Enkarterri: burdina, historia eta natura

Euskal Herriaren mendebaldean, mendi eta haran berdeen artean, eskualde eder bezain ezezagun bat ezkutatzen da. Nekazaritza eta burdingintza uztartuz, eta kostatik eta komertzio bideetatik gertu egoteak, aberastasun handia eman zion Erdi Aroan, nahiz eta azken mendean, gainbehera joan eta garai bateko dizdira hori apur bat itzaldu den. Baina Enkarterrik mantentzen du bere xarma, oraindik ere.

Aitortu beharrean gaude, Bizkaiko mendebaldea ez genuen ezagutzen, Bilbotik haratako, Kantabriarako bidean bakarrik joanak baiginen orain arte. Horri erremedioa jarri behar genion nolabait, eta jai egun bat tarteko, hiru eguneko asteburu bat genuela aprobetxatuz, zonalde ezezagun bezain harrigarri hau ezagutzea erabaki dugu.

Bizkaiko hiribildurik zaharrena, handiena eta txikiena aurkituko ditugu bertan. Baita kobazulo eta paisaia harrigarriak ere. Besteak beste, Balmaseda, Karrantza harana, Lanestosa eta El Pobaleko burdinola ezagutuko ditugu.


Enkarterri

Baina has gaitezen jatorritik. Nondik dator Enkarterri izena_ Enkarterri izenaren jatorria ere, Bizkaiko jauntxoaren mendebaldeko lurrak izendatzeko erabiltzen zena. Historialarien arabera, Juan I. Gaztelako Erregeak hainbat karta eta pribilejio eman zizkion zonalde honi eta hortik letorke eskualdearen izena. Beste teoria bat era bada, ilunagoa, eta horren arabera, errebelde edo enkartatuen zonaldea zelako jaso zuen izendapen hori.

Dena dela, historia aberatseko lurraldea da, bere baso eta meategien ustiapenak, eta Errege Bidea bertatik pasatu izanak, jauntxo, komertziante, aberats, indiano, bidelapur eta kondaira ugari ekarri baitzituen berekin. Egun, Abanto-Zierbena, Alonsotegi, Artzentales, Balmaseda, Galdames, Gordexola, Gueñes, Karrantza, Lanestosa, Muskiz, Ortuella, Sopuerta, Turtzioz, Zalla eta Zierbenako udalerriek osatzen dute eskualdea.


Balmaseda

Balmaseda izan zen Bizkaia osoan hiribildu titulua jaso zuen lehendabiziko herria, 1.198. urtean. Kolitza mendiaren magalean eta Kadagua ibaiaren ondoan dago kokatuta. Herrigune ederra du, eta merezi du bertara bisita bat egiteak.

Herrigunearen kanpoaldean, errekaz bestalde dagoen aparkaleku batean utzi dugu furgoneta, eta Erdi Aroko zubia zeharkatuz sartu gara herrira. XIII. mendean eraiki zuten, eta herriaren sarrera nagusietako bat zen; bertatik pasatu nahi zutenek, zubian bertan kokatuta zegoen aduana pasa behar zuten.

Herrigunean eraikin historiko ugari aurki daitezke, baina horietako bik behintzat, merezi dute aparteko aipamen bat. Aurrenekoa San Severino eliza da, izen bereko plazan kokatua. Haren ondoan, Balmasedako udaletxea ere aurkituko dugu, XVIII. mendeko eraikina da, eta oso sarrera berezia du, arku eta zutoinez osatua.

San Juan del Moral edo eliza zaharrean berriz, Balmasedaren historia jasotzen duen museoa dago, eta Santa Clara komentuan, Balmasedako prozesio ezagunei eskainitako interpretazio zentroa. Herriaren kanpoaldean, txapelgintzari eskainitako La Encartada fabrika-museoa ere bisitatu daiteke.

Herriguneko kaleetan hainbat taberna eta jatetxe aurkituko ditugu, zerbait hartu edota bertako gastronomia probatzeko aukera ematen dutenak. Pintxo i Blanco izeneko ostatuan egin dugu geldialdia, izenak dioen bezala, ardo bat eta mokadutxo bat eginez. Atarian dagoen ontzi berezi batek eman digu atentzioa. Balmasedako plater berezi bat, Putxera izenekoa prestatzen ari dira bertan. Indabak prestatzen ari dira, baina modu berezian egiten dituzte, eltzea, barruan brasa duen ontzi edo putxera handiago batean sartzen baitute; su txikian eta denbora luzean prestatzen den platera da, eta brasak ukitu berezia ematen dio.

Balmasedan non lo egin

Balmasedak badu autokarabanentzako egokitutako area edo gune bat. Herriaren gainkaldean dago, Las Laceras auzunean, herrigunetik pixka bat aldenduta, baina toki lasaiean. Ordaintzeko sistema berezia du, aplikazio bat jaitxi behar baita, eta haren bidez ireki eta ixten da sarrerako langa.


Karrantza harana

Eta Bizkaiko herririk zaharrenetik, udalerririk handienera goaz. Herri bat baino gehiago, hainbat herrixkaz osatutako haran zabala da Karrantza. Haren zelai berdeek eta inguratzen duten mendiek izaera berezia ematen diote bailarari.

Guztira 47 auzo ditu, eta La Concha izenekoa da auzo nagusia, bertan baitago Karrantzako udaletxea, baita hainbat taberna eta jatetxe ere. Horietako batean, Casa Garras izenekoan bazkaldu dugu. Eguneko menua jateko aukera ematen du, baita jatetxean, modu dotoreagoan otordua egitekoa ere.

Pozalaguako koba

Handik bizpahiru kilometrora, Armañongo parke naturalaren sarreran, Pozalaguako koba dago. Inguruko kantera batean leherketa batzun egiten ari zirela aurkitu zuten, ezustean. Barruan, formazio bereziz betetako galeria bat aurkitu zuten. Izan ere, ohiko estalaktita, estalakmita, kolada eta bestelako egiturez gain, eszentrika bezala ezagutzen diren formazioak dira Pozalaguaren berezitasunetako bat. Grabitatearen indarrari ihes eginez bezala, norabide guztietan sortzen diren formazio bitxiak dira, alga edo koralen antzekoak.

Kobaren atarian, Armañongo parke naturaleko interpretazio gunea dago, eta baita begiraleku eder bat ere; bertatik, Karrantza haranaren ikuspegi bikaina aurki daiteke. Nahi izanez gero, bertako aparkalekuan gaua pasatzeko aukera ere badago.


Lanestosa

Behin Bizkaiko herririk zaharrena eta handiena ezagututa, goazen herririk txikiena ezagutzera. Mendi artean galduta eta Bizkaitik baino Kantabriako kostako herrietatik gertuago, Lanestosa herria aurkituko dugu. Ezer gutxi genekien hari buruz, baina benetan harritu egin gaitu, eta onerako. Haren harrizko kale eta etxeek denbora aspaldi gelditu izanaren sentsazioa ematen dute.

Lanestona XIII. mendean sortu zen, Gaztela eta Kantabriako kosta lotzen zituen Erregea Bidearen altzoan. Herriguneak, Erdi Aroko itxura mantendu du. Bertan, kantabriar estiloko etxeekin batera, ameriketan aberastutako indianoen etxe dotoreak ikus daitezke.

XVIII. mendeko harrizko zubiak zeharkatzen du Calera ibaia. Haren ondoan, XVI. mendeko San Pedro eliza eta Plaza Zaharra deritzona daude. Elizaren atzean, berriz, Plaza Berria dago, festa eta kultur ekitaldietarako egokitua.

Elizaren ondoan, beste bitxikeria bat aurkitu dugu: El Arca de Noé izeneko taberna-denda. Garai bateko herrietako denden itxura eta egitura mantendu du, eta denetarik aurkitu daiteke bertan, eguneroko jatekoetatik hasi eta etxe-tresnetaraino. Gainera, taberna ere bada, eta barra bat du eskina batean. Ikustea merezi duen tokia da.

Lanestosan non lo egin

Aipatzeko modukoa da Lanestosa bezalako herri txiki batek horren autokarabana gune dotorea izatea. Herrigunetik bi pausora dago, aparkaleku zabala du, eta baita beharrezko instalazio guztiak ere. Herria bisitatzeko aukera emateaz gain, turismo mota honentzat, herria mapan kokatzeko modu bat ere bada. Beste makina bat udalerrik badute zer ikasia.


Enkarterriko juntetxea

Enkarterria hamar eremu edo errepublikatan banatuta zegoen, eta bakoitzak bere batzarrak egiten bazituen ere, elkar hartu eta denen interesak defendatzeko beharra ikusi zutenean, batzar edo juntak egiten hasi ziren, XIV. mendean. Hasieran Sopuertako basoan (Abellaneda) elkartzen ziren; hala sortu zen Abellanedako Batzarra. Hasiera batean edozein herritarrek parte har zezakeen bilera haietan, Enkartauak, aitoren-seme do lurjabeak baitziren. Gerora, ordea, errepublika bakoitzak bere ahaldun edo ordezkariak izendatzen hasi zen. 1394. urtean, foru eta lege propioak osatu zituzten (Gernikako foruak baino 56 urte lehenago).

Batzar hura Enkarterriko gobernu nagusia bihurtu zen, eta kasik modu independentean funtzionatu zuen lau mendez, harik 1804. urtean, Gernikako juntetxean, Bizkaiko gainontzeko ordezkariekin batera elkartzen hasi ziren arte. Horrelako erakunde batek tamainako eraikina eskatzen zuen, eta bilerak egiten zituzten haritzaren ondoan, etxe bat eraiki zuten, baina urteen poderioz, konponketa eta berrikuntza asko behar izan zituen. XVI. mendean eraikin berria egin zuten, eta azken berrikuntzak XIX. eta XX. mendeetan zehar egin zaizkio.

Eraikin ikusgarria da, gaztelu itxura baitauka, bere dorre eta harrizkko murruekin. Haren magalean, Enkarterriko Museoa dago, juntetxearen eta Enkarterrien historiari buruz gehiago jakiteko leku aproposa.


El Pobal burdinola

Handik gertu, Muskizeko lurretan baina herrira iritsi aurretik, El Pobal burdinola aurkituko dugu. Enkarterriak eta Bizkaiko Meatzaldeak lotura estua izan dute burdingintzarekin, eta horren erakusgarri da XVI. mendeko burdinola hau.

Barbadun errekako urak ubide eta presa txikien bidez kanalizatuta, uraren indarra erabiliz martxan jartzen dira bai errota eta baita burdinolako hauspo eta mailuak ere. Bisitentzako martxan jartzen dute ola, eta merezi du metala berotu eta lantzeko garai bateko prozesua zuzenean ikusi ahal izateak.

Lekuak berak ere xarma berezia du, bai barrutik eta baita kanpoaldetik ere. Bitxikeria moduan esan, Errementari filmeko hainbat eskena bertan grabatu zituztela. Muskizen bertan, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa ere bisitatu daiteke.


Zalla

Asteburu pasa ederra eginda, etxera itzultzeko garaia iritsi zaigu, baina bidean, azken geldialdi bat egin nahi izan dugu, Zalla herriari bisita azkar bat egiteko. Karrantzako hiriburu historikoa balmaseda bada ere, Zalla da eskualdean biztanle gehien biltzen dituen herria, 8 mila biztanle pasatxorekin.

Kadagua ibaiak eta trenbideak zeharkatzen dute herria. Alde batean, San Migel eliza eta Euskadi plaza ikusiko ditugu. Handik gertu, udaletxea aurkituko dugu, lorategi zabalez inguratutako palazio batean kokatua.

Errekaz bestalde berriz, herriko kiroldegia eta igerilekua daude, baita hainbat supermerkatu eta saltoki handi ere. Lanzagorta auzunean, autokarabanentzako gune txiki bat dago, urak husteko gunearekin eta lau aparkalekurekin.

Enkarterrik oso eremu zabala hartzen du, eta hainbat herri eta leku gelditu zaizkigu ikusteko, baino ziur izan itzuliko garela!!

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude