualdeko lekurik esanguratsuenak zeharkatu ditugu, eta bidaia ederra egin dugunaren sentsazioarekin bueltatu gara.
ASTURIASKO BALIABIDEEN MAPA
AURKIBIDEA HERRIZ HERRI
1.- Potes y Panes
2.- Pimiango
3.- Llanes
4.- Ribadesella
5.- La Cuevona eta Cuevas herria
6.- Llastres
7.- Tazones
8.- Cudillero
9.- Lluarca
10.- Puerto de Vega
11.- Tapia de Casariego
12.- Taramundi
13.- Parque Natural de Somiedo
14.- Teverga
15.- Cangas de Onís
16.- Cabrales
Potes eta Panes
Asturiasen bete-betean sartu aurretik, Kantabriako herri eder hau ezagutzeko aprobetxatu dugu, bidean geldialdi bat eginda. Potes bi herrialdeen arteko mugan kokatuta dago, Liebana eskualdean eta Deva eta Quiviesa ibaiek bat egiten duten lekuan. Bere kokapenagatik, kantauriar itsaroaren eta Leongo probintziaren arteko erdibidean, komertzialki leku estrategikoa izan da, eta horrek aberastasuna ekarri dio herriari. Egun, turismoa da bertako diru iturri nagusia.
Mendi eta paisaia ederrez inguratuta egoteaz gain, Potesen herriguneak ondare aberatsa du. ‘Zubien herria’ bezala da ezaguna, ibaiaren bi aldeak lotzeko hainbat zubi baititu. Denetan zaharrena, San Cayetano izenekoa, XIII eta XV. mendeen artean eraiki zuten; Kartzelako zubia ere, Erdi Arokoa da. Haien ondoan, Zubi Berria dago, beste biak baino garaiagoa, eta autoak bertatik pasatzeko pentsatua.
Erdi aroko dorreengatik ere bada ezaguna Potes. Infantado dorrea da ezagunena, XIV. mendean eraikia eta Liebanako Jauntxoaren bizitoki izan zena. Geroago kartzela ere izan zen, eta egun, udaletxea eta erakusketa aretoa daude bertan. Handik gertu dago Orejon de la Lana dorrea ere, garai berekoa dena. Infantado dorrearen atzealdean, San Vicente eliza dago; bi eraikin ditu, bata XIV. mendekoa eta bestea XIX. mendean eraikitakoa.
Errekaz bestalde, Capitan Palacios plaza dago, herriko merkatal gune nagusia dena. Handik abiatuta, Solana auzoa bisitatu daiteke, bere harrizko kale estuekin eta taberna eta dendekin. Gastronomia aukera zabala du herriak. Edozein tabernatan, edariaz gain, bertako jaki tipikoak dastatu daitezke. Casa Cayo, Martin edo La Barrica dira jatetxe ezagunenetako batzuk. Sukaldaritza berritzaile eta ausartagoa nahiago dutenentzat, berriz, La Soldreria ere aukera bikaina da.
Potesek hainbat aparkaleku ditu herri sarreran, eta hauetan hainbat furgoneta eta autokarabana ikusi baditugu ere, bertako polizia nahiko zorrotza dela entzun izan dugu, eta badaezpada, nahiago izan dugu Panes herrira joan.
Potesetik Panesera
Potesetik Panesera 30 bat kilometroko bidea dago, Hermidako haitzartetik pasatzen dena. Paisaia basati bezain ederra da, eta Deva ibaian zehar, piraguan ibili edo Ferrata motako ibilbideak egiteko aukera dago.
Panes herrira iritsita, bertako AKgunean gelditu gara, gaua pasatzeko. Herrigunetik 900 bat metrora dago, eta errepidetik edo erreka ondotik doan oinezko bidetik joan daiteke bertara. Herriak ez dauka erakargune handirik, baina hainbat taberna eta bertako jaki eta produktu tipikoak saltzen dituzten hainbat denda ditu.
Pimiango
Panesetik 15-20 minutura dagoen herrixka txikia da Pimiango. Haren inguruan ordea, hainbat leku interesgarri aurkitu daitezke. Horietako bat da kostalde labartsuan, Santu Medé (San Emeterio) ermita eta Pindal koba uztartzen dituen ibilbidea. Mirador del Picu begiratokian utzi dugu furgoneta, eta handik abiatuta, ordubete inguruan egin dugu joan-etorriko bidea.
Ibilbidea aldapan behera hasten da, kostaldeko bista ederrekin. Bidean El Regolgueru kala eta Pimiangoko itsasargia ikus daitezke. Aurreraxeago joanda, Santu Medé ermitara iritsiko gara. Bisitarientzako harrera gunea dago bertan, baina abuztua izanda, bisitaldi guztiak beteta zeudela jartzen zuen kartela zegoen atean. Bertatik ikusten da ermita. Noiz eraikitakoa den zehazki ez badakite ere, XIII. mendekoa dela uste da; haren parean, belardiaren beste aldean dagoen humilladeroa, berriz, hare zaharragoa da. Ermitaren ondoan dagoen iturriko urak hezurretako minak kentzen omen ditu; hori dela eta, handik pasatzen diren erromesek hankak bertan bustitzeko ohitura dute.
Artadi batean barrena jarraituta, berehala iritsiko gara Pindal kobazuloaren sarrerara. Hau ere itxita zegoen, bisita aurrez hartu behar baita kobara sartzeko. Bertan, paleolitiki garaiko hainbat margolan aurkitu dituzte, tartean kobaren irudi bihurtu den mamut batenak. Kobazuloaren atarian, ordea, inguru berezi honek ezkutatzen duen beste harribitxi bat dago: parean duen amildegia. Harkaitz handi bat ikus daiteke itsasoan; legendaren arabera, aingeruek San Emeterio eta San Celedonioren gorpuzkinak harrizko itsasontzi batean kokatu zituzten, eta ontzi hori, Pimiangoko kostalderaino iritsi omen zen. Geroztik ‘harrizko itsasontzia’ bezala ezagutzen da.
Behin ibilaldia bukatu eta furgonetara itzulita, Puertas de Vidiago herrira joan gara, lagun batzuek gomendatu diguten Casa Poli jatetxean bazkaltzera. Bertako gastronomia probatzeko leku ederra da! Baina kontuz plateren tamainarekin, katxopoa sekulakoa da eta bi lagunen artean ere kosta egiten da bukatzea!! Ez dute erreserbarik hartzen; ordubatean zabaltzen dute eta iladan sartu ahala betetzen joaten da, beraz, garaiz joatea komeni!!
Llanes
Bidaiaren itinerarioan, hurrengo geltoki bezala Santiuste bufoia eta Buelnako amildegiak genituen markatuta, baina eguraldi txarra dela eta, aurrera jarraitzea erabaki dugu. Hala iritsi gara Llanes herrira. Aurreko bidaia batetik “fitxatuta” genuen kanpin bat aukeratu dugu, Entreplayas deitzen dena. Izenak dioen bezala, Toró eta Puerto Chicu hondartzen artean kokatuta dago, ikuspegi ederrekin. Kanpin txikia da baina oso gustura egon gara bertan.
Llanes kostaldeko herri ederra da; nahikoa turistikoa bada ere, goizean joanez gero gustura ikusten da. Portua eta alde zaharra dira erakargune nagusiak. Portuan, arrantzaleen joan etorria ikusteaz gain, Memoriaren kuboak ikus daitezke.
Kanpinetik oinez abiatuta, Chicu hondandartza atzean utzi eta itsasargiaren ondotik pasata, itsasadarraren ondotik iritsiko gara herriguneraino. Bi zubi aurkituko ditugu bertan: bata, oinezkoentzat bakarrik egindako pasarela, zuzenean portura daramana; eta bestea, metro batzuk aurrerago, herriaren bi zatiak uztartzen dituena, autoentzat nahiz oinezkoentzat. Zubiaren bi aldeetan, taberna eta komertzio ugari aurkitu daitezke; guk, asteko azokarekin ere egin dugu topo, eta oso giro bizia dago.
Herrigunean bisita bat merezi duten hainbat leku ditu Llanesek. Parres Sobrino plazan kafe bat hartu eta kaleetan “galdu” gara. Kale nagusitik gora joanda, Jasokundeko eliza, Estradatarren palazioa edota Erdi Aroko dorrea ikus daitezke, besteak beste. Izan ere, Erdi Aroan harresitutako hiria izan zen Llanes; handik metro gutxira, harresi haren zati bat eta ate nagusietako bat, San Nikolas izenekoa, mantentzen dira oraindik.
Konturatzerako, portu aldera iritsi gara. Garai bateko fuerte edo defentsarako gotorlekua, inguruko ikuspegiekin gozatzeko begiratoki ederra da, gaur egun. Aurreraxeago joanda, portuko dikean bertan, Agustin Ibarrolak margotutako Memoriaren Kuboak ikus daitezke; obra hori, Llanesen sinboloetako bat bihurtu da.
Kaiko paseotik bueltan, Llaneseko giroa ezagutzeko aprobetxatu dugu. Goizean hutsik ikusi ditugun portu inguruko kaleak, jendez bete dira eguerdirako. Kaitik kale nagusira bitarteko kale horietan, hogeitik gora taberna, sagardotegi eta jatetxe aurkituko ditugu.
Llanesen non lo egin
Orokorrean, eta debekuak debeku, Asturiasen ez dugu furgonetarekin lo egiteko aparteko arazorik aurkitu. Llanes eta kostaldeko beste herri turistiko batzuk, ordea, txanponaren beste aldean daude; erabat debekatu gabe ere, ez dute inongo erraztasunik ematen. Berez badauka AKgune bat, herrigunetik aparte xamar dagoena, baina hura beteta ere, aldameneko aparkalekuan lo egiten utzi izan dute orain arte. Abuztu honetan, ordea, AKgunea ixtea erabaki du bertako udalak, antza denez, bizilagunen kexak direla eta. Denboraldiz kanpo, beste aparkaleku edo furgoperfekto bat ere bazegoen lehen, baina udara honetan harri handi batzuekin itxi dute bertarako sarbidea. Toroko hondartzan, berriz, altuera mugatzeko galibo edo langa aurkitu dugu.
Dekretazua eta hainbat herritan izaten ari diren gorabeherak ikusita, bagenuen abuztuan Llanesen arazoak izan zitezkeenaren susmoa, eta azkenean, Entreplayas kanpinera joatea erabaki dugu. Kanpin txikia da, eta ondo kokatuta dago, bi hondartza txikiren artean, eta herrigunetik bost bat minutura. Prezioz ere, kostaldean dagoela kontutan izanda, ez da garestia.
Ribadesella
Eta kostako bidea jarraituz Llanesetik Ribadesellara iritsi gara. Izenak iradokitzen duen moduan, Sella ibaia itsasoratzen den lekuan kokatuta dago. Hain zuzen ere, itsasadarrari eta itsasoari berari lotutako bizimoduak eman dio egun duen izaera.
Herrigunean sartu eta berehala, beste azoka batekin egin dugu topo; geroago jakin dugu Asturiasko merkaturik zaharrenetako bat dela, XIII. mendetik egiten baita. Guk espero genuena baino herri handiagoa dirudi Ribadesellak, eta jende asko dabil kaleetan. Bertan, Maria Magdalenaren eliza eta haren plaza dira gune nagusietako bat. Kaleetan zehar, ordea, XVI. eta XVII. mendeetako hainbat armarridun etxe ere ikus daitezke.
Itsasadarrari jarraituz, paseo luze bat dago, lehen zatian Kaiko paseoa eta bigarrenean Garabiaren paseoa bezala ezagutzen dena. Azken zati honetan, Mingote margolari ezagunak egindako panel batzuen bidez, Ribadesella herriaren historia ezagutzeko aukera dago. Paseo horren bukaerara iritsitakoan, Virgen de la Guia ermitara doan bidea hasten da; 138 eskailera igo behar dira bertara igotzeko, gain batean kokatuta baitago. Ermita txikia eta forma bitxikoa da, baina herritar nahiz arrantzaleentzat garrantzia handikoa. Eta gu bezalako bisitariontzat, eskaintzen dituen ikuspegiengatik bakarrik ere merezi du hara igotzeak.
Bueltakoan, Portiellu auzoa ezagutu dugu, herriko auzorik zaharrena. Bertako kale estuetan, aldapan eraikitako etxe txiki eta politak ikus daitezke. Auzo horretan daude Jonathan Hevia bertako artistak margotutako koloretako eskailera ezagunak ere. Bertan, behetik gora, bi esaldi iraku daitezke: aurrenekoa Vincent Van Gogh margolariarena da: “Zer litzatele bizitza, zerbait berria egiten saiatzeko adorerik ez bagenu?”; bigarrena, berriz, Camilo José Cela idazlearena: “Eta Ribadesellako itsasertzera gerturatu ziren, berau berdatzen eta hasperen egiten ikusteko”.
Ribadesellan non lo egin
Ribadesellak badu AKgune bat, baina zer aurkituko genuen oso ondo jakin gabe abiatu gara, 4 plaza bakarrik dituela jartzen baitu. Bertara iritsi garenean, ordea, sorpresa atsegina hartu dugu. Berezko gunearen parean, beste aparkaleku bat egokitu eta seinaleztatu dute furgoneta eta autokarabanentzat. Iritsi garenerako, guztira 40tik gora izango ginen! Azkenean, ordea, ez gara bertan lotan gelditu, beste alternatiba bat aurreikusita baigenuen, eta erakargarriagoa egiten zitzaigun. Baina hori, hurrengo herrian kontatuko dizuegu.
La Cuevona eta Cuevas herria
Ribadesellaren inguruetan, hainbat kobazulo aurki daitezke. Tito Bustillo (edo Pozu’l Ramu asturieraz) izenekoa da horietako bat. Paleolitiko garaiko margolan garrantzitsuak aurkitu izan dituzte bertan, K.A.-ko 33.000 eta 10.000 urteen artekoak.
Guk, ordea, beste koba berezi bat ezagutu dugu, La Cuevona izenekoa. Cuevas del Agua herrira iristeko sarbide bakarra da, errepidea kobaren barrenetik pasatzen baita. 300 metroko luzeera du, eta oinez ere zeharkatu daiteke, baina kontuz joatea komeni da, errepide estua baita eta autoak edozein momentutan pasa baitaitezke bertatik. Oinez nahiz furgonetan pasata, zirrara eragiten duen lekua da.
Eta Cuevas del Agua herrian dago jomugan genuen lekua: Finca Piedramala. Gochu Asturiasko txerri arraza autoktonoaren haztegia da, eta bere zelaietako batean, furgonetan nahiz autokarabanan lo egiteko aukera ematen dute. Ez dago ezer ordaindu beharrik, baina elkarteko bazkide egiteko eskatzen dute; haien webgunearen bidez ere egin daiteke. Txerriak hazi eta txerrikiak ekoizteaz gain, erretegia ere badute, eta bertan bazkaldu edo afaltzeko aukera dago.
Handik, gure asmoa Cangas de Onís aldera joatekoa zen, kostako egun batzuk eta barnekaldean beste batzuk txandakatzeko asmotan gindoazen eta. Baina beste behin ere, eguraldiak gure asmoak aldarazi ditu. Barruan giro txarra ematen zuten, eta Covadongara igotzeko egunik egokiena ez zela ikusita, bueltarako uztea erabaki dugu.
Llastres
Eta hala, kostako bideari heldu diogu, atzera ere. Asturiasko kostan barrena egiten ari garen bidaia honetan, herri eder ugari ezagutu ditugu, baina denen artean, Llastres izan da gehien harritu gaituenetako bat. Itsasoaren gainean, maldan gora eraikitako herri ederra da, kale estu eta aldapatsuz betea. Doctor Mateo telesailari esker egin zen ezaguna duela urte batzuk, eta harrezkero, turismoak indar handia hartu du. Hala ere, mantentzen du herri arrantzaleen xarma berezi hori.
Aldapak aldapa, merezi du herriguneko kaleetan barrena galdu eta bertako etxeak eta txokoak ikusteak. Turismo bulegotik gertu, Erlojuaren dorrea dago; XVIII. mendekoa da eta 12 metroko altuera du, nahiz eta etxeen artean, erdi ezkutatuta dagoen. Handik gertu, Santa Maria de Sabada eliza edota San Jose ermita ere ikusi daitezke. Marinel estiloko etxeez gain, hainbat palazio ere baditu herriak; Robledo, Don Pedro eta Vallados etxeak adibidez, denak ere XVII eta XVIII. mendeen artean eraikitakoak.
Kaleetan behera eginez, porturaino iritsiko gara. Bertako ontzi eta batel koloretsuez gain, herria zaintzeko erabiltzen ziren kainoiak ere ikus daitezke. Eta nola ez, lonjatik zuzenean datozen arrain eta mariskoak probatzeko jatetxerik ere ez da falta.
Llastresen non lo egin
Lotarako bi aukera eskaintzen ditu Llastresek. Aurrena, Ribadesella aldetik gatozela, herri sarreran dagoen aparkalekua da. Abuztuan 10 euro ordaindu ditugu bertan lo egiteagatik, eguna eta gau osoa pasatzeko, berriz, 20 euro ordaindu behar da. Aparkaleku soil bat izateko asko dirudi, baina herrigunetik gertu dago, eta sekulako ikuspegiak eskaintzen ditu. Bigarrena, herriaren gainkaldean dago, San Roque begiralekuaren ondoan. Duela gutxira arte bertan egin zitekeen lo, baina orain pasabidea itxi eta haren ondoan zelai bat egokitu dute, auto nahiz furgoneta eta autokarabanentzat.
Tazones
Aditzeraz ezagunagoak diren herriez gain, Asturiasko kostaldeak hainbat sorpresa eta ezusteko ere eskaini dizkigu, eta Tazones herria izan da horietako bat. Lagun batzuk bertako jatetxe bat gomendatu zigutelako joan gara, baina laster ikusi dugu herriak berak ere merezi duela!
Arrantzale giroko herri txikia da, neurrira egindako portu eta hondartza baten inguruan eraikia. Bertako etxeek, kostaldeko herrietako ohiko arkitektura mantentzen dute, horma zuriekin eta kolore biziz margotutako egurrezko apaingarriekin. Etxe horien artean, bada bat zinez berezia dena, haren sarrerako horma goitik behera itsasotik jasotako maskorrez estalita baitago.
Tazones herri txikia dela esan dugu, baina inguruko kostako herriek adina jatetxe ditu. Guri La Tortuga sagardotegi-jatetxea gomendatu ziguten, eta ez zitzaigun damutu! Itsasoko jakirik ederrenak probatzeaz gain, Xicu jabeak, bere umore bereziarekin, oso ondo hartu gintuen. Izan ere, Euskal Herria eta bertako sagardotegiak ederki ezagutzen ditu!!
Cudillero
Asturiasera egin genuen aurreneko bidaitik ezagutzen genuen beste herrietako bat zen Cudillero, baina behin kostako ibilbidea egiten hasita, oraingoan ere ezin genuen alde batera utzi. Izan ere, Asturiasko herririk eder eta berezienetako bat da. Portu zaharreren inguruan hasi, eta maldan gora, kasik bertikalean eraikitako herria da.
Beheko plazan dauden jatetxeez gain, merezi du bertako kale estu eta aldapatsuetan murgiltzeak. Herriaren goikaldean, hiru begiratoki ditu, denak ere, ikuspegi paregabea eskaintzen dutenak. Itsasargia eta portua dira egin beharreko beste bisita batzuk.
Cudilleron non lo egin
Esan bezala, portuak ere merezi du bisita bat. Haren bukaeran dago furgoneta eta autokarabanentzat gordetako aparkalekua. Ez da AKgune bat, baina udan behintzat, gure moduko ibilgailuz bete-betea zegoen. Beste aukera bat, herriaren gainkaldean dauden bi kanpinetako bat aukeratzea da. Hori bai, oinez igotzea pentsatzen baduzue, kontuan izan aldapan gora pare bat kilometro behintzat egin beharko dituzuela!!
Lluarca
Llanes eta Cudillerorekin batera, Asturiasera egindako aurreneko bidaian ezagutu genuen herrietako bat da Lluarca, baina orduan, behelaino itxia zela eta, ez genuen behar bezala ikusterik izan. Oraingoan zorte hobea izan dugu, eguraldi ederra atera baita.
Arrantzale giroko herria da hau ere, baina baditu berezitasun batzuk. Horietan lehena, bere orografia da; izan ere, bi lurmuturren artean kokatuta dago herria, ‘U’ forma hartuz. Lurmutur horiek, gainera, altuera handia hartzen dute herriaren aldean, eta begiratoki eta ermita bana dago bietan ere.
Ekialdetik sartuta lehena, la Encoronada izeneko lurmuturra da. Harkaitz eta labar gainean sartzen da errepidea, eta Andre Zuriaren ermita (Nuestra Señora la Blanca) eta itsasargia inguratzen ditu. Merezi du bertan geldialdi bat egiteak; ermitaz gain, hilerri ikusgarria eta Arreas hondartzara ematen duen begiratokia baititu. Muinoaren beste aldean berriz, Luarca herriaren ikuspegirik ederrena dago. Baita Lluarcaren historian garrantzitsuak izan diren itsasgizon eta marinelei eskainitako Mesa de los Mareantes eskultura ere.
Handik behera dago El Cambaral auzoa, herriko ‘alde zaharra’. Etxe gutxi batzuk mantentzen dute garai bateko arrantzale etxeen itxura eta egitura, baina askok, Asturiasko mendebaldean ohikoak diren arbelezko teilatuak dituzte oraindik. Handik behera, oinez nahiz errepidez, portu aldera jaitsi daiteke.
Portu bizia du Lluarcak, eta bertan nahiz ondoan duen lonjan, aktibitate handia ikusi dugu. Zubien herria ere bada Lluarca (zazpi ditu guztira), eta horietako batek, badu istorio berezi bat. Musuen zubia izenekoaz ari gara; bertako jauntxo baten alaba, inguruan ugariak ziren pirata batekin maitemindu zen. Zubi honetan elkartu ziren, biak elkarrekin ihes egiteko asmoz, eta elkarri musu ematen ari zirela, neskaren aitak ikusi eta haserre betean, burua moztu omen zien biei.
Lluarcan non lo egin
Herrian ez dago aparkatzeko leku askorik, eta errekaren bidea jarraituz, futbol zelaiaren ondoan dagoen aparkalekura jotzea erabaki dugu. Ez da AKgune bat, baina autokarabanak eta furgonetak baimenduta daude, eta mota horretako ibilgailu ugari ikusi dugu bertan. Gaua pasatzeko leku ona da, paseo bat emanez joan baitaiteke herriguneraino.
Puerto de Vega
Asturiasko herririk ezagun eta turistikoenetako batzuk pasa eta gero, lasaitasun pixka bat behar genuen, eta Puerto de Vega herrixkak eman digu bilatzen genuen lasaitasuna. Herri txikia da, eta erraz ikusten da, baina harritu egin gaitu haren xarmak.
Arrantzale giroko herria hau ere, portua eta lonja ingurua dira herritarren bilgune nagusiak. Goiz lasaia da eta ez dabil jende askorik, eta herritik paseo bat ematea erabaki dugu. Hala jakin dugu piraten erasoetatik babesteko gotorlekua eta harresiz inguratutako portua izan zituela. Bidea jarraituz, harkaitz eta labar ikusgarrietan barrena ibili gara.
Puerto de Vegan non lo egin
Kostako beste herri batzuetan izan ditugun zailtasunen aldean, Puerto de Vegan dena da erraztasuna. Portuan bertan, autokarabana eta furgonetentzat gordetako tokia dute; AKgune bat izan gabe ere, gaua pasatzea baimenduta dagoela dioten kartelak daude, eta baita handik 7 kilometrora, Tapia de Casariegon, beste zerbitzu gune bat dagoela dioen beste seinale bat ere. Gainera, portuan bertan txiringito bat dago, eta oso gustura egon gara bertan, ilunabarrarekin gozatuz.
Tapia de Casariego
Eta iritsi gara gure kostako bidearen amaierara; Tapia de Casariego da Asturias mendebaldean kostako azken herrietako bat. Eta AKgune ederra duenez, bertan egun osoa pasatzea erabaki dugu. Xarma berezia duen herria da hau ere; barnekaldetik herri haziagoa badirudi ere, itsasertzeko paseoak eta portuak badute erakargarri egiten duen zerbait. Hemen ere, bizpahiru solairuko etxeak eta arbelezko teilatuak dira nagusi.
AKgunearen ondoan dagoen Murallon hondartzatik abiatuta, paseo ederra dago itsasertzetik portu alderaino. Bertan, itsas urez egindako igerilekua, eta Os Cañois begiratokia daude; hau ere, piraten erasoetatik babesteko gotorlekua izan zen. Parez pare, itsasargia ikusiko dugu handik; baina aurretik, portura iritsi behar da.
Lluarcak bezala, Tapiako portuak ere ‘U’ forma hartzen du, barrualdera sartuta. Bertan, itsasontziak eta txalupak ekartzeko atoia dago, hau ere, itsasontzi itsurakoa. Portuan hainbat taberna daude, eta itsasargirako buelta egin eta gero, bertan gelditu gara bazkaltzen. Hemendik barrualdera joango gara, eta itsaskiz osatutako azken bazkaria egiteko aprobetxatu dugu!
Tapia del Casariegon non lo egin
Aurretik aipatu dugun moduan, Tapia del Casariegok AKgune ederra dauka. 40 bat ibilgailurentzako tokia du, eta zortea izan dugu, gelditzen zen leku apurretako batean aparkatu baitugu! Urak hustu eta betetzeko tokia ere badu. Ordainpekoa da, eta 4 euro ordaindu behar dira 24 orduz bertan egoteko; gehieneko egonaldia, berriz, 48 ordukoa da. Ondo kokatuta dago, hondartza baten eta txiringito baten ondoan, eta herrigunera paseo bat emanez joateko moduan.
Taramundi
Kostaldea atzean utzi eta Eo ibaiari jarraiki, Castropol eta A Veigan barrena iritsi gara mendialdeko herri txiki honetara. Taramundi zentzu askotan da herri berezia. Artisautza eta labanagintzagatik da batez ere ezaguna, baina baita bertako ondareagatik ere.
Paraje eder baten erdian kokatuta dago, Galizarekin muga-mugan eta mendiz eta basoz inguratuta. Herrigunean, bertako artisautza produktuak saltzen dituzten hainbat denda aurki daitezke. Baita San Martin eliza ere. Urte askotan zehar, labangintza izan da Taramundiko jarduera ekonomiko nagusietako bat, eta herrigunean nahiz inguruetan, hainbat tailer daude, horietako asko, bisitatu daitezkeenak.
Baina jarduera horrek herrian izan duen garrantzia ulertzeko modurik onena, herriaren gainkaldean dagoen Labanagintzaren Museoa bisitatzea da. Autoz nahiz oinez joan daiteke bertara; aldapan gora igo behar da, baina hogei bat minuturen buruan iristen da bertara oinez. Gainera, bidetik herriaren ikuspegi ederrez gozatu daiteke.
Herritik gertu, badaude beste interesgune batzuk ere. AKgunetik oso gertu, Os Castros kastroaren aztarnak bisitatu daitezke. Brontze Aroan sortu zen, eta Asturiasko kastrorik garrantzitsuenetako bat da. Garai hartako hainbat etxeren harrizko egitura mantentzen da oraindik, baita geroago, erromatarren garaian, bertan eraikitako sauna bat ere.
Errepidean behera jarraituta, Mazonovoko errotaren museoa dago. Uraren indarrarekin, presa bat eta hainbat kanal erabilita, martxan jartzen dute errota. Handik abiatzen da Uraren Ibilbidea ere, herri inguruan dauden hainbat gune etnografiko eta Salgueira urjauzira daraman oinezko bidea.
Gune horietan interesgarrienak Os Teixois eta As Veigas herrixkak dira, biak ala biak ere, gune arkitektoniko eta etnografiko interesgarriak. Bisita gidatu baten bidez, bertako errota edota forja martxan ikus daitezke.
Taramundin non lo egin
Furgoneta eta autokarabananentzat prestatutako gunea du Taramundik. Frontoiaren atzean kokatuta dago, herrigunean bertan. Nahiko estua da eta gu joan ginenean, hainbat auto ere bazeuden bertan aparkatuta, nahiz eta gauerako denak joan ziren. Urak husteko lekua ere badu. Handik gertu, gainera, turismo bulegoa eta Solleiro sagardotegia daude.
Somiedoko Natur Parkea
Barnealdeko herrien artean, Somiedoko Natur Parkea da gure hurrengo jomuga. Taramunditik abiatuta bi ordu eta erdiko bidea dago, eta zati batzutan kostaldera gerturatu behar izan dugu berriz, mendiz ez baitago bide zuzenik, eta daudenek asko luzatzen dute bidaia.
Pola de Somiedo herrira iritsi gara aurrena. Herriaren behekaldean, aparkalekuaren aldamen batean, furgonetaz eta autokarabanaz betetako zelai bat ikusi dugu, nahiz eta lo egitea debekatuta zegoela zioen kartel handi bat zegoen sarreran. Herria ikusteko aprobetxatuko dugu aparkaleku hau, baina ez gara bertan lotan gelditu. Bazkaltzeko leku kurioso bat nahi baduzue, Meirel sagardotegi-jatetxeak terraza ederra du erreka ondoan, eta bertako uretan edukitzen dituzte sagardo botilak freskatzen.
Salienciako lakuak eta brañak
Somiedoko parke naturalak asko dauka ikusteko, baina gu bezala, egun bakarrerako planarekin joanez gero, Saliencia bailarako lakuak eta braña edo artzain txabolak ezagutzea gomendatzen dizuegu. Lakuetara joateko, Farraponako gainera igo behar da; aparkaleku handi bat dago bertan, eta handik hasten da ibilbidea. Guztira lau laku daude, eta 8 kilometroko ibilbide zirkular bat egin daiteke guztiak ikusiz. Aurreneko lakua ikusteko joan-etorria berriz, ordubete inguruko ibilaldian egin daiteke. Bidean dauden paisaiek eta lakuetako uraren kolore biziak merezi dute ahalegina.
Farraponako bidean, hainbat teito edo artzain txabola, eta brañak (saroiak edo txabola horien multzoak) ikusi daitezke. Gorako bidean errepidetik ikusi ditugu batzuk, eta beherakoan horietako batera gerturatu gara. Harrizko egitura eta egurrez, lastoz edo bestelako zuntz begetalez estalitako teilatua dute, eta multzoka egon ohi dira. Multzo horietan, etxebizitzak, ikuiluak, lastategiak edota garia eta bestelakoak gordetzeko horreo edo biltegiak aurki daitezke. Denbora gehiago baduzue, Pornacal, Los Cuartos edo Sousas brañak ezagutzeko ibilbideak ere egin daitezke.
Bueltakoan Saliencia herriko aparkalekuan gelditzea pentsatu dugu, baina parke naturala izanda, ez genuen oso garbi lo egin ote zitekeen edo ez, eta berriz errepidea hartuta, Tevergara joatea erabaki dugu, han bai, furgonetak eta autokarabanak ondo hartuak gara eta.
Teverga
Duela urte batzuk bertan egindako KDDa batetik ezagutzen genuen Teverga, baina egia esanda, ez genituen herriak eskaintzen dituen aukera guztiak gehiegi ezagutu. Izan ere, Somiedok bezala, Tevergak ere azkar ikusteko edo egun batzuk bertan pasata gehiago sakontzeko aukera ematen du.
Teverga Ubiñas-La Mesa natur parkean kokatuta dago, eta hainbat ibilbide egin daitezke bertan. Denetan ezagunena, Senda del Oso bezala ezagutzen den ibilbidea da. Izen hori hartu badu ere, Bide Berde bat da; garai batean meatzeetara joan-etorria egiten zuen trenaren bidean egin zuten. Entrago herritik abiatuta, 29 kilometroko ibilbidea egiten du, Huerta kobazuloraino. Aurreneko 20 kilometroak lauak dira, eta errekaren ondotik eta haitzarte ikusgarri batetik pasatzen dira, eta oinez nahiz bizikletan egin daitezke. Bizikletarik ez baduzue, ibilbidearen hasieran badago alokatzen dituen enpresa bat.
Ondareari dagokionean, San Pedro de Teverga herrian (AKgunetik metro gutxira), dagoen kolegiata bisitatu daiteke; aurre-erromaniko garaian (XII. mendean) eraiki zuten, nahiz eta gero handitu eta kanpandorrea eta klaustroa gehitu zizkioten. Kanpoaldean, inguruko animaliei eskainitako harburuak ditu; besteak beste, basurdeak, otsoak, ahuntzak, orkatzak edota hartzak ikus daitezke bertan. Bisita gidatuak ere egiten dituzte barrutik ikusi ahal izateko.
Denbora faltagatik ez genuen ikusi, baina Tevergan egin daitekeen beste bisita interesgarri batzuk dira Historiaurrearen Parkea, Huerta kobazuloa, edota La Foceicha herrixka, garai bateko mendialdeko herri asturiarren arkitektura mantentzen duena.
Tevergan non lo egin
San Martin de Teverga da bailarako herri nagusia eta zerbitzu, denda eta ostatu edo taberna gehien dituena. Haren eta San Pedro de Tevergaren artean kokatuta dago AKgunea, bidaia honetan zapaldu dugun ederrenetako bat. Gu egon garen denboran 30 bat autokarabana eta furgo zenbatu ditugu (eta errepidez bestaldeko aparkalekuan beste 20 bat egongo ziren). Urak husteko eta betetzeko lekua ere badu. Bertatik paseo bat emanez joan daiteke herrira.
Cangas de Onis
Duela hainbat urte Asturiasera egin genuen aurreneko bidaiatik ezagutzen genuen Cangas de Onis herria, baina orduan, eguraldi eskasa zela eta, Covadonga eta bertako lakuak ezagutu gabe gelditu ginen. Bidaia hau antolatzerakoan, ibibidearen hasieran joan nahi genuen bertara, baina beste behin ere, eguraldiak ez zuen lagundu, eta bidaiaren bukaerarako uztea erabaki genuen. Hirugarren saiakeran, zorte gehixeago izan dugu, eta azkenean bisita osoa egin ahal izan dugu.
Bai Cangas de Onis eta bai Covadonga, Pelayo Asturiasko erregearen inguruko mitologiak estaltzen ditu. Covadongan mairuen kontra bataila ezaguna gidatu zuen Pelayok, eta garaipen haren ondotik, Cangas de Onis herrian ezarri zuen Asturiasko erreinuaren hiriburua.
Herrigunean, Cangasen sinbolo nagusia den zubia da bisitatu beharreko tokietako bat. Erromatar zubia bezala ezagutzen bada ere, Erdi Aroan eraikia izan zen. Sella ibaiaren bi aldeak lotzen ditu, eta bertakoek el puentón deitzen diote, tamainaz ere, ikusgarria baita. Zubiaren erdialdean zintzilikatuta, Garaipenaren Gurutzea dago (Asturiasko banderan ere ageri dena). Zubiaren inguruan, hainbat taberna daude eta giro ederra egoten da, eta zorte pixka batekin, baliteke gaiteroren bat bertan jotzen entzutea ere.
Handik gertu, Jasokundearen eliza, aurrean Pelayoren irudia duena, eta merkatu plaza daude. Elizak kanpandorre berezia du, hiru altueratan eraikitakoa. Haren inguruan daude udaletxea eta turismo bulegoa, biak ere, indiano etxe dotoreetan kokatuta.
Covadongako lakuak eta santutegia
Covadongako lakuak eta santutegia, Asturias osoko lekurik ezagun eta turistikoenetako bat dira. Hori kontuan izan behar da hara joateko bidaia planifikatzerako orduan. Merezi duen lekua da, dudarik gabe, baina aurrez prestatuta, antolatuta eta pazientzia dosi on batekin joatea gomendatzen dizuegu, batez ere abuztuan joatekoak bazarete.
Santutegia Cangas de Onisetik apenas 10 bat minutura dago errepidez. Kontua da, handik lakuetara doan bidea itxi egiten dutela egunez (08:30etik 20:30era) eta ezin dela gure ibilgailuekin igo edo jaitsi. Aukeretako bat goiz jaiki eta 08:00ak baino lehen igotzea da; kasu horretan lakuetako aparkalekuraino igo daiteke, baina kontuan izan iluntzera arte ezin izango duzuela jaitsi. Gainera, santutegitik lakuetarako bidea oso estua da, eta autobus batekin gurutzatuz gero, komeriak izan ditzakezue.
Bigarren aukera furgoneta edo autokarabana herrian edo bidean dauden aparkalekuetako batean utzi eta autobusez igotzea da. P1 aparkalekua autobus geltokiaren ondoan dago; AKgune edo husteko lekua du eta bertan lo egin daiteke. Cangasetik Covadongara bidean, beste hiru aparkaleku daude, P2, P3 eta P4 deiturikoak. Denetan gelditzen da autobusa, eta parkinen atarian autobusaren txartela hartzeko etxetolak daude. Turismo bulegoan galdetuta, P3 aparkalekuan lo egin daitekeela esan digute. Beraz, gure ustez, aukerarik onena furgoneta herrigunean edo P3 aparkalekuan utzi eta busez igotzea da, oso goiz jaiki eta egun osoa goian pasa nahi ez baduzue behintzat.
Hori guztia azalduta, goazen Covadongako Santutegia ezagutzera. Eraikin nagusiak edo interesgarrienak, Santa Maria la Real basilika eta La Santina bezala ezagutzen den kapera dira. Baita Pelayoren eta beste hainbat pertsonaiaren hilobiak biltzen dituen tumbarioa ere.
Santutegira iritsi eta lehen turista uholdea eta souvenir saltzaileen txiringitoak gaindituta, La Santina kaperaren azpira iritsiko gara. Oso leku kuriosoa eta ‘fotogenikoa’ da. Harkaitz handi baten azpian, koba moduko batean kokatuta dago, eta urjauzi eta putzu baten gainean. Eskailera batzutan gora igotzen da bertaraino, baina atean eta megafonia bidez, “leku sakratua” dela eta argazkirik ezin dela atera dio apaiz ahots batek. Beraz, buelta hartu eta ate batetik, eta kasik nora goazen jakin gabe, tumbario edo hilobitegi batera sartu gara. Eliza baten klaustroa dirudi, baina bertako hormetan, Asturiasko pertsonaia garrantzitsu ugariren hilobiak gordetzen dituzte.
Handik aterata, Santa Maria la Real basilikara gerturatu gara. XIX. mende bukaeran hasi eta XX. mendearen hasieran bukatutako eraikina da, ikusgarria kanpotik, baina Covid-19aren kontrako neurriak direla eta, bisitak oso mugatuta daude, eta barnealdea ikusi gabe gelditu gara.
Santutegitik gora, beste 20 bat kilometroko bidea dago lakuetaraino. Esan bezala, errepidea estua eta bihurgunez betea da, eta autobusak 30 bat minutu behar ditu goraino iristeko. Behin goiko aparkalekura iritsita, zure kontura doa bisita. Laku bat edo biak bisitatu daitezke. Aurreneko aparkalekutik oso gertu dago, baina bigarrenera joateko beste 2 kilometroko bidea egin behar da. Gure kasuan, eguraldiak aurrenekoa ikusteko baimena eman digu, baina bigarrena behelaino itxi batek estalita dauka erabat, eta ez dugu alferrik igo nahi izan.
Testuaren ironia puntua harrapatu baduzue, konturatuko zarete bisita ez zaigula horrenbeste gustatu. Egin beharreko horietako bat zela ikusten genuen aurrez, baina joan aurretik, pentsatu inguruan montatuta daukan zirko guztiak pena merezi ote duen.
Cabrales
Ez zegoen gure ezinbestekoen artean, baina bidaia honetan maitemindu egin gara Cabrales gaztarekin, eta egiten duten lekua ezagutzeko gogoa sartu zaigu. Arenas de Cabrales herrian, gazta mota hori ontzen duten kobazulo bat bisitatzeko aukera dago, eta ezin genuen galdu!!
Cabrales jatorri izendapena 1981. urtean sortu zen. Izen bereko eskualdean eta inguruko beste hiru herritan ekoitzitako gaztak bakarrik jasotzen dute. Hain zuzen ere, eskualdeak ematen dio izena, eta ez askok uste duten bezala, ahuntzak. Izan ere, gutxienez %95 behi esnearekin egindako gazta da; gainontzeko %5 hori, behi, ardi nahiz ahuntzarena izan daiteke, edo denen nahasketa bat. Gazta egiteko lehengaiek eta prozesuak adinako garrantzia du gazta ontzeko moduak. Jatorri izendapenaren arauak betetzeko, 3 eta 5 hilabete artean ondu behar dira, baldintza berezi batzuetan. Askok kobazulo naturalak erabiltzen dituzte horretarako, 12 eta 15 gradu arteko tenperatura eta %80-90 arteko hezetasuna mantenduz. Baldintza horietan sortzen da Cabralesari kolore eta zapore berezia ematen dion penicillium onddoa.
Kobako bisitak merezi du, bisita gidatuaz gain, bideo bat eta gazta dastaketa bat ere eskaintzen baitituzte. Helduen sarrerak 4,5 euro balio du, eta umeenak 3 euro. Museoaz gain, herrian zehar hainbat gaztandegi eta denda ere badaude, eta jatetxe guztietan, Cabrales gazta bera edo gazta horrekin egindako hainbat errezeta probatu daitezke. Guk bertako ‘tortu’ edo arto irinez egindako talo antzeko batzuekin eta sagardoarekin probatu dugu; ederra!!!
Gaztaz gain, Cabralesek mendirako aukera ugari eskaintzen ditu, Picos de Europa mendilerroaren magalean kokatuta baitago. Handik gertu daude Ruta del Cares ibilbide ezaguna edota Naranjo de Bulnes (bertakoentzat Picu Urriellu) mendia ere.
Cabralesen non lo egin
Arenas de Cabrales herritik atera gabe, gaua pasatzeko hainbat aukera daude. Herrigunean dagoen parking nagusian, eta haren ondoan udarako prestatu duten zelai batean, hainbat furgoneta eta autokarabana ikusi ditugu, eta bertan egin dugu lo. Herrigunetik pare bat kilometrora, Naranjo de Bulnes kanpina dago, kanpin txikia eta mendizale girokoa.
Eta horrela bukatu da Asturiasen barrena egun dugun 16 eguneko bidaia. Azken aldean autokarabanei eta furgonetei hainbat zailtasun jartzen ari badira ere, orokorrean ondo moldatu gara, debekuak debeku, AKgune eta baimendutako aparkaleku ugari aurkitu baititugu. Herri, leku eta paisaia zoragarriak ikusi ditugu, eta benetan ezagutzea merezi duen herrialdea da. Eta ea dekretazuaren aurkako borrokak laister emaitzak ematen dituen. Puxa Asturies!!!
Azken iruzkinak: